Kataluniako atentatu jihadistak. Bosgarren urteurrena

Erasoen osteko galdera gordinak

Bartzelonako eta Cambrilseko atentatuek ezin ulertua eragin zuten, egileak gizartean «integratuta» zeuden gazte batzuk zirelako. 16 hildako eta 140 zauritu utzi zituzten

Erantzuna. Lore eskaintza, Bartzelonako Rambletan, 2017an. Q.G. / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Oroimen ekitaldiak eta lore eskaintzak egingo dituzte gaur Katalunian, duela bost urte eraso jihadista batean hil zirenak gogoratzeko. Guztira, 16 hildako eta 140 zauritu eragin zituzten Bartzelonako eta Cambrilseko (Tarragona, Herrialde Katalanak) atentatuek. Erakundeen eta herritarren babesa jasoko dute biktimek eta horien senideek. Baina, biktimengatik ez ezik, erasotzaileen heriotzengatik ere negar egin zutela aitortu izan dute Ripoll herriko zenbait bizilagunek (Girona, Herrialde Katalanak). Pirinio aurreko herri horretan sentipen kontrajarriak piztu ziren. Erasotzaile gehienak bertako mutil gazte ezagunak baitziren, lagunak, herriko kirol taldeetan zebiltzanak, bertan ikasi eta lanean ari zirenak. Gertatutakoak nahasmena eragin zuen Kataluniako gizartean, eta galdera gordinak gelditu ziren mahai gainean: zergatik egin zuten halako eraso bat «integratuta» zeuden gazte horiek?



Izua abuztuaren 17ko 16:50ean hedatu zen Kataluniako hiriburuan, erasotzaileetako bat furgoneta batekin Bartzelonako Rambletan sartu —oinezkoentzako bide zabal bat da, turistikoa— eta ahalik eta lagun gehien harrapatzen saiatu zenean. 800 metro inguruko tartean, dozenaka lagun kolpatu zituen, eta 15 hildako utzi zituen guztira. Erasotzaileak ihes egitea lortu zuen Boqueria merkatutik, eta Poliziak lau egun beranduago hil zuen tiroz, Bartzelonatik gertu, Subirats herrian.

Bigarren erasoa ondorengo gauean gertatu zen, 01:15 aldera, Cambrilsen. Auto batek bost lagun harrapatu zituen itsas pasealekurantz ziztu bizian sartu zenean. Mossos d'Esquadraren kontrol baten kontra egin zuen talka, eta ibilgailutik bost erasotzaile irten ziren, aiztoak eskuetan. Poliziak bostak hil zituen tiroz. Autoak harrapatu zuen emakume bat erasotik ordu batzuetara zendu zen. Erasotzaileek 17, 18, 22 eta 24 urte zituzten. Bartzelonako erasokoak, 22 urte. Guztiak jatorri marokoarrekoak.

Gehiago ziren taldean. Beste bi kide lehen atentatuaren aurreko egunean hil ziren, Tarragona eta Castello arteko Alcanar herrian (Herrialde Katalanak), eztanda batean. Poliziak hasieran pentsatu zuen gas leherketa bat izan zela, baina erasotzaileek okupatua zuten etxean lehergaiak egiteko pilatu zuten materialak eta butano bonbonek eragin zuten.

Alcanarko etxean hil zen kideetako bat Abdelbaki Es Satty zen, orduan Ripollgo imama zena. Poliziaren ikerketak ondorioztatu duenez, Es Satty izan zen taldeko hiru kide nagusienak atentatu bat egiteko konbentzitu zituena, eta horiek beren anaia gazteagoak gehitu zituzten taldera.

Etxe okupatuko leherketak zapuztu egin zituen erasotzaileek hasieran zituzten asmoak. Haien helburua zen Bartzelonako Familia Santuaren tenpluan edo Camp Noun leherketa handi batekin ahalik eta kalterik handiena eragitea. Horretarako ziren prestatzen ari ziren lehergaiak. Eztandak, baina, korrika eta presaka aritzera behartu zituen.

Epaiketa eta kondenak

Poliziak hil zituen sei erasotzaileez gain, justiziak talde jihadistako kidetzat jo ditu beste bi lagun, eta taldearekin kolaboratzeagatik zigortu du beste bat. Lehenengo biei 53 eta 46 urteko espetxe zigorrak ezarri zizkien Espainiako Auzitegi Nazionalak, 2021eko maiatzean. Aurtengo uztailean, 43 eta 36 urtera murriztu dizkie zigorrak. Hirugarren epaitua zortzi urteko kartzelaldira kondenatu zuen.

Epaiketak argitu gabe utzi dituen zalantzen artean da Ripolleko imamaren eta Espainiako CNI zerbitzu sekretuen artekoa. Es Sattyk harremanak izan zituen CNIko kide batzuekin, narkotrafikoagatik kartzelan zigor bat bete eta bi urtera, eta atentatuak gertatu baino urtebete lehenago. Auziko instrukzio epaileak, baina, uko egin dio lotura hori ikertzeari, erasoekin inolako loturarik ez dutela argudiatuta.

Herritar plataforma batek protesta egingo du gaur Europako Batzordeak Bartzelonan duen egoitzaren aurrean, ikerketa sakonagoa eskatzeko, Espainiako Estatua eta CNI, arduradun lelopean.

Atentatuak gertatu zirenetik bost urtera, biktimei behar duten arreta ez ematea egotzi dio Uavat Terrorismoak Kaltetutakoentzako Arreta eta Balorazio Unitateak.

Ikusi gehiago:«Eskoletan egiten ari dena ez da prebentzioa, antiterrorismoa da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.