Hautagaiek oposizioak gainditu ez, eta hutsik geratu dira 480 irakasle postu

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 1.800 postu eskaini dituzte udan, eta laurdenak ez dira bete. Jaiotza tasaren jaitsiera nabaritzen ari da eskoletan: ume gutxiago Haur eta Lehen Hezkuntzan

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak bisita egin zuen Donostiako Ikasbide ikastolara. Ikasturte berriko erronkez aritu zen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2018ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Gorabehera handiko egunak dira ikastetxeetan. Geletara itzuli dira ikasleak, eta irakasleak lanean hasiak dira aurreko egunetatik. Mugimendu handia izan da haien artean ere, kontuan hartuta irakasleen laurdenak baino gehiago behin-behinekoak direla, postu finkorik gabeak. Horri erantsi behar zaio irakasleak belaunaldi aldaketa betean daudela: erretiroa hartzen ari dira asko. Lan eskaintza handiak izango dira urteotan horren ondorioz, baina hutsuneak ere agertu dira: Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aurten egindako lan eskaintzetan ez dira bete ateratako postu guztiak. Hautagaiek azterketa gainditu ez, eta hutsik geratu dira irakasle postuen laurdenak: 480.

Astelehenean itzuli ziren eskolara Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasleak; Nafarroan ere aste honetan hasi dira; eta atzo ekin zioten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe gehienetan. Haur eskola batzuetan lehenago hasi ziren, abuztuan ere bai batzuk, eta unibertsitatean, berriz, egunotan itzuliko dira.

MATRIKULAZIOA

Ume gutxiago

Unibertsitatez kanpoko irakastaldietan 500.000 ikasle inguru arituko dira aurtengo ikasturtean. Ez da alde handirik iazko kopuruekin alderatuta; igoera txiki bat. Baina beherakada zantzuak gero eta nabarmenagoak dira hasierako mailetan. Ez da harritzekoa: jaiotza tasa jaisten ari da urterik urte, eta haur gutxiago dago eskolan hasteko adinean. Haur Hezkuntzan bakarrik ez, Lehen Hezkuntzan ere ari dira galera sumatzen. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, adibidez, iaz baino %3 ikasle gutxiago izango da Haur Hezkuntzan, eta Lehen Hezkuntzan, %2 gutxiago. Kopurutan, 1.200 ikasle gutxiago urte batetik bestera. Nafarroako Gobernuak ere adierazi du azken urteetako matrikulazioetan ari direla nabaritzen jaiotza tasaren beherakada.

Ikasleen kopurua horrela jaistearekin badute kezka hezkuntzako eragileek. Itunpeko sarean, esate baterako, iradoki izan dute kolokan egon litekeela ikastetxe batzuen bideragarritasuna. Jaiotzen datuak ikusita, uste izatekoa da datozen urteetan ere jaitsi egingo dela ikasleen kopurua.

MIGRATZAILEAK

Azterketa eta legea

Jaiotza gutxiago izatearen ondorioak hein batean arindu egin dira migrazioaren ondorioz. Gero eta gehiago dira Euskal Herritik kanpo jaiotako ikasleak. Haien eskolatzearekin arazoak daude, ordea: ikastetxe jakin batzuetan pilatzen ari dira, eta sare publikoan batez ere. Ezinegona piztu du gai horrek azken hilabeteetan, eta jarriko du zeresana ikasturte honetan ere. Eusko Legebiltzarrera iritsia da herri ekinbide legegile bat, helburu duena gehiago arautzea ikasle horien eskolatzea. Aurki hasiko dira proposamena tramitatzen.

Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du azterketa bat egin duela ikasle horien eskolatzeari buruz. Cristina Uriarte sailburuak aurreratu du «esku hartzeko bideak» zehaztuko dituztela azterketa horretatik. Udazkenean aurkeztuko dute ikerketa.

HIZKUNTZA EREDUAK

Euskaraz gehiago

Aurten ere beste koska bat irabazi du euskaraz ikasten dutenen kopuruak. Herrialde guztietan areagotu da euskarazko irakaskuntza. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, goraldi nabarmena izan dute ikastolek, beste behin: 230 ikasle gehiago dira Seaskan. Iruñeko gobernuak ere goraipatu du D ereduak aurrera egin duela aurten. Jaurlaritzak nabarmendu du «gehiengo zabala» dela haurrak euskaraz eskolatzen dituztenena: matrikula berrietan, bostetik lau. Uriarte pozik agertu da Lanbide Heziketako igoerarekin.

