Itxaro Borda
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Ikasle onak

2021eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Pirinio Atlantikoetako biztanleak, azkenean, ikasle onak gara, frantsesezko irrati-telebistentzat. Normalean, berri txarrak harilkatzeko aipatzen gaituzte, dela terrorismoa, dela etxe-bizitzen eta lurren prezioa, direla lehorrak inarrosten dituzten galernak... hemengo korona-kutsatuen kopuruaren ahultasun argi eta garbi hau harrigarria iruditzen zaio askori: ehun mila jenderentzat 41 positibo kontatzen ziren iragan ostiralean. Gaur 51: zifrak iup lala dantzan dabiltza. Batzuk hipotesiak zizelkatzen tematzen dira: mugen zerratzeari esker da? PCR test egite sistematikoari? Haizeari? Neandertal gene kriptikoak ditugulako gure ADN xingolan? Erraneko hiritarrak garelako?

Prefeta ados liteke murrizketak arintzeko, baina baditu berak ere, gorago, deliberoak hartzen dituztenak, eta beraz, ezin du erabaki: betikoa, bata bestearen mando, gure ama zenak zioen bezala norbaitek ez zuelarik deliberatzeko ausardiarik. Mugak, halatan, itxiak geratuko dira eta zabalik direnetan, paper metak eskatuko dizkigute hedexuriek. Ez dut aldi oroz, Maripi Solbes idazle lagunarekin batera, Santiagoko zubia zeharkatzeko suerterik izango. Bestalde, zineak, ostatuak, jatetxeak zerratuak egongo dira, diotenez apirila erditsura arte: ikasle on eta otzanak izateak ez digu aterik irekitzen. Frantziako legea baita, txarrenean bereziki, denek tratamendu berdina jasan behar dugu, eta bretainiar aldaeraren agerpena, bigarren artikuluaren arabera, antikonstituzionala da...

Departamenduko jendetzaren % 6ak inguru ukan du jada txertoa, lehen eta bigarren ziztak. Abantzu 30.000 dosia banatuak izan dira urtarrilaz geroztik. Hiri handietan bakunatze zentroak jarri dituzte, ikusgarri, hala nola Baionan, Glain aparkalekuko elkarteen egoitzan. Garazin, Maulen eta orain Kanbon, txertodromoak errotu dira, herritarrari abiaduraz urria iruditzen zaion artamendu kanpaina sustatzeko amoz. Laster, farmazietan egiten ahalko dugu, neurri batean izu zerbait eragiten digun pikura hori. Baina goizetik gauera jakiten da AstraZeneca markakoak odoluriak bil litzakeela eta Europa osoan txertaketak bertan behera utzi dira: mareatzear gaude.

Iraun beza, hargatik, gure ikasle bikain ospeak. Noiztenka, Franck Dolosor kazetari adiskidearen Lagun onekin orenak labur blogera behako bat botatzen diot, iparraldea deitzen dugun eremuan egoera zein den usnatzeko, osasun egiturek, zenbakiak departamendu mailan baizik ez dizkigutelako luzatzen.

Egonkortasunik gabeko egun hauetan urrezko medailak urrun ditugu.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.