Greba Nafarroako funtzio publikoan

Publikoa duintzeko olatu bat

LAB, UGT, CCOO, ELA eta Steilas sindikatuek deituta, greba egin dute Nafarroako administrazio publikoko langileek. Protesta jendetsuak egin dituzte Iruñean, lan baldintzen gainbehera salatzeko

LAB, UGT, ELA, CCOO eta Steilas sindikatuetako ordezkariak, atzo eguerdian, Nafarroako Gobernuaren aurrean protestan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko otsailaren 16a
00:00
Entzun

Askotariko kolore, sigla eta lelodun banderak eta pankartak ikusgai izan ziren atzo Iruñean: kalitatezko osasun sistemaren aldekoak, hezkuntzako ratioak jaistea exijitzen zutenak edo pribatizazioaren aurkakoak. Alta, sektore bakoitzaren lelo eta mezu zehatzak edozein izanik ere, oinarri bera zuten denek: zerbitzu publikoak aldarrikatzea, lan baldintzen «prekarizazio prozesua» salatzea, eta aspalditik su eztitan egosten ari zen haserrea kalera ateratzea.

Helburu horiekin, grebara deituak ziren Nafarroako administrazioa osatzen duten 29.000 langile publikoak. LAB, UGT, ELA, CCOO eta Steilas sindikatuek egin zuten deialdia, Osasunbideko intersindikalak aurretik antolatutako lanuztearen jarraipen gisara. Izan ere, greba deialdia administrazio publiko osoan egin bazen ere, Osasunbideko langileen aldarrikapenek osatu zuten atzoko protesten bizkarrezurra: ez dute ulertzen zergatik negoziatu duen Nafarroako Gobernuak sindikatu bakar batekin —Sindikatu Medikoarekin—, eta hari onartutakoa zergatik ukatzen zaien gainerako langile publikoei.

Ikusi gehiago:Administrazioko langile asko joan da lanera

«Lanuztea egin dugu, salatzeko Nafarroako Gobernuak zerbitzu publikoak prekarizatzen dituela», laburbildu zuen ELAko Izai Bujandak, sindikatu guztien izenean, atzo eguerdian gobernuaren egoitzaren aurrean eginiko elkarretaratzean. «Azken hamarkadan, langile publikook erosahalmenaren %20 galdu dugu; hortaz, negoziatzeko deia egin diogu gobernuari, badauzkalako horretarako gaitasuna eta dirua».

Antolatzaileek «historikotzat» jo zituzten goizeko eta arratsaldeko mobilizazioak. Jendetza batu zen, bereziki, 17:30ean Iruñeko autobus geltokitik abiatutako manifestazioan. «Oso garrantzitsua da hau, oraino ikusi gabeak baikinen tamaina honetako mobilizazio sindikal bat zerbitzu publikoen eta administrazioko langileen lan baldintzen alde», esan zuen LABeko Isabel Artiedak, manifestazioa atera aurretik. «Ratioak behera, soldatak gora», «Behin-behinekotasuna prekaritatea da» eta «gastu militarra eskola eta ospitaleentzat» oihukatu zuten manifestariek, ibilbide osoan. Sarasate pasealekua jendez bete zen, protestaren bukaeran.

Sindikatuak «pozik» azaldu ziren kalera ateratako jendetzarekin, baina salatu zuten Nafarroako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak «neurriz kanpokoak» izan zirela, eta horrek «mugatu eta baldintzatu» egin zuela greba eskubidea. Gobernuak berak ere onartu zuen gutxieneko zerbitzuen langa «oso altu» jarri zuela, ospitaleetan batez ere, «administrazioaren eta oinarrizko zerbitzuen funtzionamendu egokia bermatu ahal izateko».

Horren ondorioz, greban parte hartu zuten langileen ehunekoa ez zen %10era iritsi. Nafarroako Gobernuak emaniko datuen arabera, administrazio orokorreko 17.887 langilek aukera zuten greba egiteko, eta horietatik, lanuztea babestu zuten 1.234k, guztien %7,72k, alegia; Osasunbideko langileen artean, berriz, handiagoa izan zen atxikimendua: 6.236 langile dira goizeko txandan, eta horietatik, erdiak baino gehiago gutxieneko zerbitzuetara lotu zituen gobernuak, baina, hala ere, 344k babestu zuten lanuztea [%9,87]. Hezkuntzan, azkenik, langile publikoen %8,31k bat egin zuten grebarekin.

Sindikatuek goizeko eta arratsaldeko mobilizazioak baliatu zituzten, gobernuari eskaera zehatz batzuk egiteko: hala nola «sektore publikoko pribatizazioa amaitzea» eta orain arte pribatizatu dena iraultzea; behin-behinekotasuna %8tik behera murriztea; arreta hobetzea; eta autogobernua erabiltzea «soldata igoerak, ratioak eta langile kopuruak Nafarroan erabaki daitezen». Hala ere, salatu dute gobernuak ez duela borondaterik erakutsi hori guztia negoziatzeko: «Benetako negoziazio bat nahi dugu, mahai sektorialetan eta mahai orokorrean». Bihar biltzekoa da Funtzio Publikoko mahai orokorra.

Igoera, inflazioaren azpitik

Javier Remirezek, Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak, «hitz egiteko borondatea» adierazi du, eta gaineratu du gobernuak «proposamen zehatzak» aurkeztuko dituela biharko mahai orokorrean. Argi utzi zuen, hala ere, ez dutela asmorik langile publikoen soldata igotzeko: «Zintzoak izan gara lan baldintzak hobetzeko negoziazioetan, argi esanda ez dugula onartuko soldaten igoera orokor bat».

Remirezen irudiko, «urrats garrantzitsuak» egin ditu gobernuak lan baldintzetan, baina «mugak» jarri dituzte, «aurrekontuen bideragarritasunagatik». Nafarroak %6,4ko inflazioarekin bukatu zuen 2022. urtea, baina langile publikoen soldata ez da neurri berean handitu: %3,5 igo zen 2022an, eta %2,5 aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.