Azeleragailua sakatu nahian

Gernikako Estatutuak jasotako eskumenak eskualdatzeko negoziazioei abiadura handiagoa eman nahi die Eusko Jaurlaritzak. Hala, Madrili proposamen propioak bidaltzeari ekin dio.

Olatz Garamendi, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Espainiako Lurralde Politiketako ministro Isabel Rodriguezen mahai gainean proposamen berri bat utzi zuen Eusko Jaurlaritzak aurreko astean. Gernikako Estatutuak jasotako eskumenen transferentziari beste bultzada bat emateko asmoz, Gobernantza Publikorako eta Autogobernurako sailburu Olatz Garamendik migrazio eskumena eskualdatzeko proposamena aurkeztu dio Madrili. Harekin, badira bost ministroaren esku dauden proposamenak; horietatik lau, Jaurlaritzaren ekimenez abiatuak. Aldeek itxitako egutegiaren atzerapenei emandako erantzuna dira. Izan ere, maiatzerako eskumen guztiak eskualdatuak edo, gutxienez, bideratuak izatea adostu zuten arren, 31 geratzen dira oraindik egiteko. Eta 2023a hauteskunde urtea da; hau da, akordio korapilatsuak ixteko desegokia.

Bi aldeek adostutakoaren arabera, migrazio eskumenen inguruko negoziazioa iazko urtarrila eta ekaina bitartean gauzatu behar zen. Gaia Miquel Iceta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministro zela jarri zen mahai gainean lehen aldiz, baina ezer argirik zehaztu gabe. Hala, Garamendik urrats berri bat egitea erabaki du, eta proposamen propio bat aurkeztu dio Espainiako Gobernuari, hark lehen pausoa emateko zain egon gabe. Are gehiago, Ukrainako gerrak eragindako ondorioen afera bolo-bolo dagoela egin du. Izan ere, proposamenaren punturik garrantzitsuenetako bat atzerritarren lan baimenak kudeatzearen ingurukoa da. Egun, Katalunia da eskumen hori duen erkidego bakarra, eta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzetara, Atzerritarren bulegoetara edo Espainiako Poliziara jo behar da halako tramiteak egiteko. Era berean, Jaurlaritzaren asmoen artean dago atzerritarren arreta soziosanitarioa eta linguistikoa zein integrazio soziala kudeatzea ere.

Azken astekoa ez da Madrilen zain egon gabe emaniko lehen pausoa. Legealdi hasieran adostutako egutegia moteldu zuen pandemiak, eta horrek bigarren egutegi bat ixtera bultzatu zituen bi aldeak; hura ere, ordea, bete gabe geratu da. Testuinguru horretan, beste urrats bat egitea erabaki zuen Gobernantza Publikorako eta Autogobernurako Sailak. Hala, abenduan, Garamendi sailburuak Madrili proposamen propioak bidaltzeari ekin zion. Meteorologia, itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa, eta Zinematografiaren Babeserako Funtsa eskualdatzeko proposamen bana bidali zion Lurralde Politiketako ministroari. Sailburuak, baina, ez du oraindik erantzunik jaso.

Ez du erantzunik izan aldiriko tren zerbitzuaren eskumen aldaketari buruzkoak ere. Kasu hartan, Madrilek egin zuen lehen proposamena, abenduaren 29an, eta kontraproposamen bat bidali zion bueltan Eusko Jaurlaritzak. Egun, Basurtuko ospitalea eta Ariz, eta Irauregi eta Barakaldo lotzen dituzten lineak eskualdatu dituzte, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpen bat dela medio. Espainiako Gobernuak, ordea, zerbitzuaren kudeaketara mugatu nahi du transferentzia, azpiegiturak eskuz aldatzea baztertuta. Horretarako, interes orokorreko arrazoiak argudiatu ditu; hala nola noizbaiterkidegoa uzten duten lineak daudela, eta beste estatu interesei lotutako azpiegituretara doazela.

Estatu interesei lotutako gune horietako batzuk dira interes orokorreko portuak: Bilbokoa eta Pasaiakoa (Gipuzkoa). Bi portu horien kudeaketa, baina, eskualdatu beharreko eskumenen zerrendan dago, Forondako (Araba), Hondarribiko (Gipuzkoa) eta Loiuko (Bizkaia) aireportuen kudeaketa bezalaxe. Madrilek, ordea, ez du aldaketa hori mahai gainean jarri oraingoz. Aireportuen kasuan, gainera, Moncloaren errezeloez gain, Aenaren pribatizazio prozesuak ere eragina izan lezake.

Are urrunago ikusten da Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoaren transferentzia. Eusko Jaurlaritzako kideek gaia aipatu izan duten arren, Espainiako Gobernuak negoziazio posibleak atzeratzearen alde egin du behin eta berriz, eta horren adibide da adostutako negoziazio egutegien azken lekuan ageri dela beti.

43 urte egitear

Aipatutakoei beste hainbat eskumen batu behar zaizkie; denera, 31ko zerrenda bat osatu arte. Laster beteko dira 43 urte Gernikako Estatutua onartu zenetik, eta Jaurlaritzaren asmoa zen legealdia amaitu aurretik guztiak gauzatzea.

Iaz, hiru eskumen transferitu zituzten: errepide bidezko garraioa, espetxeak eta argitalpen seriatuen nazioarteko zenbaki normalizatuen esleipena. Aurten, berriz, bizitzeko gutxieneko errentaren kudeaketa izan da oraingoz adostu den bakarra. Hura, gainera, auzitegiek ebatzi dezaketenaren zain dago. Izan ere, PPk eta Voxek haren aurkako helegite bana aurkeztu zuten, eta Auzitegi Konstituzionalak tramitera onartu ditu.

Pandemia atzean utzita, ordea, bada transferentzien egutegian oztopo bilakatu daitekeen beste fronte bat. Datorren urtea hauteskundez josita iritsiko da: maiatzean dira egitekoak udal eta foru hauteskundeak, eta urte bukaeran irits daitezke Espainiakoak ere. Azken horiek, gainera, eragin zuzena izan lezakete transferentzien etorkizunari dagokionez, gobernu aldaketa batek panorama goitik behera itxuralda baitezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.