Upelaren jiran

Sagardotegi garaia aurkeztu dute, eta aurten berritasuna da ohikoa izaten zena: txotxetik, zutik eta upeltegian dastatuko dela 2023ko sagardoa. Beste berritasuna: botila sagardoak %25eko igoera izango duela, «egoerak hala behartuta».

Sagardoaren sektoreko hainbat kide, atzo, Donostiako Tabakalerako terrazan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2023ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun

Eez da batere ohikoa txotx garaia aurkeztea eta berritasuna izatea «txotxetik eta upeltegian» dastatu ahal izango dela sagardo berria. Sagardoaren sektoreak aurkeztu du 2023ko sagardotegi garaia, eta horixe da albistea: txotxetik, zutik eta upeltegian edan ahal izango dela sagardoa, bi urteren ostean. Horregatik aukeratu dute leloa: Txotx denboraldia. Bertako plazera. Eta Kukai dantza taldekoak ageri dira aurkezpeneko bideoan. Sagarra hartu dute ardatz eta haren gorriaz jantzi dira. Fruituak egindako ibilbidea irudikatu dute gorputzez eta dantzaz, likido bihurtu den arte. «Haren bihotza taupadaka eta bizirik dagoen seinale», Olatz Mitxelena Euskal Sagardoa jatorri izeneko teknikariak azaldu duenez.

Ikusi gehiago: «Botilaren prezioa igotzea bide horretan doa: sortu zaizkigun gastuei aurre egiteko bai, baina sagardoari ospea emateko ere bai»

Donostiako Tabakaleran aurkeztu dute txotx garaia. Euskal Sagardoa jatorri izeneko ordezkariak ez ezik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sagardogileen elkarteen eta sagar ekoizleen elkarteen ordezkariak ere izan dira, baita Eusko Jaurlaritzako eta aldundietako ordezkariak ere. Jakinarazi dutenez, Euskal Sagardoa jatorri izenaren barruan, 1,2 milioi litro egin dituzte, 2022an bildutako bi milioi kilo sagarrekin —Euskal Sagardoa jatorri izenaren barruan, 48 dira sagardotegiak: Gipuzkoan daude 42, Bizkaian lau eta Araban bi—. Aurreko urteko uzta baino txikiagoa izan da. Hala izatea espero zuten, baina udan egindako eguraldi lehorrak are txikiagoa bihurtu du uzta.

Graduazio handiagoa

Eta nolakoa izango den aurtengo sagardoa? Mitxelenak definitu du: «Izaera handikoa, bai tanino aldetik eta bai azukre aldetik, eta alkohol graduazio handixeagoa izango dute iaz baino. Luzera jota, bilakaera oso handia izango duten sagardoak dira orokorrean». Beroaren eta lehortearen eraginez, sagar asko erori egin ziren iaz, eta azaldu dute horrek sagarra heltzeko moduan ere eragina izan duela. Euskal Sagardoa jatorri izeneko sagar ekoizleak 250 dira, eta 500 hektarea lantzen dituzte euren ekoizpenerako.

Ikusi gehiago: «Jendeak bazuen gogoa txotxerako, sagardotegiaren xarma hori baita: upeltegira altxatu, jendearekin nahastu, giro onean egon...»

Olatz Mitxelena eta Amaia Zubeldia teknikariek, eta Oihana Gainzerain Euskal Sagardoa jatorri izeneko presidenteak gidatu dute agerraldia. Iragarri duten bestea izan da botila sagardoak aurten %25eko batez besteko igoera izango duela. Eta azalpena «sinplea» da, Mitxelenak jakinarazi duenez: «Egoerak eragindako zuzeneko kostuen igoera dela-eta hartutako erabakia da. Inflazioak eragindako igoerak eragin zuzena du sagardoaren kostuetan ere: beiraren, kartoiaren, energiaren eta erregaiaren igoerak eragindakoa». Sektore gehienetan gertatu den moduan, prezioak «eguneratu» beharra dauzkala sagardoaren sektoreak ere, egungo egoerari aurre egin ahal izateko: «Lehendik ere errentagarritasun gutxikoa izaki, gaur egungo egoerara moldatzen joateko».

Ikusi gehiago: «Bi urte egin ditugu musukoa dela eta ez dela... itxita askotan. Hiru langile beharrean, irteera nabarmenak, eta sarrerarik ez»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.