andoni egana
HITZ ETZANAK

Ikasgaia

2020ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Gure inguruan leiho eta balkoietako zapi kondentsaziorik handiena non gertatzen den esatera arriskatuko nintzateke. Orion, arraun denboraldia hasten denetik bukatzen den arte. Zapi hori bat ikusiko duzu ia balkoi guztietan, iraganaz harro, orainean arraunlariak animatzeko prest eta etorkizunerako itxaropentsu.

Duela pare bat urte, joan ginen oriotar bat eta biok Barakaldora, emanaldi bat eskaintzera. Artista hutsa da nire kidea, kontu lurtarrenekiko kezka handiegirik azaltzen ez duena. Emanaldiaren aurretik kalean bueltaxka bat ematen ari ginela, begiek urruneko leiho batera ihes egin zioten ordea. Zapi hori bat zintzilik. Eta pozarren bota zidan: «Hara, hara! Hemen ere Oriozaleak badira!». Errukior, ezetz esan behar izan nion, oker zebilela, zapi hori hura errefuxiatuei ongietorria egiteko zintzilikatzen dena zela, ez zuela arraunarekin zerikusirik paterei zegokionez ez bazen. Hasieran goibeldu egin zen zapiaren arrazoiaren berri jakitean. «Ez, e?». Segituan alaitu zitzaion begitartea. «Ia hobe. Beharrezkoagoa da hori».

Eta ni egun hartan asko ikasi nuen ustearekin itzuli nintzen. Halakoxe Aberria nahiko nukeela pentsatu nuen. Bere izaeraz harro egotearen arrazoia, premian dagoenari ateak zabaltzen jakitean zedarritzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.