Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Biharamuna

PPren euskal alderdikide batzuek Casadoren ildoa kritikatu dute

Pablo Casado, atzo. CARLOS PEREZ / EFE.
gotzon hermosilla
2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Igandeko porrotaren ostean, urak nahasita datoz PPn. Batzorde Eragileak bilera egin du Madrilen, eta handik ateratakoan, Pablo Casado presidenteak esan du ez duela dimisiorik emango, eta hasi da alderdiak aurrerantzean izango duen diskurtso berriaren lehen zantzuak ematen: PP «zentro ideologikoan» dagoela esan du, eta aurreneko aldiz adierazi du Vox «ultraeskuina» dela, eta Ciudadanos «sozialdemokratatzat» eta «transfugen»alderditzat jo du.

Lehen zantzua da hori, baina izan du kritikarik handik kanpora. Horietako batzuk EAEko PPtik iritsi zaizkio. Juan Carlos Cano Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko PPren hautagaia izan da ahoan legarrik gabe mintzatu direnetako bat. Esan du PP «eskuin muturrarekin lehiatu» egin dela, lehia horretan zentro politikoa «umezurtz» utzi duela, eta erabaki horiek «okerrak» izan direla.

«Gipuzkoarako erabakiak Madrilen hartzen direnean, emaitzak horrelakoak izaten dira», esan du, eta kritikatu du Espainiako PPk erabaki izana nor izango zen Gipuzkoako zerrendaburua.

Bilboko PPren zinegotzi Luis Egiluzek ere kritikatu du alderdiaren orain arteko ildoa. PPren buruzagi Amaya Fernandezen adierazpen batzuei erantzun die: Fernandezek esan zuen PPren emaitzak ez direla «gainbehera» izan. «Gainbehera ez, nik erabateko hondamendia deituko nioke», erantzun dio Egiluzek.

«Vox imitatzen saiatzen bazara, jendeak jatorrizkoa nahiago izango du beti», esan du, eta ardurak hartzeko eskatu du: «Enpresa batean helburu bat finkatu eta emaitza negargarria bada, norbaitek ordaindu behar du; helburuak ezarri dituenak, edo estrategia oker aplikatu duenak».

Maroto, ordezkatuta

Javier Maroto PPren Antolakuntza idazkariordea ez da egongo alderdiaren hauteskunde estrategia definituko duen batzordean, aurreko kanpainaren arduradun nagusietako bat izan zen arren. Maroto Arabako zerrendaburua zen Kongresurako, eta ez da hautatua izan.

PPk diskurtsoa aldatu du, eta berriro zentroan kokatzen saiatuko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.