Estatus berriaren babesa handitu egin daitekeela uste du EH Bilduk

Iriarteren iritziz, Elkarrekin Podemosek eta PSEk bat egin dezakete zenbait puntutan. Ahal Dugu-rentzat, erabakimena ez da arazo

gotzon hermosilla
2018ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
EH Bilduk uste du «herritar gehienak» bat datozela Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Batzordean lortutako akordioarekin, eta zenbait puntutan «gehiengo oso handiak» babesten duela akordio hori. Baina babes hori are gehiago handitu daitekeelakoan dago. Hori esan du EH Bilduk legebiltzarrean duen bozeramaile Maddalen Iriartek.

Iriarteren ustez, akordioa PSE-EEren aldetik zabal liteke. «Zalantzarik gabe, PSE-EE ados egon liteke puntu askotan», azaldu du Iriartek. «Ados egon litezke, halaxe esan digutelako. Arlo sozialean lortu dugun akordioarekin, adibidez, PSE-EEk ez du inolako arazorik, ezta eskumenen arlokoarekin eta beste askorekin ere».

Iriarteren ustez, gakoa edo «arazo nuklearra» beste bat da: alegia, PSE-EEk «hasiera-hasieratik» ez duela eztabaida horrekin bat egin nahi izan, ez ziolako «zilegitasunik» eman nahi. «Horretarako, gezurra erabili dute behin eta berriro», erantsi du, «baina gezurra, hamaika aldiz errepikatuta ere, ez da egia bilakatzen». Iriarteren arabera, «benetako arazoa» izan da PSE-EEk ez duela onartu nahi izan «Espainiako batasuna ez den beste ezer», eta, beraz, «betoa inposatu» dietela gainerako guztiei.

Elkarrekin Podemosen aldetik ere akordioa zabaltzeko aukerak ikusten ditu Iriartek. Hala ere, salatu du Elkarrekin Podemos «hauteskunde kanpainetan» behin eta berriro agertu dela erabakitzeko eskubidearen alde, «baina orain, aldiz, 1978ko erregimenaren makulu gisa ari dela dirudi».

Akordioaren balorazioa egin zuenean, itun «historikoa» dela esan zuen EH Bilduk. Iriartek onartu du historiko berbak «balioa» galdu duela erabiliaren erabiliaz, baina, hala ere, akordioaren garrantzia nabarmendu du: «Oso akordio garrantzitsua da. Azken 40 urtean ez da inoiz izan EAJren eta ezker subiranistaren arteko akordiorik. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nagusi diren bi indarren arteko adostasuna da».

Gainera, akordio «modernoa» da Iriarteren ustez, «XXI. mendeko gizon-emakumeen beharrei erantzuteko egina», eta feminismoa «erdiguneko gaia» da testuan. «Demokratikoa» ere bada, Iriarteren aburuz, «gizon eta emakumeei euren etorkizuna erabakitzeko aukera ematen dielako».

Ahal Dugu-ren erantzuna

Ahal Dugu-k, berriz —Elkarrekin Podemos koalizioko kide da— ez du uste erabakitzeko eskubidea «arazo» izan denik akordioa erdiesteko, Iriartek iradoki duen moduan. «Guk ez dugu inolako problemarik erabakitzeko eskubidearekin», esan du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko komunikazio idazkari Andeka Larreak. «Guk eskubide hori defendatzen dugu, Euskadin zein Euskaditik kanpo, uste dugulako herritarrek izan behar dutela nahi duten gai guztietan erabakitzeko aukera».

Arazoa, Larrearen arabera, beste bat izan da: «Guk hasiera-hasieratik esan genuen lau alderen arteko akordioa nahi genuela, Gernikako estatutuak bildutakoa baino babes handiagoa jasoko lukeena».

Larreak berretsi du Elkarrekin Podemosen «hautua» dela 1979koa baino babes handiagoa izango duen akordio bat lortzea, eta erantsi du Autogobernu Batzordean koalizioak aurkezturiko proposamenak «oinarri egokia» izan daitezkeela horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.