Vanesa Vadillo. Asafeseko psikologoa

«Suizidioaz hitz egitea, askotan, arrisku egoerak detektatzeko modu bat da»

RAUL BOGAJO/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko otsailaren 17a
00:00
Entzun

Hezkuntza arloko profesionalek buruko gaitzen prebentzioan lan egiteak berebiziko garrantzia duela dio Vanesa Vadillo Asafeseko psikologoak, eta suizidioa prebenitzeko ondutako gida «praktikoa» dela helburu horretarako. Ahalik eta ikastetxe gehienetara iritsi nahi dute. nerabeen osasun mentala eta gida bat ondu dute Asafes Buruko Gaitza Dutenen eta Senideen Arabako Elkarteak, Vital Fundazioak eta Aidatu Euskal Suizidiologia Elkarteak.

Zein da gidaren xedea?

Gida praktikoa eta dinamikoa da. Hezkuntza arloko profesionalei tresnak eman nahi dizkiegu osasun mentalari heldu ahal izateko, batez ere prebentzioaren eta sustapenaren ikuspegitik. Era berean, suizidioaren gaia lantzea nahi dugu, horri buruz hitz egitea, askotan arrisku egoerak detektatzeko modu bat baita.

Gabezia bati erantzun nahi diozue.

Joan den ikasturtean ikastetxe askok behin eta berriz egindako eskaeraren ondorio bat da. Astero hainbat ikastetxetatik deitzen ziguten, ordura arte ikusi gabeko egoerak zituztelako ikasgeletan eta ez zekitelako nola kudeatu. Laguntza eskaini nahi diegu orain.

Zenbat ikastetxeren esku utziko duzue gida?

Ahalik eta ikastetxe gehienetara iristea nahi dugu. Bereziki, landa eremuetako eskoletara iritsi nahi dugu, han baliabide gehiagoren premia dutelako; tresnak eman nahi dizkiegu. Gida haien eskura jartzeaz gain, haiengana joan eta bertan hitzaldiak emateko asmoa dugu.

Zergatik da prebentzioa hain garrantzitsua?

Berebiziko garrantzia dauka umeak txikiak direnetik alderdi emozionala eta trebetasun sozialak lantzeak. Eta, batez ere, oso garrantzitsua da laguntza eskatzen jakitea. Gaixotasun mentala beste edozein gaixotasun bezalakoa da: laguntza behar baduzu, eska ezazu, eta, espezialista batengana joan behar baduzu, joan zaitez.

Osasun mentalaren gaiak estigma handia du oraindik?

Bai. Ez dira gauza bera ondoez psikologiko bat izatea edo psikologoarengana laguntza eske joatea, eta gaixotasun mental larri bat izatea. Buruko gaixotasun larriek, hala nola eskizofreniak edo nahasmendu bipolarrak, estigma handia dute, eta haien inguruan dauden mitoak apurtzeko lan handia egin behar da oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.