Krisi ekosozialari begira (IV). Energia berriztagarriak.

Berriztagarriak: non eta nola?

Gizarteak eta erakundeek geroz eta argiago adierazten dute: etorkizuna berriztagarria izango da. Trantsizio hori modu jasangarri eta bidezkoan egitea da erronka handienetariko bat.

Tirapu eta Erreniegako parke eolikoak. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU.
jone arruabarrena
2022ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Energia krisiaren kontzeptua jada ohiko bihurtu da politikan, hedabideetan eta kaleko eztabaidetan. Jada gutxi dira krisi hori zalantzan jartzen dutenak, eta, erregai fosilen bideak laburra dirudienez gero, beste alternatiba batzuk bilatzeko lasterketa betean dabiltza gobernuak eta enpresak. Energia berriztagarrietan jarria dute itxaropena askok.

«Energia berriztagarriak bai, baina non eta nola». Hori da gakoa, Aitor Urresti EHUko irakasle eta energia adituaren ustez. Azaldu duenez, bi posizio argi daude eztabaida horren barruan: «Alde batetik, eredu demokratikoa, bidezkoa eta parte hartzailea nahi dutenak, eta, beste aldetik, aurretik geneukan ekosistema energetikoari eustearen aldekoak; hau da, enpresa gutxi batzuen eskuetan egotea elektrizitatea sortzeko sistema osoa, eta haiek guztia kontrolatzea». Urrestik lehenaren alde egiten du. Egokienak «sistema txikiak» dira, haren ustez; tamaina txikiko aerosorgailu gutxi, herrien barruan sartu daitezkeen errota mikroeolikoak, baita tamaina txikiko eguzki plakak ere, esaterako: «Tamaina txikikoak jartzen ditugunean, askoz errazago integratuko dira lurraldean; inpaktua askoz txikiagoa izango da. Horrez gain, inbertsioa ere askoz txikiagoa da, eta herritarrok ere inbertsio horretan parte hartzeko aukera izango dugu».

Hala ere, erabaki horiek herritarren eskuetan egoteari eman dio garrantzia: «Herritarren artean erabakitzen badute 200 metroko aerosorgailu batzuk jartzea, haien erabakia da, demokratikoki hartutakoa. Enpresa bat etorri eta berak erabakitzen badu horrelako hamar errota jartzea, ordea, parte hartzerako leku gutxi geratzen da». Horrez gain, gisa horretako enpresen proiektuei beste ikuspegi batetik ere kritika egin die Rebeka Gonzalez de Alaiza Arabako Mendiak Aske plataformako kideak: «Trantsizio energetiko deitzen dugun hori enpresa transnazionalen inbertsioak beste toki batean egitea besterik ez da; negozioa zabaltzeko esparru berrien bila dabiltza». Gehitu du hori «betiko logika kapitalistaren barruan» egiten dutela, «muga biofisikoak» kontuan izan gabe, eta «etengabeko hazkundearen mitoari» jarraituta.

Hala ere, nola errespetatu muga horiek, gaur egungo energia eskariari erantzutearekin batera? «Energia berriztagarriak sortzeko azpiegiturak aldez aurretik nolabaiteko interbentzio bat egon den lekuetan jartzea lehenetsi behar dugu», dio Urrestik. Adibide batzuk jartzearren, eraikinen teilatuetan, meatzeetan, aparkalekuetan edo merkataritza zentroetan jar daitezke. Hala ere, Urrestik berak eta beste zenbait ikerlarik egindako azterlanek diote leku horietan jartzea ez dela nahikoa: «Kontsumoa txikitzen ez badugu, ez da bideragarria». Eta, hala eginda ere, eskari energetikoa ez litzateke aseko, irakaslearen arabera.