Euskararen arloko emaitzetan jaitsierak agertu dira azken ikerketetan; Jaurlaritzak adituen batzorde bat osatu du. Hizkuntza ereduei buruzko eztabaida ere iritsiko da ikasturte berrian, Eusko Legebiltzarrean hezkuntza legeari buruz hizketan hasiko baitira.

HEZKUNTZA LEGEA

Akordiorako garaia

Legebiltzarraren esku geratu da hezkuntza legearen gaia. Jaurlaritzak dokumentu batean bildu ditu legeak kontuan hartu beharreko gai nagusiak, eta Euskadiko Eskola Kontseiluaren oniritzia jaso du. Gaur egun indarrean dagoen legea 1993koa da, eta eskola publikoa soilik hartzen du kontuan. Jaurlaritzak adierazi du legea «berriz pentsatu eta formulatu» behar dela; 25 urte igaro dira.

Gogoeta dokumentua soilik bidali du gobernuak parlamentura, eta hark zehaztu beharko du zer prozedurari jarraitu. Kontuan izatekoa da legealdi erdia bete dela ia, eta gai arantzatsuak arautu beharko dituztela legean.

LAN HARREMANAK

Giro lasaiagoarekin

Aurreko ikasturtearen aldean, lasaiagoa izan da ikasturte hasiera lan harremanei dagokienez. Jaurlaritzak eta sindikatuek gatazka luzea izan zuten, grebak ere ekarri zituena, baina joan den ikasturte bukaeran bideratu zuten gaia: akordioa egin zuten ELAk ez beste sindikatuek. Besteak beste, sinatu zuten ordezkapenak lehen egunetik egitea, eta laguntza handitzea premia bereziko eskolei.

Nafarroan, ikasturtea hasi aurretik egin dute akordioa: ELAk ez beste sindikatu guztiek izenpetu dute hori ere. Itunaren bidez, gutxitu egingo dituzte irakasleen eskola orduak aurreko gobernuak handitu zuen ordu kopurua, hartara irakasle gutxiago hartzeko—.

LAN ESKAINTZAK

Laurdenak hutsik

Sindikatuen eta gobernuen arteko negoziazioetako ardatzetako bat dira lan eskaintza publikoak: zenbat postu atera. Aurten bertan 1.800 postu baino gehiago eskaini dituzte Hegoaldean: Jaurlaritzak, 1.511, eta Nafarroako Gobernuak, 325. Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakasle postuak izan dira bietan. CCOO sindikatuak txosten batean jaso duenez, eman gabe geratu dira postu horien laurdenak, txikiagoa izan baita oposizioak gainditu dituztenen kopurua. 481 irakasle postu hutsik utzi dituzte. Azterketetara joandako irakasle askok salatu dute oso proba zailak jarri dituztela; espezialitate batzuetan, erdiek baino gutxiagok gainditu dituzte.

Gaiari buruz galdetuta, Uriartek adierazi du epaimahaiei dagokiela probak prestatzea, eta sailak berrikusi egin dituela azterketak, egoki zuzenduta dauden begiratzeko. Ez dute arazorik ikusi. Hutsik geratutako lanpostuak beste eskaintza batean sartuko dituzte.

LANBIDE HEZIKETA

Jaitsierarik ez

Langabeziak gora egin duen urteetan, gorakada handia izan dute Lanbide Heziketan. Egoera ekonomikoa hobetzen ari dela ikusita, bazuten kezka jendea berriro hasiko ote zen ikasketak uzten. Jaurlaritzak nabarmendu du ez dutela joera hori sumatu, eta aurten ere hazi egin dela Lanbide Heziketako matrikulazio kopurua.

Ekainean onartu zuten Lanbide Heziketako legea Eusko Legebiltzarrean; Jaurlaritzak aurten bertan aurkeztuko du plan berria, eta «erronka berriak» izango ditu.

ESPAINIAKO GOBERNUA

Bilera Zelaak eta Uriartek

Joan den ikasturtetik izan da pisuzko beste aldaketa bat hezkuntza politikan: Espainiako Gobernua aldatu egin da, eta Isabel Zelaa sailburu ohia daHezkuntza ministroa. PPren gobernuak ezarritako zenbait murrizketa bertan behera uzteko pausoak ematen hasi da Zelaa, eta aurreratu du ez dituela martxan jarriko LOMCEk ezarritako amaierako azterketak.

Uriarte sailburuak bilera egitekoa du Zelaarekin urriaren 8an. LOMCEren ondorioak izango dituzte aztergai, baina Jaurlaritzako ordezkariak beste gai batean ere egin nahi dio indar: aurreko gobernuak auzitara jo zuen Jaurlaritzaren beka sistemaren kontra. Helegiteak bertan behera uztea nahi du Gasteizko gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.