Ahal Dugu-k talde propioa izatea onetsi du Nafarroako Parlamentuko Mahaiak

Hiru parlamentari behar dira taldea izateko, baina alderdiak bi lortu zituen. Bozeramaileen Batzordea biktimen eskubideen alde agertu da

jon olano
2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Nafarroako Parlamentuko Mahaia eta Bozeramaileen Batzordea atzo goizean batzartu ziren, eta Mahaiak aztergai izan zituen gaietako bat izan zen Ahal Dugu-k talde parlamentario propioa izateko aukera. Legebiltzarraren araudiaren arabera, talde bat osatu ahal izateko beharrezkoa da gutxienez hiru parlamentarik osatzea, baina maiatzaren 26ko hauteskundeetan bi lortu zituen Ahal Dugu-k. Hala ere, mahaiak ontzat jo du alderdiak talde propioa izatea; hori horrela, Ezkerra bakarrik geratuko da talde mistoan.

Erabaki hori hartzeko, Parlamentuko Mahaiak aintzat hartu du parlamentuko juristek landutako txosten bat, aukera horri oniritzia ematen diona. PSNk, Geroa Baik eta EH Bilduk eman dute Ahal Dugu-k talde propioa osatzearen aldeko botoa, etaNavarra Suma kontra agertu da. Mikel Buil Ahal Dugu-ko bozeramailea pozik agertu zen erabakiarekin, uste baitu talde bat izatea «oinarrizkoa» dela «ordezkaritza lana ongi egiteko». PSNko bozeramaile Ramon Alzorriz, berriz, «talde txikiak ikusaraztearen alde» azaldu zen, eta «aniztasuna bermatzearen alde» egin zuen EH Bilduk, Bakartxo Ruiz bozeramailearen esanetan, koalizioak «zalantzak» bazituen ere.

Javier Esparza Navarra Sumako bozeramaileak, aldiz, uste du sektore politiko hori «gainordezkatuta» dagoela, Ahal Dugu eta Ezkerra elkarrekin aurkeztu zirelako hauteskundeetara zenbait lekutan: «2007an bi talde osatzea onartu zen, bi indar politikoak antagonikoak zirelako [CDN eta IUN]. Orain ez dago antagonismo hori, eta gehiegizkoa iruditzen zaigu».

«Biktima guztiei» aitortza

Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bat onartu zuen, Nafarroako Parlamentuak «pertsona guztien giza eskubideen alde eginiko lana» goraipatzeko eta arbuioa adierazteko «ETA zuritu» izanaz PPk eta Voxek eginiko akusazioei. Geroa Baik aurkeztu zuen adierazpena, eta Navarra Sumak ez beste guztiek babestu zuten. Era berean, Bozeramaileen Batzordeak «berretsi» egin zuen «indarkeriaren biktima guztientzat egia, justizia eta erreparazioa bilatzeko behar etiko eta politikoa, bere ideologia eta testuingurua edozein dela ere». Ildo horretan, «elkarrizketa» jo zuen «desadostasun politikoak konpontzeko» tresna gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.