Koronabirusa. Adur Ezenarro. Ordiziako alkatea

«Transmisio komunitario bat daukazunean, ezin da telefono bidez kudeatu»

Epidemia betean harrapatu dute hauteskundeek Ordizia, eta kezkatuta dago Ezenarro. Arriskuaz ohartarazi arren, neurri bereziak hartuta egingo dituzte etzi. Erakundeen babesa eta mahai tekniko bat sumatu ditu faltan.

ARIANNE VIERBÜCHER / GOIERRIKO HITZA.
jon ordonez garmendia
<i>Ordizia</i>
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun

Oihalezko maskararen azpian FFP2 motako beste bat darama Adur Ezenarrok, Ordiziako alkateak (Ordizia, 1977). Lezoko (Gipuzkoa) udal arkitektoa da, eta iaz eskuratu zuen alkatetza (EH Bildu). 37 ordiziarrek eman dute positibo azken astean.

 

Nola pasatu duzu aste hau?

Egoera zaila eta intentsoa izan da. Askotan, itsuan aritu behar izan dugula sentitzen dut; konfiantza itsua adierazi diogu Osasun Publikotik esaten zigutenari. Telefono dei baten bidez izan genuen fokuaren berri, eta, handik ordu erdira, fokua izan den taberna itxi genuen. Baina aste honetako ikasgaia zera izan da, goitik beherako transmisioak funtzionatu duela, baina ez oso egoki. Eta behetik gorakoak, berriz, oso ondo funtzionatzen duela.

Zergatik izan dira tirabirak Eusko Jaurlaritzarekin?

Gu udala gara, herritarrengandik gertuen dagoen erakundea. Guk ezagutzen dugu herria, eta horrelako egoera bat, transmisio komunitario bat daukazunean, ezin da telefonoz kudeatu. Udal administrazioa ez erabiltzea eta informazioa ez ematea denentzat da kaltegarria.

Datuak ez dizkizuetela eman salatu duzu. Zergatik dira hain garrantzitsuak?

Zenbaki horiek guretzat aurpegia dute eta izen-abizenak dituzte. Ez dugu beste munduko ezer eskatu. Datuak eskatzen genituen, herrian egoera kudeatu ahal izateko, eta ez dizkigute eman. Egon den urruntasuna ulertezina da.

Beste erakundeek bakarrik utzi zaituztetela iruditzen zaizu?

Harreman instituzionala izan dugu, eta horrelako egoera batek harreman estua eskatzen duela iruditzen zait. Bakarrik sentitu gara, bai, egoeraren jarraipena egiteko eta erabaki batzuk hartzeko orduan: guk kiroldegia itxi dugu, liburutegia, jolas parkeak... Erabaki eraginkorrak izan dira, herria baretu da, baina babes instituzionalik gabe hartu ditugu. Hori bai, herriaren babesa sentitu dut: hala ari zaizkit adierazten, eta nire eremua hori da. Ni Ordizian nago, ni ez nago kanpainan. Beste batzuek ezin dute hori esan.

Jarraipen batzorde bat osatu da.

Hori ondo dago, baina guk mahai tekniko bat behar dugu Ordizian, zehaztasunez hitz egiteko. Konfidentzialtasuna argudiatu digute datuak ez emateko, baina nola nahi dute guk izen-abizenak dituzten herritarrez hitz egitea jarraipen batzordean, beste alkateen aurrean? Guk dakigu nola bizi diren herritar horiek, zer etxetan, zenbat, eta horretaz hitz egiteko mahai baten falta sumatu dut. Krisi honek agerian utzi ditu zenbaiten bizi baldintzak. Jabetzen al gara horretaz? Batzuek ez dute arazorik logela batean egoteko hainbat egunez itxita, baina denak ez gara berdin bizi. Hori da kudeatu behar duguna udalean, baina ez dugu erraztasunik horretarako. Kameretan agertzen ez diren udal langileak txalotu nahi ditut horregatik.

Udal moduan, ezin zenuten aurretik beste zerbait egin?

Autokritika denok egin behar dugu, nik alkate moduan, eta ardurak partekatu egin behar ditugu. Baina, hori esanda, gaineratu nahi dut Segurtasun sailburuari nik eta Beasaingo eta Lazkaoko alkateek esan geniola bakoitzak gure eskumenak ditugula, eta tabernen ordutegiarena Jaurlaritzarena dela. Gai horretan, Osasun Sailak eta Segurtasun Sailak beste alde batera begiratu dute. Udalek ezin dugu ordutegia murriztu, ez bada zarata edo ingurumen arazo batengatik; ez dago jasota osasun arazo batengatik murriztu dezakegunik. Dekretuaren interpretazioa udalen gain nahieran uztearen ondorioa zera da, erabakiak hartu behar dituenak ez hartzea eta kontrolaren eta kudeaketaren ardura guztia udalaren bizkar uztea. Pandemia batez ari gara; ez da zilegi ardura udalen bizkar uztea.

Zein izan da une kritikoena?

Fokuaren sorburuaren inguruan dauden beste hiru tabernetako zerbitzarien emaitzen zain egon gineneko unea. Positibo eman izan balute, hondamendia izango zela uste nuen. Kudeaketa mailan gogorra izan da eskatu behar izatea, behin eta berriz, hemen behar ditugula Osasun Publikokoak eta epidemiologian adituak. Konfinamenduak jarraipena eskatzen du, eta kontrola ezin da egin telefonoz.

Zer espero duzu hauteskunde egunean?

Oraintxe bertan ez dakit. Ahalegin guztia egiten ari gara pertsonak seguru sentitu daitezen. Gure gomendioak baliagarriak izatea espero dut. Baina zalantzak dauzkat. Herritar askok esan didate ikara dutela; negatiboak hain azkar botoa ematera deitzeak... Ama batek esan dit semea logelan itxita daukala, negatibo eman arren esan diotela hilaren 19ra arte ez ateratzeko, eta zur eta lur geratu da azaldu diotenean deituko diotela adierazteko bozkatzera joan daitekeela. Gazte asko daude horrela, eta ez da oso sinesgarria ematen ari garen mezua: ingurukoak kutsatu ditzakezu, kontuz, baina igandean joan bozkatzera. Ardura handia ari gara haien gain uzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.