Koronabirusa. Hezkuntza

Itzulerako osasun neurriak langileekin negoziatzeko exijitu dute sindikatuek

Hezkuntza Sailaren «aldebakarreko» erabakia salatu dute. Ikastetxeak errefortzurako eta selektibitatea prestatzeko ireki dira, haien arabera

ELA, LAB, UGT, CCOO eta Steilas sindikatuek protesta antolatu zuten atzoko, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
<i>Gasteiz</i>
2020ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Sindikatuetako ordezkari ugari batu da Eusko Jaurlaritzako Lakuako egoitza nagusiaren aurrean, Gasteizen. COVID-19aren garaiotan, hezkuntzaren kudeaketa dute protestarako gai. Bertaratu diren gehienek maskarak dituzte jantziak, eta bada eskularruak dituenik ere. Segurtasun distantzia mantentzen ari dira elkarren artean, eta, bien bitartean, orain arteko jardunari buruz hitz egiten dabiltza zenbaitzuk; ea telelana zer moduz, ea zer gertatuko den azterketekin, eta abar. Egiari zor, arduratuta daudela dirudi, elkarrizketetako bakoitzean kezka ugari plazaratzen baitituzte. Goizeko hamaika eta erdietan isiltasuna nagusitu da, eta bide eman diote elkarretaratze isilari.

ELA, LAB, UGT, CCOO eta Steilas sindikatuek egindako mobilizazioan salatu dute Hezkuntza Sailak eskolara itzultzeari dagokionez «aldebakarreko eta presazko erabakiak» hartu dituela. Hori ikusirik, itzulerako «plangintzak, baldintzak, segurtasun eta osasun neurriak eta protokoloak» langileen ordezkariekin negoziatzeko exijitu diote; baita iraileko ikasturte hasierari begira ere. Izan ere, DBH4, Lanbide Heziketa eta Batxilergoko bigarren mailako ikasleentzat ikastetxeak ireki zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Halere, sindikatuek emandako datuen arabera, ateak irekitzea erabaki zuten eskolak «oso gutxi» dira. Gainera, Jaurlaritzak jakinarazi zuenez, haietako bakoitzak autonomia dauka itzulera erabaki ahal izateko.

Protestan ari direnek orri beteko kartelak dituzte eskuetan, eta aldarriak daude haietako bakoitzean. Pankarta nagusiak dakar leloa: «Itzulera segurua negoziatu». Irati Tobar LABeko ordezkaria bertan da. Bost sindikatuen izenean hartu du hitza komunikabideen aurrean, eta, azaldu duenez, ia ikastetxe gehienek bat egin dute sindikatuek ikasturte amaierarako helarazitako proposamenekin, eta, soilik, errefortzurako edo selektibitatea prestatzeko ireki dituzte eskolak lehen egunean. «Zorionak eman nahi dizkiogu hezkuntza komunitateari, egin dugun presioaren ondorioz lortu baitugu itzulera soilik bi kasu horietan egitea, eta segurtasun bermeak egonda», gaineratu du.

Hezkuntza Sailari erantzukizuna bere gain hartzeko eskatzen dion mezua idatzita duten orriak dituzte langileetako batzuek eskuetan, eta Tobar ere antzera mintzatu da. Haren arabera, sindikatuek eta hezkuntza komunitatearen «gaitzespenak eta presioak» eragina izan du sailaren erabakien aldaketan, baina adierazi du oraindik ere «larria eta arduragabea» dela hark duen jarrera. «Ikastetxe bakoitzaren autonomia aitzakiatzat hartuz, ikastetxe bakoitzaren esku utzi nahi izan du itzuleraren nondik norakoa erabakitzeko ardura eta pisua». Esate baterako, nabarmendu du ikastetxe batzuek ez dutela jaso beraiek egindako itzulera planaren erantzunik, eta ez dakitela oniritzia duten ala ez.

Jarraipena eta mobilizazioa

Konfinamenduaz geroztik, lehen eguna dute ikastetxe batzuek ateak irekita, eta, ordutik, asko aldatu da irakasteko eta ikasteko era. Orain, lehen baino neurri gehiago hartu behar dira, eta, hori oinarri izanda, bada beste mezu bat ere protestan ari diren pertsonen artean: «Osasuna eta segurtasuna bermatu». Tobarrek jakinarazi duenez, sindikatuen arteko jarraipen batzorde bat antolatu dute, eta ikastetxez ikastetxe osasun bermeak dauden ziurtatzea da helburua. «Batzordean eskoletako egoera kasuz kasu jarraituko dugu, eta langileekin ere harremanetan egongo gara jarraipena egin ahal izateko». Areago, azaldu du zuzendaritzetara ere galdetegi bat bidali zutela, segurtasun eta osasun baldintzak betetzen ote ziren ikusteko.

Jarraipen batzordeak osasun bermeetan hutsuneren bat identifikatuz gero, ez dute mobilizatzeko aukera baztertzen. LABeko ordezkariak ohartarazi duenez, osasuna bermatzen ez den eskoletan hainbat mobilizazio eta ekintza egingo dituzte osasuna bermatu arte, eta, horretarako, «beharrezkoak diren tresnak» jarriko dituzte mahai gainean. Halere, ez du aurreratu zer egiteko asmoa duten: «Kasuistika guztiak aztertu behar dira batzordean, eta ondoren egingo dira mobilizazioak guztion adostasunarekin». Azken hitz horiekin eman dio amaiera Tobarrek hitzartzeari, eta minutu gutxira amaitu da protesta. Txalo zaparradak puskatu du isiltasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.