Albistea entzun

Google bateraezina da hezkuntza akordioarekin

Miren Berasategi Zeberio, Diana Franco Eguren, Mikel Gartzia Santamaria eta Dabid Martinez Perez - Hezkuntzan Librezale

2022ko maiatzak 10

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Google Cloud Emea Limited enpresarekin hitzarmena sinatu du, «Hezkuntza Saileko ikastetxeetan Google Workspace for Education zerbitzuak erabiltzeko», duela bi aste Euskal Herriko Aldizkari Ofizialak argitaratu zuenez. Ebazpenak apirilaren 11ko data du, hezkuntza lege berrirako oinarriak jasotzen dituen testua onartu zenetik lau egun igarota, beraz.

Hitzarmenak lau urterako zehazten du «Googlerekin lankidetza», Hezkuntza Sailaren mendeko diren ikastetxe guztietan Google Workspace for Education zerbitzuaren «berri eman eta horiek hartzea sustatzeko». Sustatze hau, alabaina, hezkuntza lege berrirako akordioan jasotako «digitalizazio etiko, arduratsu eta euskaldunaren» erabat kontrakoa da, kronologia esanguratsuan etortzeaz gain: pentsatzekoa da hitzarmena prest egongo zela hezkuntza akordioa adostu eta onartu zen bitartean.

Hilabeteak iraun duen ponentzia batetik eratorritako hausnarketa sakon baten ondoren, Legebiltzarrak gutxitan ikusten den gehiengo zabal batez onartutako akordioak jasotzen du «ikasleen eskubide digitalak eta pribatutasuna» errespetatuz eta «bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz» eramango dela aurrera euskal hezkuntza sistemaren digitalizazioa. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak «testuarekiko leialak» izango direla adierazi bazuen ere, hitzarmen honekin, horiek guztiak bazterrean utzi dira.

Googlek datuen tratamenduari buruz eransten duen gehigarrian Europako Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra errespetatuko duela zehazten badu ere, AEBetako multinazional erraldoia araudi hori urratzeagatik isunik altuenak jaso dituztenen artean dago, eta bat baino gehiago jaso ditu gainera, erabiltzaileei euren datuekin zer egiten duen behar bezala ez jakinarazteagatik eta, beraz, baimen egokirik gabe haien datuak jaso eta tratatzeagatik, hainbat plataformaren bitartez (bereziki, Youtube eta Google Analytics). Ez da ahaztu behar, hitzarmenean bertan, datuen tratamenduari buruzko gehigarri hori «erreferentzia gisa» eransten zaiola hitzarmenari, eta Googlek nahi duenean egin ditzakeela aldaketak bertan, adibidez, «merkataritzaren ikuspegitik arrazoizkoak badira».

Hitzarmen honetan alde bakoitzak hartutako konpromisoak inongo kontraprestazio ekonomikorik edo diru-trukerik gabe gauzatuko direla jasotzen da. «Argitze aldera, hitzarmen hau doakoa» dela zehazten bada ere, berez ikasle eta irakasle guztien datuak ematen zaizkio Google multinazional pribatuari lau urtez, bere zerbitzuen truke. Doakotasun honek, bide batez, ohiko lehiaketa publikoko prozedurak saihestea posible egiten du. Kostu ekonomikorik ez badago ere, hitzarmen honetan hartutako konpromisoa garesti aterako zaio euskal hezkuntza komunitateari.

Pribatutasunaren urraketa hauexek izan ziren, hain zuzen, 2019an Alemaniako Gobernua Googleren lainoak hezkuntzan erabiltzea debekatzera eraman zuena. Gurean, aldiz, besoak zabalduta jaso eta besterik gabe sinatu da hezkuntza eremuan Google «erabili eta sustatzeko» konpromisoa. «Ebidentziak bildu beharrean enpresak emandako hitzaz fidatzen da administrazioa», Hezkuntzan Librezaleko Jokin Lacalle kideak azpimarratu zuenez.

Hitzarmenak jasotzen du ezin zaiela erabiltzaileei baimenik eman «(a) Zerbitzuetatik eratorritako obrak kopiatu, aldatu edo sortzeko; (b) atzeranzko ingeniaritzako teknikak aplikatzeko, Zerbitzuen iturburu-kodeak deskonpilatu, itzuli, desmuntatu edo beste modu batera kode horiek zati batean edo osorik ateratzen saiatzeko»: auditagarritasuna eta berrerabilgarritasuna, beraz, hitzarmenak berak ukatu eta debekatzen du.

Era honetako murrizketak bezeroari, Hezkuntza Sailari kasu honetan, aplikatzen zaizkio; ez dago hornitzaileari egotzitako murrizketarik, Googlek berak bere buruarentzat zehaztutako eranskinetan jasotzen ez denik.

Googlek eskaintzen duen zerbitzuaz gain, hitzarmenak «produktu gehigarriak» eskura jartzen dituela ere aipatzen du. Horien kasuan, zerbitzu orokorrari dagozkion baldintzak «ez zaizkio aplikatzen Bezeroak erabiltzen duen Produktu gehigarri baten hornikuntzarekin lotutako datu pertsonalen tratamenduari»; hau da, ohiko zerbitzutik kanpo diren produkturen bat gaitzen badu bezeroak, «Zerbitzuek ahalbidetu egingo dute haiek Bezeroaren Datu pertsonalak eskuratzea». Zerbitzu orokorraren barnekoak edo produktu gehigarriak zeintzuk diren, ordea, ez da inon jasotzen dokumentuan, gardentasuna eragozteko ariketa argi batean.

Hitzarmen honek lau urterako konpromisoa lotzen du Googlerekin, Hezkuntza Lege berrirako lanketaren atarian. Europako Batasuneko hainbat herrialde eta agintaritza Googleren gehiegikeriak salatu eta hauek mugatzeko legegintzan ari diren bitartean, hitzarmen hau jarrera inozente baten adierazle gisa baino ez daiteke hartu.

Googlerekin sinatutako lankidetza hitzarmen hau bertan behera uzteko atea ez dago, hala ere, erabat itxita, eta espero izatekoa da legearen erredakzio eta adostasun prozesuan akordioa sinatu duten alderdiek horretarako eskakizun sendoak bideratu eta ibilbidea zuzentzea. Ezin da ukatu, dena den, hezkuntza administrazioaren lehen ekintza honek, akordioan sinatutako hitz politen ondoren, ezbaian jartzen duela gehiengo zabalak babestutako akordioari ematen dion zilegitasuna.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.