Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Krisia Ahal Dugu-n

Primarioak irabazita, Gorrotxategik Martinezen dimisioa behartu du

Madrilgo zuzendaritzak babestutako hautagaia izango da Jaurlaritzarako lehendakarigai. Lander Martinezek «pauso bat albo batera» eman du, eta kudeaketa talde baten esku geratuko da alderdia

Lander Martinez hizketan, alderdikideak begira dituela, atzo BIlbon eginiko agerraldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Edurne Begiristain - Jon O. Urain
2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ustekabeko mugimenduak sorrarazten ari dira eremu politikoan. PPk Carlos Iturgaiz Jaurlaritzarako lehendakarigai izendatu eta Alfonso Alonso PPren Euskal Autonomia Erkidegoko presidenteak dimisioa eman eta gero, Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaia hautatzeko prozesuak espero zen baino ondorio sakonagoak ekarri ditu koalizioaren alderdi nagusia den Ahal Dugu-ren zimenduetan. Zuzendaritzak jakinarazi duenez, Miren Gorrotxategi izango da Jaurlaritzarako lehendakarigaia, eta garaipen horrek bi galtzaile nagusi eragin ditu: Rosa Martinez hautagaia, batetik, eta, harekin batera, Lander Martinez Ahal Dugu-ren idazkari nagusia, bestetik.

Afiliatuek asteartera arteko epea zuten lehendakarigaia aukeratzeko, eta atzo eman zuten bozketaren emaitzen berri: botoen %56,26 (1.519 boto) bildu ditu Gorrotxategik, Madrilgo zuzendaritzak babestutako hautagaiak. Rosa Martinezek, berriz, EAEko zuzendaritzaren sostengua zuen, baina ez da nahikoa izan nagusitzeko; botoen %43 eskuratu ditu.

Gorrotxategik Espainiako Kongresuan eta Senatuan egin du bere ibilbide politikoa, azken bost urteetan. Hain justu, Madrilgo zuzendaritzak babestutako hautagaitzat aurkeztu du bere burua, eta, hautagaitza aurkeztu zuenetik, alboan izan ditu Espainiako Gorteetan diharduten diputatuak: Pilar Garrido, Juantxo Lopez de Uralde eta Roberto Uriarte. Gaur egingo du lehen agerraldia hautatua izan eta gero.

Gorrotxategi Abadiñokoa da (Bizkaia), eta 52 urte ditu. Konstituzio Zuzenbideko irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Zubiak izena izan du haren hautagaitzak, zubiak eraiki nahi zituelako primarioetara aurkeztutako sektoreen artean eta gizartean: «Zubi lana egiteko indar bat izan behar du Ahal Dugu-k, etxe barruan zein kanpoan». Emaitzen berri izan eta gero, lehendakarigaiak, sare sozialetan, eskerrak eman zizkien «primarioetan parte hartu duten pertsona guztiei, Podemos demokraziaren eta gardentasunaren erreferente gisa eraikitzeko» lanean aritzeagatik.

Rosa Martinezek ere sare sozialen bidez zabaldu zuen bere iritzia. Amaitutzat jo du Elkarrekin Podemosen eginiko ibilbidea—taldearen koordinatzailea zen Eusko Legebiltzarrean—. Uste du «aro polita» izan dela eta «lan handia» egin dutela, «akordioak lortuta eta Elkarrekin Podemos euskal politikaren eragile zentral bihurtuta». Martinezen esanetan, hori posible izan da talde parlamentarioaren lan «bikainari» eta alderdiko zuzendaritzaren mailari esker: «Etxeko lanak eginda eta lorpen garrantzitsuak erdietsita goaz». Lehendakarigai izateko nahikoa babes lortu ez arren, esker onez mintzatu da Martinez, eta zorte ona opa dio Gorrotxategiri, Ahal Dugu-ren proiektua «baliagarria eta garrantzizkoa» izan dadin euskal herritarrentzat.

Martinez, zerrendetatik at

Gorrotxategiren garaipenak, ordea, ataka zailean jarri du EAEko zuzendaritza. Atzo, Yahcov Ruiz legebiltzarkidea zen emaitzen berri ematekoa, baina azken orduan deialdian eginiko aldaketa batek zabaldu egin zituen zurrumurruak: Lander Martinez bera zen hedabideen aurrera ateratzekoa. 11:00etan baieztatu zuen dimisioa aurkeztu zuela, «pauso bat albo batera» ematea erabaki zuela: «Apustu sendoa egin genuen hurrengo legealdirako, azken lau urteotan egindako lana oinarri hartuta eta Elkarrekin Podemos erdigunean jarri duten pertsonei jarraipena emanda. Baina militantziak ez du proiektu hau babestu».

Bizkaiko zerrendetan boto gehien jaso duten hautagaietan bigarrena izan da Martinez; Arabako zerrendan, Cristina Makazagak lortu du boto gehien, baina biek ala biek uko egingo diote hautagai izateari. «Gaur [atzo] hartzen dugun erabakiarekin koherentea da zerrenda horietan ez egotea, proiektu politikoaz ari garelako eta guk defendatzen duguna ezberdina delako», azaldu du Martinezek. Kanpainaren antolakuntza Gorrotxategiren taldearen esku geratuko da, Martinezen arabera. Gainera, alderdia talde kudeatzaile baten esku geratuko da barne hauteskundeak egin arte.Martinezek jakinarazi du bere taldea ez dela aurkeztuko batzar horretara.

Lander Martinez (Gasteiz, 1989) Ahal Dugu-ko idazkari nagusia da 2017ko abendutik, Nagua Albaren ordez. Ordura arte Antolakuntza idazkari izandakoak botoen %39lortu zituen.

Dimisioa eman eta gero, babes mezu ugari jaso ditu Martinezek; horien artean, Nagua Alba idazkari nagusi ohiarena: «Lander Martinezek eta haren taldeak urte hauetan Eusko Legebiltzarrean eta Ahal Dugu-ren gidaritzan egindako lana eredugarria izan da. Haiek gabe eta Rosa Martinezen lanik gabe, euskal ezkerrak maila, freskotasuna eta gobernurako gaitasuna galduko ditu». Roberto Uriartek, berriz, «errespetuz» hartu du dimisioa, eta aurrera begira jarri da:«Gure jendearen ilusioa berreskuratzeko proiektu bat eraikitzen hasi behar dugu, eta alternatibarik badagoela esan behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.