Aukera beste zailtasun

Herrialdearekiko interesa apur bat apaldu egin den arren, erreferentziazko merkatua da Brasil oraindik ere euskal enpresentzat. Hala, askok zabaldu dituzte ekoizpen lantegiak han.

Autobus bat Brasilgo autobide batean, Rio de Janeiro eta Sao Paulo artean. ANDRE COELHO / EFE.
aitor biain
2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Herriko enpresentzat merkatu garrantzitsua izan da Brasil urteetan. Aspaldian ari dira lehiatzen autogintza, hegazkingintza, energia, eraikuntza eta fabrikazio aurreratuko teknologia alorretan, besteak beste. Garabidean zen herrialde bateko merkatuak eskaintzen dituen potentzialak erakarrita hartu zuten lur askok bertan, jakinik, halaber, burokrazia astunak eta ezegonkortasun politikoak eragiten dituzten arriskuak ez dutela arrakasta berehalako egiten. Baina bidea egin dute gehienek, eta jarraitzen dute egiten lantegien eraginkortasuna eta produktuen kalitatea ikur hartuta.

Ikusi gehiago:BI EREDU KONTRAJARRI

Azken urteetan herrialdearekiko interesa apur bat apaldu egin den arren, erreferentziazko merkatua da oraindik nazioartekotzean sakondu nahi duten zenbait euskal enpresarentzat. SPRI Eusko Jaurlaritzako Nazioartekotze Agentziak dituen datuen arabera, EAEko 87 enpresa daude Brasilen eta 126 instalazio dituzte horiek han. Lantegi produktiboak dira gehienak (65), eta bulego komertzialak gainerakoak. Sao Paulo dute gehienek kokaleku. Txinarekin, Mexikorekin, AEBekin eta Frantziarekin batera, nazioartean lantegi gehien dauden herrialdeetako bat da.

Enpresa garrantzitsuak dira horietako asko: CAF, Aernnova, Irizar, Fagor, Orona, Cie Automotive, Ingeteam, Ulma, Arteche, Bellota... Gehienek Brasilerako bidea hartu zuten han ekoiztea erabakita, baina asko dira aldiro-aldiro hara esportatzen dutenak ere. Brasilgo merkatuaren berezitasunera egokitzen jakin dute, baina agerikoa da aukera beste zailtasun dituen herrialdea dela, besteak beste muga zerga eta traba burokratiko asko baititu.

Inportazioen gorakada

Euskal Herriaren eta Brasilen arteko merkataritza harremanak ere gorabehera handiak izan ditu azken urteetan. Esportazioak inportazioak baino gehiago izan dira azken bi hamarkadetan esaterako: 300 milioi eurotik gorako negozio bolumena. 2006an pareko jarri ziren, baina 2011n goia jo zuten esportazioek: 600 milioi euro baino gehiago saldu zizkioten euskal enpresek herrialdeari; hegazkingintzako osagaiek eta trenek ekarri zuten gorakada hori batez ere.

Ikusi gehiago:Emakume beltzak: dena edo ezer ez

Ordutik aurrera, ordea, Euskal Herritik Brasilera egindako esportazioen zenbatekoak beheranzko joera nabarmena izan du. Brasilgo hazkunde ekonomikoaren moteltzeak eta petrolioaren inportazio handiek goitik behera aldatu dute balantzea, eta positibotik negatibora igaro. Joera antzekoa da orain, pandemiaren osteko bi urteetan esportazioek zertxobait gora egin badute ere. Egun, makinak dira salmenten erdiak baino gehiago.

Latinoamerikako merkaturik handiena da oraindik ere Brasil, eta negozio aukeren bila jarraitzen dute enpresek han. Askori, gainera, ateak zabaldu dizkie inguruko herrialdeetara hedatzeko. Garairik oparoenak igaro ditu herrialdeak, ordea; inbertsio handiak erakarri zituzten ekitaldi handien aroa pasatuta, ikusteko dago joko eta ezegonkortasun politikoak zer-nolako eragina izan dezakeen negozioen bilakaeran.

Ikusi gehiago:Aukera beste zailtasun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.