Nafarroako inbestidura. Gobernu akordioa

Gobernu akordioa lortu dute PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrak

Inbestidura aurrera ateraz gero, hamahiru departamendu izango dira: sozialistek zortzi lituzkete; Geroa Baik, lau; eta Ahal Dugu-k, bat. Txibiteren arabera, itunak PSOEren babesa dauka

Eduardo Santos (Ahal Dugu), Maria Txibite (PSN) eta Uxue Barkos (Geroa Bai), atzo, Iruñean, Nafarroako Parlamentuan, gobernu akordioa lortu ondoren. VILLAR LOPEZ / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Espainian Pedro Sanchezen inbestidura aurrera atera ez izanak ez du ondoriorik izan Nafarroan. Sanferminen bezperan hurrengo legealdirako akordio programatikoa hitzartu ondotik, atzo gobernuaren egitura zehaztu zuten PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak —azken hori ez da han sartuko—. Maria Txibite PSNko kidearen inbestidura aurrera aterako balitz —EH Bilduko militanteen eskuetan egongo da zer erabaki hartu—, gobernuak hamahiru departamendu izango ditu: sozialisten eskuetan zortzi egongo dira, Geroa Baik lau izango ditu, eta Ahal Dugu-k, bat. Alderdiok azpimarratu zutenez, «ez da kuoten gobernu bat izango».

Alderdi bakoitzeko barne organoek berretsi arte, ez da behin betikoa izango. Dena den, zuzendaritzek babesa eman diotenez, ez da ustekaberik espero. Bihar bertan, PSNk militanteei galdetuko die akordioaren edukiari buruz. «Ez dut inongo zalantzarik baiezkoa izango dela erantzuna, eta, emaitza hori izan bezain azkar, igandean bertan parlamentuko presidenteari deituko diot iragartzeko inbestidura prozesura aurkeztuko naizela», azaldu zuen Maria Txibitek, atzo.

Gauzak asko azkartu daitezke. Etzi, Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordea bildu daiteke. Hortik aurrera, Unai Hualde parlamentuko presidenteak bilera sorta bat antolatu behar du alderdien artean hautagairik baden galdetzeko. Tramite hori beteta, inbestidura saioaren data zehaztea falta da. PSNk ostegunean izatea nahi du, abuztuaren 1ean, baina urrats horiek guztiak egin arte ezingo da jakin. Ostiralean ere izan liteke, baina horrek hurrengo astera atzeratuko luke bozketa erabakigarria: lehendakari izendatzeko, gehiengo sinplea behar du Txibitek, eta, lehen bozketan gehiengo osorik izango ez duenez, hori gertatu eta 24 ordura egin behar da bigarren botazioa; hor gehiengo sinplea nahikoa da, eta behar dute, gutxienik, EH Bilduren abstentzioa.

Gobernu organigramaren eztabaidak uste baino zailtasun gutxiago izan du. Iragan astean hasi zuten negoziazioa, baina, PSNk astebete atzeratu zuenez bilera, Espainiako inbestidura prozesuak elkarrizketa baldintzatu zezakeen. Alta, egunotan, PSNk eta Geroa Baik bederen elkarrizketak izan dituzte, eta atzoko bilerara lanak aurreratuta joan ziren.

Eguerdian hasi zen bilera, eta, handik ordu erdira, Ezkerrako ordezkariak atera egin ziren aretotik. Marisa de Simonek adierazi zuen akordio programatikoa izenpetu dutela eta gobernu antolamenduaren gainean ez dutela hitz egin nahi izan, ez direlako gobernuan sartuko. «Aurreko urteetan hasitako politika sozialekin jarraitzeko akordio nahikoa da, edukietan sakontzen baitu». Leial jokatu nahi dute, euren profilari eutsiz.

Ondoren, beste bi ordu eta erdi iraun zuen bilerak. Halako batean, Geroa Baiko eta PSNko ordezkariak bileratik atera ziren Ahal Dugu-k egindako proposamen bat aztertu asmoz. 15:00ak pasa eman zuten akordioaren berri.

Gobernuak bi lehendakariorde izango ditu; PSNkoa eta Geroa Baikoa. Departamenduen izenei begira, berritasunak daude. Adibidez, Hezkuntzatik at, Unibertsitateak, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala bilduko dituen sail bat egongo da. Halaber, Lurralde Kohesioa departamendua izango da. Politika ekonomikoei dagokienez, Garapen Ekonomikoa eta Enpresariala egongo da, azken legealdian Manu Aierdik (Geroa Bai) zuzendutakoaren baliokide. Dena den, Ogasun departamenduak ere Ekonomia izena ere hartu du. Ahal Dugu-k Migrazio Politikaren eta Justiziaren ardura hartuko du.

«Poz-pozik» azaldu zen Txibite. Haren ustez, garapen ekonomikoan sakontzeko apustu egin dute, eta, antolamendu horren bidez, lurralde desorekari aurre egingo diote. PSNkoaren esanetan, «Madrilek» badu organigramaren berri, eta akordio osoak, gainera, PSOEren babesa du.

Ahal Dugu-ko Eduardo Santosek «elkarrizketarako borondate ona eta tonu egokia» eskertuzituen. «Politika egin daiteke, eta pertsona desberdinen arteanhitzarmenak».

Uxue Barkosen (Geroa Bai) arabera, «orain lan egin behar da inbestidurarako gehiengo nahikoa lortzeko». Uste du itunak aniztasuna islatzen duela eta elkarbizitzarako bokazioa daukala.

EH Bilduren esku

Elkarrizketen hasieratik, PSNk ez du EH Bildurekin ezer jakin nahi izan, baina talde subiranistaren abstentzioa behar du ezinbestean. Atzo, EH Bilduko Adolfo Araizek ohartarazi zuen «politika fikzioa» dela bere taldea aintzat ez hartzea hala inbestidurarako nola ondoren legealdirako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.