Greba Nafarroako funtzio publikoan

Kontraste handiko argazkia

Administrazioko langile asko joan da lanera, hezkuntza arloan ikastetxearen araberakoa izan da erantzuna, eta osasun etxeetan orotariko panorama eragin du sindikatuek deitutako lanuzteak.

Nafarroako Unibertsitate Klinikako eraikin nagusiko ate birakarian, grebaren kartelak eskegita. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Goizeko zortziak dira, eta Ingurumen eta Landa Garapeneko Departamentura sartzen den pertsonen jarioa etengabea da. «Sindikalista al zara? Ez dut ezer jakin nahi, bezperan liskarra izan bainuen», aipatu du euretako batek. 07:30etik 09:00ak bitarte egoitzan sartzeko malgutasuna dute bertako langile publikoek, eta atarian direnek «normaltasuna» nabarmendu dute. Kristalezko egiturari esker, eraikina erakusleiho erraldoi bat da, eta kanpoaldetik bulego guztiek argiak piztuak dituztela eta jendea lanean dagoela antzeman daiteke.

Alboan den Gizarte Eskubideen Departamentuko egoitzaren egitura erabat diferentea da, eta hormek ez dute ikusten uzten barrualdea. «Goiza ohi baino lasaixeago dago, baina normaltasuna da nagusi», dio zaindariak, langileen sarrerari buruz galdetuta.

Ikusi gehiago:Nafarroako administrazio publikoko langileen greba

Zaila da etxean geratu direnen arrastoari jarraitzea, eta are zailagoa, haiei iritzia eskatzea. «Hemen bakoitza libre da greba egin behar duen edo ez erabakitzeko», esan du bizikletaz lanera joan den langile publiko batek. Ez dute izenik eman nahi, egunerokotasunari heldu nahi diote.

Handik gertu, larrialdi zerbitzuen koordinazio gunearen egoitza dago, eta langileetako bat sartzear dago: «Hemen denok egingo dugu lan, gutxieneko zerbitzuek hala behartuta». Dena den, onartu du berak ez lukeela greba egingo, deialdiak nahasmen moduko bat eragin diolako. Pentsatzen zuen osasun arloko aldarrikapenekin zuela zerikusia eta bat-batean langile guztiak lanuztera deitu direla ikusi du. Udaberrian egitekoak diren hauteskunde sindikalek bere eragina izan dutelakoan dago.

Osasun etxeetan, denetarik

Metro eskasera, Bigarren Zabalguneko osasun etxeko harreran, administrazioko langileetako bat gainezka dago telefonoari erantzuten. Lehen orduan herritarren deiak jaso ohi dituzte osasun etxeetan, eta apenas duen betarik inorekin hitz egiteko. «Gutxieneko zerbitzuen ondorioz, sei langiletik bi baino ez gaude herritarrak artatzeko, eta nahikoa lan badugu orain», kexu da. Grebaren eragina nabari da, «langileen erdiak baino gutxiago» baitaude.

Guztiz bestelako erantzuna eman dute Arrosadiko osasun etxean. Administrazioko lau langile daude harreran, eta gainerako adar guztietako langileak etorri direla nabarmendu dute bertan. Ateetatik sartu-irten dabiltzan erizainak eta medikuak bertan direla ikus daiteke. Giro lasaia dago, herritar gutxi baitaude barruan.

Tarteko irudia utzi du Iturramako osasun etxeak. Sarreran, herritarren ilara luzea dago administrazioko langile bakarra dagoelako haien eskariei erantzuteko. Eraikin barruan, baina, erizainetako batek onartu du administrazioan salbu gainerako arloetan langileak normal ari direla lanean.

Kontraste nabarmena izan da baita ere Iturrama auzoko ikastetxe publikoen artean. DBH 2 eta Batxilergoa eskaintzen ditu D ereduko Iturrama institutuak, eta ikasleak sartu berri dira eraikinean, eta, gutxieneko zerbitzuen arabera, gelak gainbegiratzeko lau irakasletik bat dago. «Gainerakoek greba egin dute», nabarmendu dute Maria San Martin ikasketaburuak eta Arantxa Irisarri zuzendariak. D eredukoa da Amaiur ikastetxe publikoa (Haur Hezkuntza eta DBH 1, eta han ere antzera gertatu da. Bertan, gutxieneko zerbitzuak bermatzeko, hiru irakasletik bat etortzeko betekizuna eman du Hezkuntza Departamentuak. Egun, 38 irakasle daude, eta gutxieneko zerbitzua bete ez duten besteek lanuztea egin dute. «Haur asko etorri dira, baina. Nik nireak, adibidez, etxean utzi ditut, baina 400etik erdiak inguru etorri dira», aipatu du Miren Aldaia zuzendariak.

Aldiz, A eta G ereduetan dihardute Iturrama ikastetxe publikoan (Haur Hezkuntza eta lehen DBH), eta ohiko egun bat izan da. «Irakasle guztiak etorri dira, nik dakidala», aipatu du atezainak.

Nafarroako Unibertsitate Klinikan barna mugituz gero, ohiko egun bat dirudi. 10:45 aldera, Nafarroako Gobernuaren egoitzarantz mugituko diren pertsonak elkarretaratu dira, eta horien artean bata zuriak eta urdinak antzeman daitezke. «Ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak dira. Gutxienekoaren azpitik gaude jada. Ezin dugu grebarik egin», kritikatu du Javier Fernandez zeladoreak. Antzeko iritziak entzuten dira galderei erantzuten dietenen artean, eta nabarmendu dute «bost minutu» baino ezin izan direla atera. «Ez digute greba egiten uzten. Pazienteei arreta bermatzea ulergarria izan daiteke, baina nahieran erabiltzen dute argudio hori. Ez dakigu zenbat hitzordu eten diren».

Elkarretaratu diren osasuneko langile horien artean nabari da haserre daudela Sindikatu Medikoak bereizi nahi izan duelako euren lan baldintzen negoziazio mahaia. «Lotsagarria da», kritikatu du langile batek, berdintasuna aldarrikatzearekin batera. Orokorrean euren baldintzak hobetu eta lehen arreta indartzea eskatu dute, «hori baita sistema publikoaren oinarria». Kontraste handiko goiza izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.