Ugo Mayor.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Olentzerori eskatutakoak

2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Eskuak-maskara-distantzia: denok dakigu nola saihestu. Eta pandemiak berriro gora egiten badu, ardura herritarrona. Lehengo olatuan ezustean harrapatu gintuelako. Bigarren gorakadan, gazteak txarto portatu zirelako. Hirugarrenean, tabernariengatik. Oraingoan, bizi unitate ezberdinetako herritarrek Gabonak elkarrekin ospatzeko eman zaien aukera erabili dutelako. Eta bosgarrenean? Eta seigarrenean? Noiz arte egotziko zaigu herritarroi agintarien ezgaitasun, jakineza edota zurruntasunaz sortutako egoeraren ardura? Txertoak ailegatu bezain laster ipini ez izana ere oporretan egoteari egotzi zaio. Pandemia batean, birusak oporrak hartuko balitu bezala. Inoiz etenik ez duten oinarriko zerbitzurik ez balego bezala. Profesionalak izan, badira, baina lantaldeak antolatu behar dira. Ez da izango kudeatzaileak zeudela oporretan?

Ireki-itxi-ireki-itxi-ireki-itxi, olatuz olatu. Noiz arte? 2020. urtearen bigarren partean lehengo erdian bezainbeste hildako izan ditugu. Zerbait ikasi genuen udaberrian? Nik Olentzerori hainbat eskari egin dizkiot, gure mendebaldeko hiru probintzietatik, zero COVID estrategia helburu. Baina momentuz ez dut oparirik jaso. Badaezpada, hemen idatziko dut berriz, ea datorren konfinamendutik atera orduko norbaitek irakurtzen duen:

1- Udaberriko arratsaldeetako txaloak gorpuztu. Osakidetzak kudeatzen duen Lehen Arreta indartzeaz gain, Osasun Sailaren barruko Osasun Publikorako egiturak indartu. Pandemia baten kudeaketak behar duen begirada globala behingoz eman diezaiogun.

2- Diagnostiko sarea biderkatu: laginketa. Hisopoak jasotzeko pertsonal gehiago behar da. Hau egiteko (baita txertaketarako ere) formakuntzaz gaitasuna duten profesional asko ditugu herri honetan, lanaldi murriztuta edo langabezian direnak gaur egun. Pandemiak irauten duen bitartean, ekonomia sustatuko litzateke, gainera, lan poltsa honen bitartez.

3- Diagnostiko sarea biderkatu: analisia. Unibertsitateak eta zentro teknologikoek dituzten ekipamendu eta adituekin, Osakidetzak egiten dituen beste hainbeste PCR egiteko aukera dago. Gainera, PCRen sentsibilitate handiari esker, hamar pertsonaren laginak batera azter daitezke. Horrela, guztira, egunean 100.000-200.000 pertsonari PCR analisia egiteko aukera legoke.

4- Aztarnatzaileen lantaldeak indartu, baita tresna eta lantalde informatiko berriak gehituz ere, kutsatze kateak ahal eta azkarren eteteko. Orain arte, positibo baten kontaktu izan diren kasuak atzemandakoen %50era ez dira ailegatzen. Helburua %100 izan beharko litzateke. Lantalde hauetan gaur egun langabezian geratu diren zenbait profesional sartuko balira (bidai agentzietako langileak adibidez), beste erronka bati egingo genioke aurre.

5- Kasu positiboen birusaren aldaerak aztertu. SARS-CoV-2 birusaren mutazio arriskutsuak zabaltzen hasiak dira hainbat herrialdetan. Eta birusaren hedakuntzari aurre egiteko informazio hau guztiz beharrezkoa da, baina ez da biltzen ari, hemengo zentro teknologiko eta unibertsitateetan azterketa genomiko hau egiteko ekipamendua eta gaitasuna dagoen arren.

6- Bakartuta egon behar duten kasu positiboentzat azpiegiturak antolatu. Jende gehiena beste norbaitekin bizi da etxean, eta birusa hedatzen jarraitzeko arriskura bultzatzea ez da onuragarria gizartearentzat. Hutsik edo itxita dauden hotelak-eta honetarako erabiliko bagenitu, ekonomia suspertuko litzateke eta, gainera, bakartzeak behar bezala betetzen direla ziurtatuko genuke.

7- Berrogeialdia bete ahal izateko laguntza ekonomikoak bideratu. Horrela, orain ez bezala, kontaktu guztiak komunikatzen direla ziurtatuko genuke; gainera, diru beharrengatik inor ere ez litzateke berrogeialdia bete gabe geratuko.

Birusaren hedatze zabalari esker, bere genoma eraldatzen ari da; eta geroz eta arrisku gehiago dago aldaketa horiek txertoaren eraginkortasunari kalte egiteko. Horregatik, guztiz desagertaraztea ezinezkoa gertatzen bazaigu ere, helburua behintzat birusaren hedapena ahalik eta gehien murriztea izan behar da, orain ez bezala. Hildakoen eta larri gaixotutakoen zenbakiak ere murriztuko genituzke. Gainera, gure bizitza soziala zabaldu genezake, eta ekonomia berrindartu. Herrialde gutxi batzuetan lortu dute. Guk zergatik ez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.