Alderdiekin bilduko da Urkullu, «lankidetza eraginkorra» lortzeko

Azaroko lehen hamabostaldian egingo dituzte bilkurak. Oposizioak uste du lehendakariaren proposamena berandu heldu dela, baina espero dute elkarrizketarako aukera zabaltzea

Iñigo Urkullu, irailaren 8an, sailburuen kargu-hartze ekitaldian. RAUL BOGAJO / FOKU.
jon olano
2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazi du Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten taldeekin batzartuko dela azaroko lehen hamabostaldian, legealdirako erronka nagusiei aurre egiteko «lankidetza eraginkor bat» izateko. Eusko Legebiltzarrean gobernuaren kontrol saioa egin zuten atzo, eta han eman zuen Urkulluk bilera sortaren berri, Carlos Iturgaiz PP+C's taldeko bozeramailearen galdera bati erantzunez.

Azaldu duenez, azaroaren lehen erdian egingo ditu batzarrak, ordurako Jaurlaritzak aurkeztuak izango baititu gobernu programa nahiz aurrekontuen ildo nagusiak, eta zenbait eragilerekin hitz egina izango baitu datozen lau urteetarako suspertze ekonomikorako programa. 2020-2024ko aldirako programa asteon utzi du Jaurlaritzak legebiltzarreko talde politikoen esku. Gainera, esan du nahiago duela, alderdiekin elkartu aurretik, sailburuek Eusko Legebiltzarreko batzordeetan azaltzea zeintzuk diren legealdirako arlo bakoitzeko proiektu nagusiak. Sailburuak asteon hasi dira horretan; Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua izan da aurrenekoa.

Iturgaizek Urkulluri leporatu dio elkarrizketa berandu eskaini izana, baina hori ukatu du lehendakariak: «Gobernuaren lehen 40 egunetan gaude, eta lehen ehunak baino lehen lan batzar bat eduki ahal izango dugu oinarri sendo eta zehatz baten gainean». Erantsi du, COVID-19aren izurriak eragindako «egoera konplexuari» aurre egin ahal izateko, Jaurlaritzaren asmoa dela elkarrizketa hori akordioak lortzera bideratzea: «Ulertzen dut prest zaudela, eta espero dut zure alternatibak eta proposamenak jasotzea», erantzun dio Iturgaizi.

PPko Euskal Autonomia Erkidegoko presidenteak, berriz, uste du Urkullurenak «mamirik gabeko hitzak» direla, eta eskatu dio lehenago biltzeko alderdiekin: «Pandemia gora doa, langabezia hazten ari da eta ziurgabetasuna eta kezka gero eta handiagoak dira».

Iragarpen hori dela eta, Maddalen Iriarte EH Bilduren talde parlamentarioko bozeramaileak esan du espero duela bilera horiek «gobernatzeko era berri baten hasiera» izatea eta gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketa ahalbidetzea. Nabarmendu du indar subiranistak sarri eskatu diola Urkulluri solaskidetza bat izateko, eta espero du elkarrizketa hori «jarraitua» izatea denboran: «Gai garrantzitsuak daude eztabaidatzeko, sakontzeko eta adosteko».

«Egiazko asmoa»

Elkarrekin Podemos-IU koalizioko bozeramaile Miren Gorrotxategiren iritziz, berriz, bilera horiek «berandu» helduko dira, baina «ongi etorriak» izango dira. Gaineratu du batzar horien atzean «egiazko solaskidetza asmo» bat egon behar dela, uste baitu oraingoz Jaurlaritza ez dela aintzat hartzen ari oposizioko taldeek Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako egitasmoak. Era berean, Urkulluri eskatu dio «elkarrizketaren ateak» zabaltzeko sindikatuei eta gizarte zibileko ordezkariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.