Erpinetatik muineraino

Aurtengo lehen Bertso Eguna ospatu dute, Iruñean. Zaleen bertso goseari irrikaz erantzun diote Miren Amurizak, Onintza Enbeitak, Julio Sotok eta Xabier Silveirak

Lau bertsolariak, atzo, Iruñeko Gaiarren antzokian paratutako kolore desberdinetako irudi geometrikoak atzean ageri direla. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Errealitateari beste ikuspegi batzuetatik kantatzea izan zuten ardatz atzo, Iruñean, aurtengo lehen Bertso Egunean. Ohiko gaietatik atera eta bestelako betaurrekoak jantzita, ordu eta 45 minutuz jardun zuten Julio Sotok, Onintza Enbeitak, Xabier Silveirak eta Miren Amurizak. Errealitate distopikoak, beste planetako estralurtarrak, bertsolari bakoitzaren etxeko animalien gogoetak, geometria euklidearra edo Gaiarre antzokian paratutako irudi geometrikoekin jolasa.

Bertsogintzaren erpinetatik aritu ziren ia une oro lau bertsolariak, baina haren muineraino jo zuten. Izan ere, bertso saioa izatea bera ospatu zuten bertaratutako ikus-entzuleek eta Internetik ikusi zutenek. Julio Sotok bere lehen bertsoan adierazi bezala, gogo bizia baitzuten zaleek, eta, amaierako azken bertsoan, horri egin zion gorazarre Amurizak: «Garai hauetan nola/ bizi eta ikasten gabiltza/ eta hara non berton aurkitu dugun/ gaur bertsolaritza/ garai batean bezain gardena/ zuzena eta anitza/ ea noiz bizi ahal ditugun/ hemen baldintzak baldintza/ berriz doinutan neurri librean/ bertsotan eta bizitzan».

Ezinbestean, COVID-19aren itzala presente egon zen Gaiarre antzokian, fisikoki zein bertso jardunean. Segurtasun neurriak betetzeko asmoz, tarte bat gorde behar izan zen, baina 360 pertsona bildu ziren aretoan. Gainera, hala nahi izan zutenentzat, Bertsozale Elkarteak Internet bidez zuzenean ikusteko sarrerak ere eman zituen. Hasi aurreko aipuetan nabari zen gogoa zutela bertsozale iruindarrek.

Lau protagonistei saioaren aginte makila eman aurretik, emanaldi berezi bat egon zen. Gitarra doinuak lagunduta, Eneko Lazkozek nafar izaeraren gaineko gogoeta batzuk plazaratu zituen, besteak beste, «Nafarroa bakarrean Nafarroa asko biltzen direla» aldarrikatzeko, eta euskararen osasunaren gainean kezka adierazteko.

Saio erdian, eta flamenko mozorroz jantzita, gauza bera egin zuen Oihane Pereak, baina neska gazte euskaldunaren ikuspegia aditzera emateko. «Ihauterietan gaudela!», oihukatu zuen janzkera horrek entzuleen aurpegietan harridura islatu zuela ikusita.

Pandemiaren itzala

Alta, eguneko protagonistak lau bertsolariak izan ziren, eta Ainhoa Larretxeak jarritako gaietan barrena, umorea eta freskotasuna azaldu zuten, doinuetan zein gaien erronkaren aurrean. Agurreko bertsoan jada antzeman zen zein berezia den egungo egoera, eta, sartu-irten etengabeekin, pandemiaren eraginak zeharkatu zuen saioa. Julio Sotok halaxe adierazi zuen ideia hori, bere hasierako lehen bertsoetako batean: «Distopia bihurtu da lehen genuen bizimodua».

Itzal horretatik ihesi, ez zuten ariketa erraza, ez gai jartzaileak ez eta bertsolariek ere, tangenteetatik heldu behar izan ziotelako saioari. Hasteko, Euskaltzaindiak utopiaz egiten duen definizioa azaldu ostean, hitz horri buruzko hausnarketa eskatu zien Larretxeak. Onintza Enbeitak bigarren itzulian kantatutakoa izan zen nabarmenetako bat: «Utopia eta ametsak/ poza edo oinazeak/ gure helburu/ egon gosea edo asea/ utopiari esker hartzen da /bidean alde haizea/ amets handien bila joan/ eta txikiekin gozatzea».

Jarraian, bikoteka aritu ziren. Xabier Silveirak, 14 urteko bilobaren rolean, eskola liburuan ageri den 36ko gerraz galdetu dio hura bizi izan zuen Miren Amurizari, amonari. Bertsoetako batean, Silveirak itauna egin zuen: «Esan, zer zara, amona, /zu, gaiztoa edo ona». Eta Amurizak erantzun: «Banaketa ez zen ona eta txarra / urduri edo trankilik/ erabakiak hartzen gizonak / eta emakumeok isilik».

Segidan, Soto idazle bihurtu zen. Liburu bat idazten ari zen, eta, indar handiz hasi arren, beretzat interesa galdu zuen pertsonaia izan zen Onintza Enbeita. Azken horrek berehala baliatu zuen egoera umorerantz eramateko: «Lehen orrialdeetan ze ausart eta guai/ horrenbeste etsai, liburu erdirantza hitz eginez lasai / denak daude ontziaren iraultzaren zain / baina azken orrian ez dut ezkondu nahi».

Saioak aurrera egin ahala, erpinek eta tangenteek garrantzi handiagoa hartu zuten. Bertsolari bakoitzak bere animalia baten barrutik kantatu behar izan zuen, esaterako. Bere buruaz barre egiteko aukera ederki baliatu zuen Silveirak, eta, aurrerago ere, loroa bertsoetarako erabili zuen:«Loro hau dago nahasia/, soilik errepikatzen du Silveirak dioena».

Bere buruaz barre eginda, distira atera zion Silveirak ondorengo gaiari: beti ezkor izan eta jarreraz aldatu nahi duenaren rolean jarri zuten. Gaiak algarak eragin zituen entzuleen artean. Legazpiko (Gipuzkoa) bertso afari batera bidali zuen Sotok, maskararekin kantatzeko baldintzarekin, eta Silveirak hau erantzun zion: «Legazpin afari bat ez dut baztertuko/ zaleak ez dit inoiz hobe eskertuko / maskarillakin ahal da eta ezin uko/ loroa bidaltzen badut ez dira ohartuko».

Gaiarre antzokiko oholtza gainean, irudi geometrikoak ageri ziren kolore desberdinetan, eta han eseri ziren bertsolariak.Irudiokin jolas egiteko proposatu zien Ainhoa Larretxeak bertsolariei. Segian, Miren Amurizari proposatu zion planeta desberdinetatik etorritako beste hiru bertsolarien mundu urrunetako bat aukeratzeko. Arazorik ez duten neskazaharren planeta saldu zion Enbeitak, eta Amurizak arrapostu: «Neska kuadrilla mahaiaren bueltan/, erre eta itsu-itsuan /denak libre eta ordurik gabe / denak modu berdintsuan / basura espaziala mahaian/ mikroondasa zerbitzuan/ Onintza hortik pasatu nintzen/ neu ere ikasle pisuan».

Saioaren amaieran etorri zen gailurra. Enbeita eta Silveira bertsotan: kotxean doazela, irratian geometria euklidearrari buruzko azalpen ulertezin bat entzun eta lehenak ulertuarena egin du. Oholtzako beste bi bertsolariek eman zizkieten oinak, bertsoak bete zitzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.