Olatz Urkia
LEKU-LEKUTAN

Fukushimako ura, itsasora

2023ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Munduko Energia Atomikoaren Erakundeak (IAEA) argi berdea eman ondoren, erabakia hartua dago: udan Fukushimako ur erradioaktiboa gordetzeari utzi, eta Ozeano Barera isuriko dute. Erakundearen buruzagi Rafael Grossi Japonian izan da uztailean, eta prozesua aztertu ondoren ziurtatu du Fukushimako urak ez diola ingurumenari kalterik egingo. Ez daude, aldiz, guztiak horrekin ados. Batez ere bizilagunek, besteak beste Txinak eta Hego Koreak, ez dute ondo ikusten bere kostaldea ukitzen duen itsasora ur erradioaktiboa isurtzea. Errusia ere aurka agertu da; Greenpeace bezalako gobernuz kanpoko erakundeak eta inguruko uretan arrantza egiteaz bizi direnak ere prozesua geldiarazten saiatu dira Tokiok proiektua lehen aldiz duela bi urte aurkeztu zuenetik.

2011tik gorde duten ura

2011ko tsunamiaren ondorioz Fukushimako zentral nuklearra hondatu zenetik, Fukushimako erreaktore nuklearrak hotz mantentzeko ura erabiltzen egon da Tepco enpresa elektriko japoniarra. Ondorioz, zentralak egunean 100 metro kubiko hondakin-ur produzitzen ditu. Orain arte tanke erraldoietan gorde dute ura, baina dagoeneko mila tanke dituzte, eta lekua falta zaie. Tokiok dio aukera hori ez dela epe luzera jasangarria, eta ur hori diluituta eta tratamendu berezi bat pasatu ondoren itsasora isurtzea proposatu du. Ez da bat-batean egingo, pixkanaka baizik; 30 urte beharko dituzte 1,3 milioi tona hondakin-ur isurtzeko.

Gehienbat erreaktoreen nukleoak hozteko erabili den ura da; beste zati bat Fukushimako euri kutsatua eta lurrazpiko ura dira. Tokiok ziurtatu du hori egin baino lehen ura sistema berezi batzuen bidez tratatu eta elementu erradioaktiboak kenduko dizkiotela. Hala ere, elementu horietako bi, tritioa eta karbono-14a, hain zuzen ere, ezin dira ezabatu. Hidrogenoaren eta karbonoaren forma erradioaktiboak dira, eta ezin dira uretik banandu. Substantzia hauek ingurumenean naturalki existitzen dira, uretan, baita pertsonen gorputzean ere. Erradiazio kantitate txikiak sortzen dituzte, baina kantitate handitan kontsumitu ezkero arriskutsuak izan daitezken bi substantzia dira.

Tepco enpresak argudiatu du ur kutsatua itsasoko urarekin oso kantitate txikietan diluitu eta ondoren isuriko dutela, baina prozesuan akatsak izan litezke, eta istripuz hondakin-urak diluitu gabe isuri. Enpresa elektrikoak ziurtatzen du hori eragozteko balbula-sistema berezi bat garatu dutela. Hala ere, Tepco ez zen 2011n zentral nuklearrean ezbeharra eragozteko gai izan, eta prozesu honekin kritikoak direnek ez dute ikusten orain konfiantza izateko arrazoi nahikorik.

Itsasoa beste behin ere zabortegi

Erabakia gatazkatsua da, eta bai munduko zientzialarien artean, bai inguruko herrialdeen artean ere kezka handia sortu du. Kexei erantzunez, Tokiok azpimarratu du ozeanora hondakin-urak isurtzea beste herrialdeek ere egiten duten ohiko zerbait dela. Ekologistek, aldiz, diote hori egia izateak ez diola Tokiori arrazoi gehiago ematen, aurkakoa baizik: itsasoa zabortegi bezala tratatzeko joera hori behingoz bertan behera utzi behar dela diote; are gehiago orain, klima aldaketaren arazoari aurre egiten ari garenean.

Txinak eta Hego Koreak defendatu dute oraingoz ura tankeetan gorde beharko luketela, gutxienez horrela denborarekin hondakin-urak tratatzeko sistemak garatzea lortu litekeelako.

Zientzialari askok Tokioren plana defendatu duten arren, beste askok salatzen dute ez dela nahikoa aztertu ur erradioaktiboek itsasoan izango duten eragina. Gainera, etorkizunean uste zen baino eragin handiagoa sumatzen bada, beranduegi izango da atzera egiteko. Epe motzera proiektuak inguruko arrantzaleengan eragin handia izango duela ezin da ukatu, Nazio Batuen Erakundearen onespenarekin ere Fukushimako uretan hazi diren arrainak jatea ez baita izango bezeroentzat ideia erakargarria: inguruko itsasoetan arrantzaz bizi direnek produktua saltzeko arazo larriak izango dituzte. Eta hori epe motzera, baina epe luzera ondorioak askoz larriagoak izan litezkeela salatzen dute aukera honen aurka daudenek. Substantzia erradioaktiboek arrainengan eragina izan eta espezie batetik bestera pasatu litezke.

Kritikoek proiektuaren arriskuak salatzen jarraituko duten arren, Tokiok, nahi badu, atea zabalik du guztia abuztuan martxan jartzeko. Beijingek gogor erantzun du esanez pauso hori eman baino lehen Tokiok inguruko herrialdeen onespena jaso beharko lukeela, eta hori egin ezean ondorioei aurre egin beharko diela. Hego Koreako Gobernuak, azken urtean Japoniarekin harremanak hobetzen saiatu denez, erantzun leunagoa eman du, esanez Nazio Batuen erabakia onartuko duela; hala ere, herritarrak ez datoz bat: inkesten arabera, hego korearren %80 erabakiaren aurka daude, eta azken asteotan hainbat protesta izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.