Albistea entzun

«Publiko-itunpeko dikotomia» gainditzea proposatu du EH Bilduk

Hezkuntzaren alorrerako egindako proposamena onartu dute koalizioaren Konferentzia Politikoan. Besteak beste, ikasleen onarpen «irekia, justua eta gardena» egiteko sistema bat diseinatu du
Haurrak Gasteizko ikastetxe batean, artxiboko irudian.
Haurrak Gasteizko ikastetxe batean, artxiboko irudian. JUANAN RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2021eko irailak 19

Hezkuntza «geldialdian» dagoela iritzita, EH Bilduk proposamen bat landu du eremu horretarako. Atzo militantziaren babesa jaso zuen koalizioaren Konferentzia Politikoan%88,49ko babesa jaso zuen, eta agiria aurrez onartuta zeukan Mahai Politikoan ere. Orain, militantziak proposamenaren inguruan eztabaidatuko du, eta aurrerago bozkatuko dute behin betiko testua.

Xedea argi du EH Bilduk: «Euskal Herriaren garapen kolektiboaren zerbitzura egongo den hezkuntza sistema burujabea osatzea da gure helburua: euskalduna, hezkidetzailea, inklusiboa, parte hartzailea, laikoa, doakoa, herritarra eta publikoa». «Helburu estrategikoa» lortzeko bidean, EH Bilduk «trantsiziorako proposamen egingarria» egin du Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako. «Proposamen hau hezkuntza sistema publiko burujaberako trantsizio bide gisa ulertu behar da». Astelehenean aurkeztu zituzten ildo nagusiak. BPGren %6 bideratu nahi dute hezkuntzara, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza hitzarmena lantzen hasi nahi dute, «proposamen berrituak markatzen duen norabidean». Honatx proposamenaren xehetasunak:

TITULARTASUNA

EH Bilduk «ikastetxe komunitarioak» hartu ditu sistemaren oinarritzat. Ikastetxe horien izaera juridikoa publikoa edo pribatua izan ahalko da, baina denek lankidetzarako hitzarmen berdina sinatu beharko dute Eusko Jaurlaritzarekin. Behin hori sinatuta, eskubide eta betebehar berdinak izango dituzte guztiek, eta Hezigune «sare publiko bateratua» osatuko dute. «Orain arteko publiko/itunpeko dikotomia gainditzeaz ari gara».

FINANTZAKETA

Behin hitzarmena sinatuta, ikastetxe guztiek «%100eko finantzaketa» izango dute, eta ezingo dute kuotarik kobratu; aldiz, ez dute «inolako finantzaketa publikorik» jasoko hitzarmenik sinatu ez dutelako sare publiko bateratuaren parte ez direnek.

SEGREGAZIOA

Administrazioarekin ituna sinatutako ikastetxe horietan ikasleen onarpena «erabat irekia, justua eta gardena» izan beharko da. Herriz herri THEK Tokiko Hezkuntza Ekosistema Kooperatiboak sortzea proposatu dute, eta udalek hezkuntza sisteman zuzenean parte hartzea. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren organigraman parte izango dira. Batetik, hezkuntza kontseiluak egongo dira; bertan parte hartuko dute udaleko, ikastetxeetako, aisialdi taldeetako, Osakidetzako eta kirol eskaintzako ordezkariek. Hainbat zeregin izango dituzte: etorri berrientzat eskolatze plana prestatzea eta etorkinei begirako harrera eta egokitze planak egitea, besteak beste. Bestetik, hezkuntza sistemaren programazio bateratua egongo da. Bertan, ikastetxeetako eta udaleko ordezkariek parte hartuko dute, eta, beharrezkoa balitz, baita Hezkuntza Sailekoek ere. Horien zereginak izango dira, besteak beste, hezkuntza programazioa egitea, «gizarte kohesioa bermatzeko tresna nagusi gisa»; premia espezifikoak dituzten ikasleen banaketa orekatua ezartzea; eta aintzat hartzea ikasleen, familien eta tutoreen ikastetxea hautatzeko aukera. Kataluniako ereduaren arabera aritu nahi dute.