Ikusi gehiago: Sistemaren kontraesanak, ageriago

«Sinetsarazi nahi digute erregai fosilak energia berriztagarriekin ordezkatuta konponduko dugula arazoa, baina badakigu hori ez dela posible. Energia eolikoa, esaterako, ez da etengabea: dentsitate txikikoa da, eta ezin da eskala handian biltegiratu», dio Gonzalez de Alaizak. Hori ikusita, kontsumoa moldatzea ezinbestekotzat jo du berak ere. «Posible da orain daukagun bizitza erritmoan jarraitzea? Guk uste dugu lehenik aztertu behar dugula zeintzuk diren benetan dauzkagun oinarrizko beharrak, eta horiek asetzeko antolatu, baina beti desazkundearen baitan».

Urrestik, horrekin batera, kontsumo eredua ere aldatzeko deia egin du: «Gure kontsumo batzuk energiaren eskuragarritasunaren arabera molda ditzakegu. Plaka fotovoltaiko batzuk badauzkat etxean, begiratu dezaket zer ordutan egongo den eguzki gehien, eta garbigailua ordu horretarako programatu, esaterako». Bestalde, energia biltegiratzeko teknologiak ere landu behar direla uste du: «Hori da estrategia garrantzitsuena».

Plangintza, beharrezkoa

«Behar diren gainontzeko instalazioak non jarriko ditugun, hor dago eztabaida», dio ikerlariak. «Nire ametsa da energia berriztagarrien inguruko erabakiak herritarren eskuetan egotea, baina, gaur egun, horren gaineko eskumen batzuk daude, eta oso banatuta, gainera». Gauzak horrela, gaineratu du garrantzitsua dela azpiegitura horien gaineko erregulazio bat zehaztea. «EAEn hasi ziren plangintza hori egiten, baina, dakigunez, oraindik geldirik dago. Plan hori egitea, horretarako konpetentziak dauzkazunean, ez da soilik erabaki politiko bat; ardura politiko bat da. Baina, horretarako eskumena daukazunean plan hori ez egitea, hori bai, erabaki politiko bat da», dio. Gaineratu duenez, ordenantza hori egiten ez den bitartean, «barra librea» daukate enpresek «edozein lekutan» gisa horretako azpiegiturak eraikitzeko.

Gonzalez de Alaizak, ordea, azaldu du zenbait talde ekologistak lortu zutela duela hamalau urte egiten hasi zen plangintza hori geldiaraztea, plan horren inpaktu natural, kultural eta soziala «izugarria» zelako. Horren ordez, Jaurlaritzari eskatu zioten espazio naturalak «errespetatu eta babestuko zituen ordenantza bat» sortzeko, baina bere horretan geratu zen proiektua. «Orain, bide orri hori ez dagoenez, administrazioek Lurzoruaren Legea baliatzen dute transnazionalei atea zabaltzeko, ingurumen berme guztiei muzin eginez». Izan ere, azpiegitura horiek naturan daukaten eragina nabarmen gutxitu daiteke, ereduaren arabera. Urresti: «Haize errota gutxiago jarrita, adibidez, guneak geratzen dira hegaztiak pasatu daitezen. Eta, fotovoltaikoei dagokienez ere, ez da gauza bera nekazaritzaren edo abeltzaintzaren osagarri gisa ezartzea, esaterako. Txikiak direnean, bioaniztasunak ez dauka horrenbesteko kalterik».

Statkraft enpresak Azpeitian eta Aramaion egitea proposatu dituen proiektuez ere aritu dira bi elkarrizketatuak. Urrestiren iritziz, hasieran «musika polita» zeukan proposamenak, baina, informazioa eman ahala, geroz eta zalantza gehiago sortzen dizkio. «Gardentasuna bai, erakutsi dute, baina parte hartzearen puntua, esaterako, nik ez dut inon ikusten. Jada esan dute zenbat haize errota izango diren, zer tamainakoak eta non. Beraz, ez dago leku askorik proposamena aldatzeko, edo herritarrek beren ekarpena egiteko». Arabako Mendiak Aske plataformakoek ere ohartarazi dute prozesua ez dela demokratikoa izan, herritarrek ez dutelako negoziazioetan parte hartzeko aukerarik izan.

