Eskolek zaurgarriei lekuen ehuneko bat utzi beharko diete 2023an hasita

Eusko Jaurlaritzak ikasleak onartzeko eta eskolatzeko dekretu berria aurkeztu du. Ume goiztiar batzuek aukera izango dute adinez dagokiena baino maila bat beherago matrikulatzeko

Begoña Pedrosa, Jokin Bildarratz eta Eugenio Jimenez dekretu berria aurkezten, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Zurrumurrua zena baieztatu du Eusko Jaurlaritzak: diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek ikasle zaurgarrientzat derrigorrez gorde beharko dute lekuen ehuneko bat. Asteazkeneko gobernu kontseiluan onartu zuten ikasleak onartzeko eta eskolatzeko dekretu berria, eta han jaso dituzte matrikulazioan egongo diren berrikuntzak. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariak atzo xehatu zuten dekretu berri hori, Donostian egin zuten prentsaurreko batean. Gaur egungo egoera aldatzeko baliagarria izango dela ziurtatu zuen Bildarratzek: «Guretzat oso garrantzitsua da dekretu berri hau; ezinbesteko tresna dugu gure ikastetxeek etorkizunean ikasle zaurgarriak modu orekatuagoan eskolatu ditzaten». Halaber, ziurtatu zuen bat egiten duela Eusko Jaurlaritza ontzen ari den Hezkuntza Legearekin eta apirilean Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek izenpetu zuten hezkuntza akordioarekin.

Dekretu berria 2023-2024ko onarpen prozesuan jarriko da indarrean, Haur Hezkuntzatik hasita. Hau da, hurrengo matrikulazioan HH2 Haur Hezkuntzako bigarren mailan —eta HH2 ez daukaten ikastetxeetan HH3n— matrikulatzen diren ikasleak modu orekatuagoan banatu beharko dituzte, lekuen erreserba sistemaren bidez. Ordea, neurriak ez du atzerako eraginik izango, eta jada hezkuntza sisteman matrikulatuta dauden haurrek ez dute ikastetxez aldatu beharko. Hauek dira dekretuaren berrikuntza nagusiak:

SEGREGAZIOA

Funts publikoak jasotzen dituzten eskola denen artean ikasle zaurgarriak modu orekatuan banatzea eta arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelakoengatik ez segregatzea. Horiexek izango dira dekretuaren helburu nagusia. Horretarako, ikastetxe publiko eta itunpeko guztiek leku kopuru jakin bat Hezkuntza Sailak ezarritakoa gorde beharko du zaurgarritasunen bat duten ikasleentzat. Baina nola zehaztuko dute ikastetxe bakoitzak zenbatleku gorde beharko dituen? Eusko Jaurlaritzaren ISEI Irakats-Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko Erakundeak sortuko duen zaurgarritasun indizearen arabera. Bartzelonako Unibertsitate autonomoarekin lanean ari dira horretarako, horiek Kataluniako eskola segregazioaren aurkako itunean duten esperientziaren laguntzaz. Eragin eremu bakoitzean zenbateko zaurgarritasuna dagoen neurtuko dute, Haur Hezkuntzako bigarren mailan matrikulatuko diren ikasleen gurasoei pasatuko dieten galdetegi baten bidez. Inkesta horretan, haien gizarte eta hezkuntza egoera aztertuko dute, eta zaurgarritasunik ba ote duten ikusi.

Adibide bat ematearren, eragin eremu batean ehun haur matrikulatu badituzte HH2n eta horietako hogei jo badituzte zaurgarritzat, eragin eremu horretako zaurgarritasun indizea %20 izango da. Beraz, eremu horretan dauden ikastetxe guztiek zaurgarritasun maila horretara hurbildu beharko dute. Aurretik ikastetxeetan dagoen zaurgarritasun maila ere kontuan hartuko dute, ordea. Alegia, datorren ikasturtetik aurrera ez dute ikasle zaurgarri kopuru bera jaso beharko jada ikasle zaurgarriak dituztenek edo gaur-gaurkoz gutxi dauzkatenek. Demagun zaurgarritasun indizea %20 den eragin eremu batean hiru ikastetxe daudela. Horietako batek %36ko zaurgarritasun indizea du, beste batek %8koa, eta hirugarrenak %14koa. Hiru ikastetxeek %20ra hurbildu beharko dute. Urtero gehienez hamar puntu aldatzea eskatuko zaienez, hirugarren ikastetxeak urtebetean lortu beharko du eskatutako maila, eta gainerako biek, bi ikasturtetan. Horretarako, ikasle zaurgarrientzako leku gehiago edo gutxiago gorde beharko dituzte.