IKASTETXEEN AUTONOMIA

EH Bilduren proposamena «sistemaren deszentralizazioan» oinarritzen da, uste baitute horrek bide emango diola ikastetxeek autonomia garatzeari, berrikuntza pedagogikoaren arloan nahiz antolaketan. Hala zehaztu dute: «Ikastetxearen autokudeaketa dago, beraz, sare publiko bateratu honen abiapuntuan». Halere, nabarmendu dutenez, deszentralizazio horrek ez du hezkuntza administrazioaren eginkizuna «lausotzen».

EUSKARA

Euskarari dagokionez, murgiltze eta mantentze eredua izango da sistema bakarra; egun indarrean diren A, B eta D ereduak ordezkatuko lituzke horrek. Gainera, Euskararen Jabekuntzarako eta Euskal Kulturaren Transmisiorako Institutua sortzea proposatu dute. Zereginetako bat izango da orain arte martxan izandako proiektuetatik eta programetatik —Irale, Nolega eta girotze barnetegiak— «irakaspenak jasoz», ikastetxeen hizkuntza proiektuentzako «beharrezko baliabideak» garatzea, eta hala, bermatzea ikasleak legeak ezarritako gutxieneko hizkuntza gaitasunekin aterako direla ikastetxeetatik.

Gainera, garrantzia eman nahi diote komunikazio sinbolikoari, afektiboari eta kulturalari, eta, autonomia erkidegoaren eskumenaren arabera, institutu horrek curriculuma zehaztu beharko du. Eduki propioak sortzeaz ere arduratuko da, eta «beharrezko materialgintza industria propioa» sortzeaz ere bai.

LANGILEAK

Proposamenaren arabera, urratsak egingo dituzte progresiboki, sare publiko bateratuko ikastetxe guztietako langileek lan baldintza «paretsuak» eduki ditzaten. «Helburua da irakasleak hurbileko ikastetxeetan egonkortzea, eta lan baldintza duinak bermatzea eta iraunkortzea».

ERLIJIOA

Erlijioari dagokionez, legeak agintzen duen gutxienekoa izango da sare publiko bateratuan eskaini ahal izango den maximoa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Patera bat, Kanariar Uharteetan. / ©Javier Fuentes Figueroa, EFE

Atxondon bizi den familia bateko zazpi ahaide hil dira Europara iritsi nahian

Jon Ordoñez Garmendia

Asteazkenerako bilkura batera deitu dute, 19:00etarako, euren senideak galdu dituzten hiru atxondarrei elkartasuna adierazteko, Anboto.org-k jakinarazi duenez.

Astebetean 939 positibo atzeman dituzte Hegoaldean

Astebetean 939 positibo atzeman dituzte Hegoaldean

Arantxa Iraola

COVID-19ak jotako 97 pertsona daude erietxeetan, horietako 31 ZIUetan; astebetean zortzi gaixo hil direla jakinarazi du Osakidetzak.

Hetelek emandako prentsaurrekoa, gaur goizean, Bilbon ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Ikastetxeek Lanbide Heziketa inklusiboa lortzeko itun bat eskatu dute

Irati Urdalleta Lete

Hetel elkarteak nabarmendu duenez, Oinarrizko lanbide Heziketa «aukera eskola bat» da, besteak beste, hezkuntzan arazoak dituzten gazteei edo migratzaileei laguntzen dielako.

Beste sarekada batean haur pornografiarekin lotuta atzemandakoa informatika materiala ©HANS KLAUS TECHT, EFE

Hiru gizon atxilotu dituzte Donostian, Urretxun eta Lazkaon haur pornografiagatik

Berria

Haur pornografia izatea eta Interneten zabaltzea leporatzen diete.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna