Aniztasunerako autogobernua

Danel Alberdi
2018ko uztailaren 28a
00:00
Entzun

Orain dela berrogei urte, hamabost euskal politikarik historia egin zuten. Garaia zela eta, eskarmentu politiko, konpetentzia eta baliabide gutxikoak baziren ere, egungo euskal autogobernu-sistemaren zutabeak eraiki zituzten. Era guztietako zailtasunak bitarteko, momentuaren berebiziko garrantzia sumatu eta Euskadiren etorkizunaren aldeko talde-eginkizuna burutu zuten.

Egun, konstituzio-testuaren berrogeigarren urteurrenean, estatutuaren erreformak iritzi aniztasuna sortu du. Euskal autogobernuaren berezitasun juridiko-konstituzionala eta erabakitzeko eskubidea desnaturalizatzen ari den estatutu hauste baten aurrean gaude. Esan genezake praktikan Estatua euskal gizartearen errealitate nazionala ukatzen ari dela.

Horretarako, autogobernuaren oinarriak eguneratzeaz gain, Estatutua ez betetzea eragin duten zergatiak arindu eta autogobernua babesteko berme juridikoak dakarren estatutu-erreforma beharrezkoa da. Gakoa Estatuarekin kooperazio eta hitzarmen bidezko harremanak izatea da, baita geure konpetentziak babestuko dituzten gobernu baliabideak ere.

Dena dela, lehenengo liskarrak hasi dira, ordenamendu juridikoa eta euskal herritarrek demokratikoki erakutsitako borondate politikoa errespetu berarekin tratatzerakoan.

Ez dago ezer esaterik «herritarrei» buruz idatzitakoaz, eskubide eta betebehar zibil eta politikoei dagokienez, ez baitago apenas ezberdintasunik egun indarrean dagoen idazkiarekiko. Bai, aldiz, «euskal nazionalitateari» dagokionez. Izan ere, euskal parlamentuaren etorkizuneko legean ikuskatzen du eta ez du bere edukia zehazten. Estatu Espainiarraren plurinazionaltasuna kontuan hartuz, «euskal herritarrei euskal nazionalitatea» aitortu behar zaiela baino ez dio.

Ez dugu ahaztu behar kontzeptu hauek errealitate soziopolitikoen gainean proiektatzen direnean, biak elkarbizitza osasungarrirako baizik, gehienbat tribalizatze, konfrontazio edo elkarri aurre egiten dieten partaidetza nazionalen faktore modura erabiltzen direla. Identitateak elkartze-balioarekin bat egin behar du eta, aldi berean, taldekakoaren absolutizatzea ekiditu, izan ere, nazioen eskubideak ez baitira pertsonen eskubideen kontra eraikitzen.

Horregatik ezinbestekoa da aniztasunerako autogobernua.

Zertarako? Gizarteari egonkortasuna eta ziurtasuna emateko, gure etorkizuneko belaunaldien erronkei aurre egingo dieten ekintza eta hitzarmenak ahalbidetzeko. Hitzarmen horiek bilateraltasun eraginkorra ziurtatuko duen Estatuarekiko elkarbizitza eredu eta harreman markoa definituko dute.

Zertarako? Aukerez hornituriko herrialdea eraikitzeko; sentsibilitateak integratu eta estatu plural baten barrenean harremana artikulatuko duena. Hitzarmen berri bat argiztatuko duen autogobernua, Euskadi nazio modura aintzat hartuko duen aro berria, Euskal Herriaren izate eta erabaki eskubideak aintzat hartze aldera aurrera egingo duena.

Zertarako? Euskal Nortasuna mundu ireki eta interdependentean garatzeko. Gobernantza berriaren garaia: erabakitze gaitasuna, erantzukizun partekatua, erabakitze maila guztietan parte-hartzea bermatuko dituen autogobernua, mundu berri eta zailera irekiko dena.

Eta jakina, belaunaldi berriekin modu egokienean konektatzeko, bere muga, zailtasun eta baldintzez haratago begiratuko duen gizartea eraikitzeko: modernoa, irekia, herritarra, inlusiboa, parte-hartzailea, integratzailea eta eraikitzailea.

Arima eta baloreak dituen autogobernuaren momentua heldu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.