Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

«Zerumuga berdearen» bandera

Klima larrialdirako lege bat eta hondakinak kudeatzeko beste arau bat proposatuko ditu Elkarrekin Podemosek. Koronabirusa dela eta, EH Bilduk uste du bozak ez direla «lehentasuna» izan behar

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaia, atzo, Forum Europan. MIGUEL TOÑA / EFE.
jon olano
2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Elkarrekin Podemos bi indar politikoren arteko koalizio gisa aurkeztuko da Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara; Ahal Dugu-ko eta Ezker Anitzako kideek osatuko dituzte zerrendak eta programa bateratua izango dute; baina, oraingoan, ekuaziotik kanpora utzi dute Equo, 2016-2020 legealdian talde parlamentarioaren parte izan dena. Koalizioak alderdi ekologista galdu du, baina, atzo, Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak ahaleginak egin zituen erakusteko alderdi hori izan dela ekologismoari dagokionez koalizioak galdu duen gauza bakarra; alegia, mezu eta proposamen ekologistak ere badirela Elkarrekin Podemosen bandera. Horregatik, «Euskadirentzako zerumuga berde bat» planteatzeaz mintzatu zen.

Forum Europan hitz egin zuen Gorrotxategik; zortzi orrialdeko diskurtsoa osatu zuen, eta seitan izan zuen hizpide klima larrialdia; batetik, nazioarteko testuinguruari buruzko diagnostikoa egiteko eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegorako neurri zehatzak proposatzeko. Izan ere, uste du «hondamendi globala azaleratzen» ari dela, eta beharrezkoa dela egoera «errotik» aldatzea. Horretarako proposatu du «zerumuga berdea»: «iristen ari den sistema berri baten buruan egoteko».

Kezkatzeko datuak eman zituen: esaterako, «benetako mehatxua» dela 2100. urterako itsasoaren maila hiru metro haztea, eta 2016a azken 137 urteetako beroena izan zela. «Euskadin joera orokor horretatik goaz. Munduko biztanle guztiek gure bizimodu bera balute, 2,65 planeta beharko genituzke. Erreferentzia gisa, [Espainiako] Estatuaren batezbestekoa 2,5ekoa da, eta Txinarena, 2,2koa; mundu mailakoa, 1,75ekoa. Lan eskerga dugu egiteko», gaineratu zuen.

Elkarrekin Podemosek klima larrialdirako lege bat eramango du legebiltzarrera, «gure ekonomiarekiko eta jarduera industrialarekiko transbertsalak diren helburu anbiziotsuekin». Klima Aldaketaren Lege aurreproiektua bideratu zuen EAJk, baina Gorrotxategik uste du arau hori «zaharkituta» geratuko dela sortzen denerako. Horren ordez, Elkarrekin Podemosen proposamenak «helburu argiak» izango ditu, eta «egungo oligopolioa apurtzeko energia enpresa publiko bat» eratuko du, «gehien kutsatzen dutenei zerga handiagoak ordainarazteaz» aparte.

Elkarrekin Podemosek zuzendutako Jaurlaritza bat «2050era begira» legokeela nabarmendu zuen Gorrotxategik, «ez hurrengo hauteskunde ziklora», eta ekonomia jo zuen trantsizio ekologikorako ardatz. Bide horretan zenbait neurri garatzeko asmoa azaldu zuen, hondakinen alorrean batez ere; hondakinak kudeatzeko beste lege bat taxutu nahi du koalizioak, besteak beste, hondakin kopurua «jatorrian murrizteko» eta «erabilera bakarreko plastikoak» debekatzeko.

Koaliziotik kanpo egonagatik, Elkarrekin Podemosi buruz mintzatu zen Jose Ramon Becerra Equoko lehendakarigaia. Uste du koalizioaren «espiritua» Equon islatzen dela, eta, horregatik, espero du alderdi ekologistarentzat izatea duela lau urte lortutako botoetako «asko».

Bestalde, koronabirusari buruzko agerraldi bat egin zuen atzo Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak, eta nabarmendu zuen hauteskundeak ez direla orain «lehentasuna»: «Pertsonak daude herrian, eta une honetan ez da beste lehentasunik egon behar». Osasun publikoari eragiten dion arazo «nazional» gisa definitu zuen koronabirusak sortutako egoera, eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari eskatu zien mahai bana eratzeko: «Ez da lehiarako unea, elkarlanerakoa baizik».

PSE-EE: 'Aurrera goaz'

Bestalde, hauteskunde kanpainarako kartela eta leloa aurkeztu zuen atzo PSE-EEk. Bederatzi lagun ageri dira irudian —sei gizon eta hiru emakume—, guztien erdian eta aurrean Idoia Mendia lehendakarigaia dutela. Leloa: Aurrera goaz euskaraz eta Ni un paso atrás (atzerapausorik ez) gaztelaniaz. Aurkezpenean, Mendiak azaldu zuen kartelak eta leloak laburbiltzen dutela «aurrera egiten jarraitzeko» sozialistek duten «bokazioa», eta gaineratu zuen haiena dela «elkarrizketaren eta akordioaren aldeko aukera». Era berean, erantsi zuen apirilaren 5eko bozetan jokoan dagoela «egonkortasun politikoa mantentzea» eta «gure hezkuntza eta osasun publikoa modernizatzen jarraitzea».

Azken legealdian EAJren gobernukide izan da PSE-EE; ezkerreko indarren aliantza bati buruz galdetuta, Leixuri Arrizabalaga EAJko Bizkaiko zerrendaburuak «erabat desegoki» jo du aukera hori. Onda Vascan, galdetu zuen zertan datzan «ezkerreko ardatz» hori: «Zer egitasmo daukate? Zertan jarriko dira ados? Hainbat gairen inguruan ezin dira ados jarri, beraz nik ulertzen dut ezkerreko ardatz hori guztiz desegokia izango litzatekeela, bereziki herritarrentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.