Urkulluk «kontzertu politikoa» babestu du, «bermeak» izateko

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak salatu du 1979ko estatutua ez dela bete eta eskumen transferentzia «geldirik» dagoela. Estatus politikoaz «akordio ahalik eta zabalena» lortzeko «itxaropena» du

jon olano
2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus politiko-juridiko berri baten zirriborroa prestatzen ari den aditu taldeari bi hilabete eskaseko epea geratzen zaio zeregin horretarako, eta eztabaidarako mahai gainean izango duten kontzeptuetako bat da kontzertu politikoa. Atzo eginiko hitzaldi batean, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak ideia hori defendatu zuen, argudiatuta 1979ko estatutua ez dela bete eta ez dagoela horretarako «bermerik». Kontzertu politikoaren ideiaren atzean, Kontzertu Ekonomikoaren funtzionamendua zabaltzea dago, Urkulluren arabera: «Kontzertu Ekonomikoa erreferente bat da alde biko sistema bermedun baten aukera aztertzeko, eta hori lortu nahi da kontzertu politikoaren diskurtsoarekin».

Eztabaidaren muinetako bat hau da: formula horrek lekurik ote duen Espainiako ordenamendu juridikoan. Urkulluk atzo azaldu zuenez, asmoa da Espainiako Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian oinarritzea, konstituzioa moldatu behar izan gabe, eredua ontzat jotzeko. Horretarako, beharrezkoa litzateke konstituzioaren interpretazio «malgua» egitea.

Eusko Legebiltzarrean estatus politikoaren inguruan egiten ari diren eztabaida aipatu zuen Urkulluk, eta azaldu helburua dela «estatutua erabat betetzeko aldarrikapenean eta aldebikotasunaren planteamenduan sakontzea». Aditu taldearen «ahalegina» txalotu zuen: «Itxaropena eta ilusioa daukat ahalik eta akordio zabalena lortzeko».

«Bermeak» nahi ditu Urkulluk, eta azpimarratu du Gernikako Estatutua ez dela bete eta Espainiako Gobernua ahaleginak egiten ari dela erkidego guztiak «behetik berdintzeko», «neurri birzentralizatzaileak» ezarrita. Batetik, salatu du «geldirik» dagoela Jaurlaritzari legez dagozkion eskumenak eskualdatzeko egutegia, Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak adostutakoa; bestetik, kritikatu du Madrilek «estrategia uniformatzailea» izatea, eta bere gain hartu izana hainbat eskumen, hala nola segurtasuna, osasungintza, funtzio publikoa eta hezkuntza: «Azken adibidea zera da, bekak murrizteko derrigortasuna, estatukoetara egokitzeko».

Autogobernua aitortzea hura «osorik betetzea, berritzea autogobernuan sakontzea» dela uste du Urkulluk, eta, beraz, dei egin du hura defendatzeko «Euskadiren jarduteko gaitasuna murrizten duten egitasmo birzentralizatzaileen aurka».

«Ziklo berri bat»

Estatusaz harago, Espainiako Gorteetarako hauteskundeek zabal dezaketen jokaleku politikoaz mintzatu da Jaurlaritzako lehendakaria: «Itxaropena dut azaroaren 10ean amaituko dela duela lau urte hasitako ziklo erabat negatiboa, eta ziklo berri bat hasiko dela, gobernabide, egonkortasun eta konpromiso errealitate bat zabalduko duena».

Espainiako Gobernuak Katalunian konstituzioaren 155. artikulua ezartzeko aukeraz, berriz, Urkulluk espero du Madrilek artikulu hori ez baliatzea, «ez orain eta ez inoiz», eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari ohartarazi dio «abisu-mehatxuek» ez dutela «inora eramaten». Sanchezek ohartarazi zuen prest dagoela Kataluniaren autonomian esku hartzeko «berriro estatutua urratzen bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.