Eusko Legebiltzarra. Euneiz

Eusko Legebiltzarrak atea ireki dio Euneiz unibertsitate pribatuari

EAJren, PSE-EEren, PP+C's-en eta Voxen babesa jaso du. EH Bilduk proposamen bat aurkeztu du Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea aldatzeko. EHUko sindikatuek proiektuaren aurka egin dute

Euneizen aurkako protesta, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete - Unai Etxenausia
2021eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak aurrera atera du Euneiz unibertsitate pribatu gisa onartzeko legea. Azken pausoa eman du European University Gasteiz (Euneiz) unibertsitate pribatuak: EAJk, PSE-EEk, PP+C's-k eta Voxek alde bozkatu zuten atzo; aldiz, aurka agertu ziren EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU.

Legeak jasotzen duenez, teknologia berrien eta kirol eta osasun zientzien arloetako ikasketak eskainiko ditu. Teknologia berrien eta ekonomia digitalaren esparrua entretenimenduaren, bideo jokoen eta joko aplikatuen industriara bideratua egongo da; osasun zientzien esparrua, berriz, kirol zuzendaritzaren eta errehabilitazioaren eremuetara, batez ere. Hasieran, bi fakultate izango ditu: Osasun Zientzien Fakultatea eta Teknologia Interaktibo Berrien Fakultatea. Legeak ez du zehazten, baina, zer gradu eta graduondoko eskainiko dituzten, ezta zenbat izango diren ere. Josean Kerejeta enpresariak eta haren Baskonia-Alaves kirol taldeak bultzatu dute unibertsitatea.

Gorka Alvarez EAJko legebiltzarkideak nabarmendu zuen Euneizek «ondorio positiboak» izango dituela: «Beste erreferente bat izango dugu prestakuntzaren, talentuaren, nazioartekotzearen eta ikerkuntza, garapen eta berrikuntzaren arloetan». Halaber, eskatu zuen unibertsitate pribatua eta publikoa aurrez aurre ez jartzeko, «elkarren osagarri izan behar baitute». Haren esanetan, gainera, egin dituzten proposamenak gehituta, abuztuan Espainiako Unibertsitate Ministerioak onartutako errege dekretuaren eskakizunetara egokituko da Euneiz.

EH Bilduren izenean, Ikoitz Arresek esan zuen bi aukera zeudela: batetik, «euskal unibertsitate sistema blindatzea, euskal unibertsitate sistema defendatzea eta babestea, eta euskal unibertsitate publikoaren alde egitea»; bestetik, «irabazi-asmoa duten unibertsitateei sisteman sartzeko alfonbra gorria jartzea».

Iragarpen bat ere egin zuen Arresek: Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea aldatzeko proposamen bat aurkeztu zuen EH Bilduk, «irabazi-asmoa duten unibertsitate pribatuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitate sistematik kanpo uzteko, eta, hala, finantzaketa publikoa jasotzeko aukera kentzeko».

Elkarrekin Podemos-IUk Euneizen aurka egin zuen irmoki, «unibertsitate publiko baten aldeko apustu sakon bat» egiten dutelako, Iñigo Martinez legebiltzarkidearen hitzetan, eta Euneizek ez dituelako betetzen unibertsitate izateko gutxieneko baldintzak. Gainera, Euneizek dirua irabazteko asmoa izatea gaitzetsi zuen, eta salatu edonork ezingo duela han ikasi: «Eliteko unibertsitate bat martxan jarriko da Gasteizen. Hori berri on bat izango da dirudunentzat eta 8.000 euro ordain ditzaketenentzat, baina ez herritar guztientzat».

PP+C's-k eta Voxek, aldiz, proiektua babestu zuten. Carmelo Barrio PP+C's koalizioaren legebiltzarkidearen irudiko, «hezkuntza eta kultura bizitza aberastuko du».

PSE-EEk ez zuen egin adierazpenik taldeen txandan. Behin alde bozkatuta, baina, Jose Antonio Pastor legebiltzarkideak hitz egin zuen, erabakia azaltzeko. Esan zuen Euneizek legea betetzen duela, eta ez zuen begi onez ikusi unibertsitatearen irabazi-asmoa kritikatu izana: «Esadazu zer egitasmo pribatu abiatzen den porrot egiteko asmoz. Bat ere ez».

Unibertsitate «elitista»

Erabakia salatzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko gehiengo sindikalak eta ikasle antolakundeek elkarretaratzea egin zuten Eusko Legebiltzarraren parean, Euneiz unibertsitate elitista gelditu! lelopean. Nabarmendu zuten hartutako erabakiarekin diru publikoaren kontrako «eraso larria» egin dutela EAJ, PSE, PP, Ciudadanos eta Vox alderdiek.

Esan zuten Euneizek Euskal Herriko unibertsitateetan jada eskaintzen diren ikasketa batzuk «bikoiztu» egingo dituela, eta «atzerriko familia dirudunetako ikasleentzat» izango dela. Are, uste dute gizartearen eskaerak ez duela «justifikatzen» ikasketa berri hauek eskaintzea: «Ikasketa berriak eskatzen badira, unibertsitate publikoaren bidez eskain daitezke».

Euskararen trataerak ere kezkatzen ditu sindikatuak. Izan ere, Euneizen inguruan egindako txosten ofizialetan ez da zehazten ikasketetan euskarak zer presentzia izango duen. «Gaurko erabakiak argi uzten du unibertsitate hezkuntzari dagokionez alderdien lehentasunak hezkuntza pribatuan daudela», salatu zuten adierazpenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.