Silvia Gambarte.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Ezinbestekoak lan egiteko, baina ez txertoa hartzeko

2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
EAEko herritarrek elkartasuna adierazi behar dute berriz ere, eta ulertu zaurgarrienak eta kutsatzeko arriskurik handiena dutenak babestu behar direla lehenik COVID-19aren aurka». Hori esan die Eusko Jaurlaritzak herritarrei, zeintzuek ondo baino hobeto ulertzen baitute zaurgarrienek eta gaitza harrapatzeko arriskurik handiena dutenek hartu behar dutela lehenik txertoa. Herritar horiek ulertzen ez dutena zera da, zergatik oraindik ez dituzten txertatu ezinbestekoak izan ziren langile horietako gehienak.

Dena itxi zuten urtean, munduari leihotik begiratzen ikasi genuenean, elkartasuna gero eta handiagoa zeneko urte horretan, ez genukeen bizirik iraungo ezinbesteko langileak gabe. Baina ez ziren osasun langileak bakarrik izan ezinbestekoak. Beste milaka langile ere etxetik ateratzen ziren goizero, ezinegonez, birus ezezagun bat isilean erasateko prest zegoela eta. Autobusez bidaiatzen zuten, trenez, metroz. Ahoa eta sudurra estaltzen zituzten, ahal zuten moduan. Eta norbere lanpostura iristen ziren, non onenean ere maskara kirurgiko bat eta eskularru batzuk emango zizkieten.

Langile horiei esker, itxialdia eramangarriagoa egin zitzaigun. Supermerkatuetan arreta ematen ziguten, irribarrea galdu gabe: haien begietan islatuta ikusten genuen. Beldurra eskularruekin estaltzen zuten guk behar genuen edozein produktu berriz salgai jartzeko. Bidaiatu egiten zuten behar genuen guztia ekartzeko. Beste batzuk, lixiba usainez blaituta, garbitu eta garbitu aritu ziren, birus madarikatu horren aztarna guztiak ezabatzeko. Gure adinekoak zaindu zituzten, eta askok etxea garbitu ziguten. Babestu egin gintuzten. Ospitalera eraman gintuzten.

2020an, milaka langilek arriskuan jarri zuten beren osasuna, birus hilgarri batez kutsatzeko arriskua hartuta. Supermerkatuetako kutxetako langileak, apal-betetzaileak, garbitzaileak, ofiziozko abokatuak, garraiolariak, taxilariak, segurtasun langileak, gidariak... Kolektibo horietako kide askok oraindik ez dute hartu txertoa.

Apirilean, supermerkatuetako kutxetako langileek manifestazioa egin zuten Eusko Jaurlaritzaren aurrean, haien txertaketa atzeratu egin zutelako, ez baitzituzten lehentasunezko kolektibotzat jo.Nola ez dira lehentasunezkoak izango ezinbestekoak izan ziren horiek?

Sindikatuek oraindik ere salatzen dute Eusko Jaurlaritzak ez duela betetzen txertaketa estrategia, eta eskatzen dute kutsatzeko arrisku handia duten langileak sar ditzatela txertaketa planetan.

Jaurlaritzak erakutsi behar du herritarrak zaintzen dituela, eta 2020an bizimodua erraztu ziguten horiengandik hasi beharko luke, birusarekin kutsatzeko arriskuan egon baitziren, eta 2021ean ere hala baitaude. Bada garaia ezinbesteko langileak immunizatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.