Urkullu: «Bozak, apirilaren 5aren eta urriaren 25aren artean»

jon olano
2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak udazkenean amaituko du legealdia beranduenera, baina hauteskundeen dataz espekulatzeko eguna izan zen atzokoa. Hainbat hedabidek argitaratu zuten Urkulluren asmoa zela apirilaren 5erako edo 26rako deitzea hauteskundeetara. Testuinguru horretan, eta pistarik eman nahi izan gabe, Urkulluk berak azaldu zuen gaur-gaurkoz hauteskundeak apirilaren 5aren eta urriaren 25aren artean egin daitezkeela. Eusko Legebiltzarra desegiteko dekretutik hauteskundeetara 54 eguneko epea igaro behar denez, beranduenera asteartean sinatu beharko luke legebiltzarra desegi- teko dekretua.

Hauteskundeak aurreratzeko aukeraren inguruan, Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak esan du Euskadi ez dela «irla bat»: «Lehendakariak buruan izango du hemen dagoen oreka eta lasaitasun instituzionala mantendu nahia». Balizko aurrerapenarekin kritiko agertu da Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaia. «Alderdikeriaz» jokatzea egotzi dio Urkulluri: «Ez dut uste Urkullu herri interesetan pentsatzen ari denik. Badaki legealdi amaiera ez dela samurra izango». Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, berriz, uste du legealdiari «denbora» falta zaiola: «Ez dugu ulertzen lehendakariaren presa». PSE-EE, ordea, «prest» dago bozetarako, Jose Antonio Pastor eledunak esan duenez. PPko Amaia Fernandezen iritziz, datu ekonomikoek okerrera egingo dute datozen hilabeteetan, eta horiek eragingo dituzten kritikak saihestu nahi ditu Urkulluk hauteskundeak aurreratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.