urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Hamar urte

2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Hamar urte dira gaur hurrengo hamarkada markatuko zuen gertaeratik: Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako autonomia estatutuaren aurka emandako epaitik. Handik gutxira sortu zen olatu independentistarako mugarri bat jartzekotan, gaurko egunean jarri beharko litzateke. Perspektibaz begiratzeak Espainiaren jarrera historikoa nabarmendu baino ez du egiten.

Lau urte lehenago, 2006an, bidaia berezi bat egin nuen: Euskal Telebistako albistegietako prekaritatearen eta klientelismoaren ondorioz banekien ez zegoela lanik ni bezalakoentzat urtarriletik apirileko oporretara bitartean; irizpide publikorik gabe, ordezkapenak kuttunen —leialen— zituztenen artean hautatzen zituzten arduradunek. Bi urte baino gehiagoko kotizazioa galdu nuen, lau lanpostutarako oposizio publikoa egin eta bigarren puntuazio altuena lortu nuen arte.

Kontua da prekaritate hari esker auto zaharra hartu eta gure negutik urrunduz, Afrika mendebalderantz abiatu ginela, Ozeano Atlantikoari jarraikiz. Marokok okupatutako Mendebaldeko Saharan aspaldi ez bezala ari zuen euria, eta autoak halako batean Espainiako irrati bat sintonizatu zuen. GPSrik ez eta mugikorrek ere kokapenik ez zeukaten sasoian, Kanaria uharteen parean ginela ondorioztatzeko balio zigun. Irratiak zioenez, Kataluniako estatutuko puntu arantzatsuenak leunduta korapiloa askatzea lortu zuten, eta bazeukaten, azkenean, behin betiko testu bat.

Pasqual Maragall sozialista zen Kataluniako presidente, ERC zuela gobernukide. Jose Luis Rodriguez Zapaterok esana zuen Kataluniatik zetorkion estatutua onartuko zuela. Baina estatua eta PSOE bera ez zeuden testu hura onartzeko prest. Mauritaniara bidean bagenekizkien negoziazioaren zertzeladak: CiUk eta PSOEk —ez PSCk— adostu zuten testu berria. Kataluniako Gobernuari eta alderdikide katalanei entzungor, PSOEk eta Kataluniarik ustelenak —gogoratu urtebete lehenago Maragallek Artur Masi esana: «Arazo bat duzue eta %3 izena du»— isilpean adostu zuten behin betiko estatutua.

Krisi politiko garrantzitsua ekarri zuen, noski, baina PSCk irentsi behar izan zuen apo hura. Afrikatik itzuli eta udaberriko oporretan —noiz arte deituko diegu «Aste Santuko?»— egun batzuetako kontratua neukan, asteburuz lan egiteko ETBren Bilboko korrespontsalian. Iurretatik Barakaldora bidali ninduten, PSOEren gazterien ekitaldira. Alfonso Guerra ageri zen afixako izar nagusi. «Zurginek bezala, marrusketaz leundu genuen testu onartezin hura Kongresuan, aurretik Ibarretxe planarekin egin bezala». Cepillado ezaguna zen: espainolez «marrusketaz leuntzea» ez eze, larrutan egitea ere (izorratzea) esan nahi du. Gazteek barre-algaraka entzun zituzten buruzagiaren hitzak. «Nazionalistek bezala hitz egiten duten sozialistak» ere kritikatu zituen Guerrak, eta ideologia hari aurre egitera dei egin zien, nazionalismoak gizarteak zatitu eta gulagak sortzen zituela eta.

Mitin hartara figura historiko garrantzitsuago bat ere gonbidatu zuten: Santiago Carrillo buruzagi komunista. Arratsaldean zuen txanda, eta hasi eta laster bota zuen: «Nazionalismoaren aurka egoteko egin behar den lehen gauza nazionalista espainiarra ez izatea da». Kortesiazko txaloak bai, baina Guerrak piztutako algararik ez zuen lortu.

Testu urardotu hura eraman zuten erreferendumera 2006ko ekainaren 18an. PPk kontra bozkatzeko eskatu zuen, eta kanpaina nazionalista antikatalana hasi zuten Espainia osotik, cava xanpaina jomugan jarrita, besteak beste. PPrena zen musika, baina askoz gehiagok egiten zuten dantza doinu hartan. ERCk ere, haserre, ezetza eskatu zuen, Madrilgo bulego batean %3aren ordezkariek eta Espainiako sozialismo jakobinoenak adostutakoa onartezina zelakoan. Azkenean, abstentzio handia, baina nabarmen gailendu zen baietza. Maragallek berehala hauteskundeetara deitu zuen, eta PSOEtik alde egin zuen. Estatutua onartuta zegoen: Katalunian sortu, Madrilen kimatu, Bartzelonara itzuli eta herritarren babesa lortua zuen. Hilabete lehenago, Montenegrok Serbiatik bereiztea bozkatu zuen, eta NBEko kide zen ordurako.

Espainiako erregimen konstituzionalaren joko zikinaren lorpen bat gehiago izan zitekeen, erregimenari berari urte batzuetarako bake pixka bat emateko. Baina nazionalismo espainiarra harroegi zebilen, testu urardoturik ere onartzeko. Botere legegileak nahi zuena eman ezean hortxe zeukan judiziala, frankismotik inolako aldaketarik gabe indarrean. Eta epaile frankisten atea irekita, gustua hartu zioten. Kataluniako presidentea espetxean zegokeen erbesteko bidea hartu ez balu.

Lau urte geroago iritsi zen epaia. Lau urtez indarrean zegoen estatutu epel hura ere ez bazen sartzen Konstituzioan, Katalunia demokratikoak ez zeukan lekurik Espainian.

Milioi bat lagun irten ziren epaiaren aurka. Estatutuaren alde behar zuen manifestazioan independentzia oihuak nagusitu ziren. Handik astebetera Espainiako futbol selekzioan gizonezkoen Munduko Kopa irabazi zuen, Hego Afrikan. Milioika lagunek ospatu zuten herrialde guztian, Bartzelonan ere hainbat lagun izan ziren ospakizunetan, eta horrela auzia konpondu zela pentsatu zuen norbaitek Madrilen. Hamar egun beranduago, Kosovoz mintzo, Hagako Justizia Auzitegiak esan zuen nazioarteko legedian ez dagoela independentzia aldarrikapenak debekatzen dituen inolako legerik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.