Baina zein izango dira ikasle zaurgarriak? Hori ere zehaztu dute dekretuan. Hezkuntza laguntzako premia bereziren bat dutenak izango dira. Esan dutenez, egoera hauek hartuko dituzte aintzat: heldutasun atzerapenen bat izatea, hizkuntzaren eta komunikazioarengarapenaren nahasmenduren bat izatea, arretaren edo ikaskuntzaren nahasmenduren bat izatea, ikaskuntza hizkuntza ondo ez jakitea, gizarte eta hezkuntza aldetik egoera hauskorrean egotea, gaitasun intelektual handia izatea, hezkuntza sisteman berandu sartu izana, egoera pertsonal jakin batzuk izatea, edo eskola historiako egoerajakin batzuk izatea. Gainera, kontuan hartuko dituzte ordurako medikuen diagnostikoa daukaten haurren kasuak ere.

LEKUEN MUGA

Lekuen erreserba ez da izango segregazioaren aurkako neurri bakarra. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez, ikastetxe publikoetako eta itunpekoetako eskola lekuen eskaintza «benetako eskolatze beharretara» egokituko dute, 2023-2024ko ikasturteko onarpen aginduaren bidez —dekretuaren ostean argitaratuko dute—. Hezkuntza Sailak zehaztuko du eskola lekuen kopurua.

ALDAKETAK PUNTUETAN

Ikasleek bizitokitik gertuagoko ikastetxeetan izena emate aldera, matrikula garaian eskoletan lehentasuna edukitzeko puntuazioak ere aldatuko dituzte. Hain zuzen ere, aukeratzen duten ikastetxea —publikoa edo itunpekoa— bizilekutik gertuen dutena bada, zazpi puntu eskuratuko dituzte; eragin eremuko beste ikastetxe bat aukeratzen badute —baina ez bizilekutik hurbilen daukatena— berriz, bost puntu. Orain arte, sei puntu eman izan dituzte bizilekua eragin eremuan egoteagatik.

Gainera, puntu erdia emango diete arrazoi hauetakoren batengatik bizitokiz aldatu behar izan duten ikasleei: azken urteetan familiako kideren bat «desgaitu» izateagatik, indarkeria matxistagatik, «terrorismo ekintzengatik» eta «nahitaez» bizitokiz aldatu behar izateagatik.

Orain arte bezala, 6,5 puntu eskuratuko dituzte lehendik anai-arrebaren bat zentroan edukitzeagatik. Gaur egun, horixe da puntu gehien ematen duen aldagaia.

HAUR GOIZTIARRAK

Segregazioa eragozteko neurriak nagusi izanik ere, beste aldaketa bat ere txertatu du Eusko Jaurlaritzak dekretuan. Hain zuzen ere, muturreko goiztiartasuna —haurdunaldiko 28. astea baino lehen jaiotakoak— eta goiztiartasun handia —32. astea baino lehen jaiotakoak— duten haurrek, urteko azken lau hilabeteetan jaio badira eta HHko ikasturteren batean lehen aldiz matrikulatzekoak badira, aukera izango dute adinez dagokiena baino maila bat beherago izena emateko. Ohar bidez eman dute aukera zabaltzearen arrazoia: «Goiztiartasun horrek eragina izan dezake heldutasun eta ikaskuntza prozesuan, batez ere jaiotza aurreikusitako urtearen aurreko urtean gertatzen denean». Gurasoek hala egitea erabakitzen badute, medikuaren txostena aurkeztu beharko dute nahitaez.

ESKOLEN ZERRENDA

Matrikulazioari dagokionez, beste nobedade bat ere egongo da. Eskaerak egiteko garaian zerrenda bat aurkeztu behar izaten dute familiek, lehentasunaren arabera ikastetxeak zerrendatzeko. Orain arte, gehienez ere hamabi ikastetxe markatzeko aukera edukitzen zuten; aurrerantzean, berriz, nahi adina ikastetxe jarri ahal izango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.