Ikusi gehiago:Maria Jose Sanz: «Zientziak ez du emango konponbidea, baizik eta konponbidearen parte batzuk»

Bestalde, energia hori sozializatzeko asmoa duela ere esan du enpresak, baina hori ere «ikusteko» dagoela dio Urrestik: «Eskua altxatzen lehenak industria batzuk izan ziren. Orduan, herritarrentzat izango da sortzen den energiaren gehiengoa, edo soilik %10?».

Legeari dagokionez ere, kritikatu du «desjabetzeak» egiteko aukera ere ematen duela. «Hau da, erakunde publikoak herritar pribatu batzuen baliabideak desjabetzea, enpresa pribatu baten onura ekonomikorako. Uste dut erakundeek enpresa hori derrigortu beharko luketela gutxienez alokairu kontratu bat egitera edo landa horiek bidezko prezio batean erostera». Gonzalez de Alaiza ere bat dator: «Landa eremuko pertsonak eta espazioak sakrifikatzen dira, guztion onurarako izango den aitzakiarekin. Baina ez gara ohartzen zeinen beharrezkoak diren landa eremu horiek guztiontzat».

Materiala: nondik eta nora?

Azpiegitura horiek sortzeko erabiltzen diren materialek ere kezka piztu dute azkenaldian. Energia berriztagarrien lehen olatuak 2005. urtearen inguruan jo zuen goia, eta, beraz, azpiegitura gehienen iraupena amaitzen hasia da gaur egun. «Horiek egin zirenean, inork ez zeukan buruan zer egingo zen material horiekin erabilera agortzen zitzaienean», dio Urrestik. Azaldu du haize erroten zutoina, esaterako, erraza dela berrerabiltzeko, altzairuzkoa baita; baina helizeei dagokienez, berriz, material konplexuekin eginda daudenez, zailagoa da, haren esanetan.

Jada balio ez duten azpiegituretan ez ezik, berriak sortzeko materialetan ere hasi dira oztopoak agertzen. «Geroz eta esku gutxiagotan daude, eta horiek lantzeko teknologia Txinak dauka bereziki», esan du Urrestik. Horrez gain, material horiek erauzteak ingurumenean inpaktu «handia» sortzen duela azaldu du, eta horiek eskuratzeko lanetan ere «baldintza kezkagarriak» egon ohi direla.

Beraz,hori ikusita, zer pauso eman behar dira Euskal Herrian bidezko trantsizio energetiko bat hasteko? «Ez daukagu batere argi, baina badauzkagu intuizio batzuk», dio Urrestik. Azaldu duenez, gure energia kontsumoa eredu ekonomikoaren isla da, eta baita eredu kulturalarena ere. Azken hori lantzeko, «prozesu zabalak eta parte hartzaileak» martxan jartzea proposatu du. «Autokontsumo energetikoa, komunitate energetikoen bultzada... baina ez gaur egun egiten ari den bezala. Ez dadila soilik izan landa batean plaka batzuk jarri eta horien energia guztion artean banatzea. Komunitate horiek baliagarriak izan daitezke denon kontsumoa nola murriztu aztertzeko, garraio jasangarria bultzatzeko, eraginkortasun energetikoa sustatzeko...».

Ikusi gehiago: Gazteak: berdera bidean giltzarri

Gonzalez de Alaizak «naturaguneen babesa» ere gehitu dio Urrestiren proposamenari. «Eremu horiek bultzatu behar ditugu krisi ekosozialari aurre egiteko. Ezin ditugu espazio komunak pribatizatu; klase xeheari bere jabetza erauztea da hori. Sistema ekonomiko honi aurre egin behar diogu». Era berean, «gobernantza lokalak» aldarrikatu ditu: «Oso larria da desjabetze horiek gertatzea, eta aldaketa horiek pairatzen dituzten pertsonengandik urrun hartzea erabakiak, modu zentralizatu batean».

Bihar: Yayo Herreroren elkarrizketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.