Etxeak bizirik, auzoa bizirik

Itxaso Viñe eta Ruben Sanchez
2023ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Hauteskunde urtean sartu gara eta politikariak gure miseriekin kanpaina egiten hasi dira. Poltronak eskuratzeko lehian, beren ustelkeria kasu, mozkin eta ganoragabekeriaz hitz egin ez dezagun, pertsonok gure artean etsai gaitezen saiatuko dira beste behin ere.

Azkenaldian okupazioaren kontra aritu dira zenbait hedabidetan eta Gasteizko udaletxean bertan, Errekaleor Bizirik proiektua osatzen dugunon aurka joaz, hain zuzen ere. Orain dela bost urte eta erdi argi mozketa justifikatzeko erabili zuten diskurtso bera kaleratu dute: ze muturra dugun; zenbat ordaintzen duen udalak ura, zaborra eta bestelakoengatik; gasteiztar guztiona dena pribatizatu dugula...

Esaten dute bederatzi urteotan, Gasteizko Udalak 500.000 euro gastatu dituela hainbat zergagatik eta uraren kontsumoagatik, batez beste 120 pertsonaren kontsumoa izanda. Datuak noraino dauden manipulatuta jakin gabe ere, Gasteizko Udalari galdera: zenbat kostatu da Errekaleorretik lehengo auzokideak kanporatu eta auzoa abandonuan uztea? Edo gure muturrei aipu zuzena egin dietenez gero: zergatik ez dute alderatzen diru kopuru hori euren soldatekin, alderdi politikoek jasotzen dituzten subentzio publikoekin, zenbait hedabideren diru-laguntzekin edota Ensanche 21 mantentzeko urteetan xahutu dutenarekin.

Argazkiaren zati bat erakusten digute gure iritzia haien neurrira izan dadin. Kalean, ordea, kapitalaren piramidearen goiko erpinean ez gauden langile, pentsionista, jubilatu, migrante eta gazteok gorriak ikusten ari gara. Eta garai okerragoak iragartzen dizkigute: gure oinarrizko betebeharrak asetzeko gero eta arazo gehiago izango ditugu eta amorrua areago zabalduko da gure artean. Baina hor daude masa-hedabideak, amorru hau, kapitalismoaren makineria sostengatzen duten enpresari eta politikarien kontra zuzendu beharrean, «okupak», «etorkinak», «grebalariak» eta abar kriminalizatu ditzagun.

Zergatik defenditzen dugu okupazioa?

Okupazioa, etxebizitzaren merkantilizazioaren aurrean alternatiba eta borroka egiteko bitartekoa da. Etxebizitza duin bat izatea eskubidea dela diote, baina errealitateak guztiz kontrakoa erakusten digu: banketxeek, espekulatzaileek eta jabetza pribatuak, Gasteizen alde batean 15.000 etxe huts eta bestean etxerik gabeko pertsonak eta desjabetzeak egotea eragiten dute.

Etxebizitza-eskubidea bera bermatzeko bidea da okupazioa, eta, bide batez, egoera hau salatzeko tresna. Zer gertatuko litzateke gero eta gehiagok okupatuko bagenu? Benetako azal lodikoei txolloa bukatuko litzaiekeela.

Bide batez, udalaren gastuak direla eta: etxebizitza bezala, argindarra eta ura ere doakoak eta unibertsalak izan beharko lirateke.

Zer da Errekaleor Bizirik eta zergatik eraitsi nahi dute?

Errekaleor auzoa berriztu eta berpizteko proiektu kolektiboa da. Autogestioaz eta okupazioaz baliatzen dena horretarako; etxeak ez dira norbanakoenak, auzoarenak baizik. 100 pertsona baino gehiagok dugu bizilekua auzo honetan: ikasleak, langileak, langabetuak, familiak, Euskal Herrian jaioak zein kanpotik etorrikoak; eta euskaraz, feminismoaz eta ekologiaz bat eginez bizitzen saiatzen gara. 2013an, lehenengo blokea okupatu zenetik, udalak euren gogoz kontra auzotik kanporatu zituen lehengo auzokideekin batera, etxebizitzak eta espazio komunak berriztu ditugu. Egun, eguzki plakei esker argindarra izaten dugu, irla energetiko bat izanik. Politikariek esaten dute publikoa pribatu bihurtu dugula; bada ez, kontrakoa: kapitalaren esku geratuko litzatekeen auzo hau askatu eta herriaren esku jarri dugu.

Azken urteotan, Errekaleorreko etxebizitza eta azpiegituretan lan gogorra egin dugu, baita garbiketan, kimaketan eta hamaika lanetan. Auzoa eta bertan garatzen diren ekimen guztiak diruaren logikatik at burutzen saiatzen gara. Gasteizko pertsona guztiei irekita dauden ekimen asko garatzen ditugu: herri gimnasioa, ludoteka, bizikleta tailerra, inprenta, zinema, kultur eskaintza zabala... Eta inguruko lurretan ehundik gora gasteiztarrek baratza dute. Finean, auzoak kudeatu eta eskaintzen dituen espazio komunak edozein eragileren erabilpenerako zabalik daude. Milaka pertsona, elkarte eta eragilek erabili dute Errekaleor azken bederatzi urteotan.

Errekaleorretik egotzi zituzten lehengo auzokideei esan zieten hemengo etxeak ez zirela bizitzeko duinak: mobbing inmobiliario bat izan zen, beste gentrifikazio kasu bat gehiago. Etxeak eta azpiegiturak duinak dira, eta guk segituko dugu haiek berriztatzen eta zaintzen. Pasatu zen Maroto, pasatuko da Urtaran eta pasatuko dira etorkizuneko alkate zein zinegotziak; guk, Errekaleor Bizirik-ek, aurten10. urteurrena ospatuko dugu, etaargi mozketa izan zenean oihukatu genuen bezala, iragartzen dizkiguten garai beltzen aurrean, oihu egiten dugu: Datozela bat, bi, hiru, ehunka Errekaleor gehiago. Gu bidelagun izango gaituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.