Torturaren aurkako oihu zabala Iruñean

Ehunka lagunek torturaren aurka «ahotsa altxatzera» deitu dute, eta ez errepikatzeko bermeak jartzea galdegin. Sareak ontzat jo du kasu guztien ikerketa ofiziala abian jartzea

Manifestazio amaiera, atzo, Iruñeko Askatasun plazan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Atzo, Torturaren Nazioarteko Egunaren bezperan, 1960tik 2012ra Nafarroan torturatuak izan ziren 829 pertsonaren izenak entzun ziren Iruñeko kaleetan barrena. Nafarroako Torturatuak Sareak deitutako manifestazioaren amaierako mezuan, Jorge Txokarro sareko eledunak adierazi zuen beharrezkoa dela torturaren errealitate lazgarria ezagutzea: «Gertatutakoa argitzea da praktika hau desagerrarazteko modurik eraginkorrena. Inori, inoiz, ez dakiola berriro gerta guri gertatu zitzaiguna». Mezu horrekin bat egin dute Nafarroako 150 eragilek. Torturaren aurkako aldarria zabaltzen ari da, eta oihu zabal horren isla izan zen atzoko manifestazioa.

Minutu gutxi berandu hasi zen autobus geltoki ondoko Bakearen plazan, Aitortza, erreparazioa, ez errepikatzeko bermea lelopean. Ehunka lagun elkartu ziren, eta, hasi aurretik, Jorge Txokarro sareko ordezkariak jasotako babes zabala eskertu zuen. Gogora ekarri zuen 150 eragile inguruk atxikimendua adierazi ziotela sarearen mezuari: zehazki bat egin zuten zortzi alderdik —tartean, EH Bilduk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k, Ezker Batuak eta Batzarrek—, zortzi sindikatuk —besteak beste, ELA, LAB, CCOO, ESK, Steilas, Hiru— eta gizarte arloko ehundik gora elkartek. Manifestazioan izan zen Ana Ollo Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria. Geroa Baiko eta EH Bilduko parlamentari batzuk ere bertan izan ziren.

Iruñea erdiguneko kaleak zeharkatuz, Askatasunaren plazarantz zuzendu zen manifestazioa.Une oro, bozgorailuetatik 1960tik 2012ra bitartean torturatuak izan direnen izenak entzuten ziren. Grabazio hori egiteak, torturatuen izenak irakurtzen, berriz, 25 minutu eman zituen Lohizune Amatria kazetariak. Izan ere, asko dira. Torturatuen Sareak epe horretan izandako tortura kasuen errolda bat egin du. Gaurdaino 829 lagunen testigantzak bildu dituzte, eta orotara mila kasu inguru zenbatu. Gehiago izango direla uste dute, baina.

Epe horretako ikerketa ofizialik ez da egin oraindik. Iragan legealdian, Uxue Barkosen gobernua ahalegindu zen, baina Nafarroako Auzitegi Nagusiak galarazi egin zuen. Soilik 1960tik 1978ra artekoak ikertzea baimendu zuen. Alta, orain dela aste gutxi gobernuak 1979tik aurrera izandako kasuak ikertzeko deialdi bat adjudikatu du EHUko Euskal Kriminologia Institutuaren alde.

«Zigor goserik gabe»

Manifestazioan, Jorge Txokarrokontzat jo zuen ikerketa ofiziala abian jarri izana. Torturaren erreparazioa bizikidetzarako funtsezko ekarpena dela uste du. «Mendeku eta zigor goserik gabe, nafarren arteko bizikidetza beste baliobatzuetatik eraiki nahi dugu, iragana ahaztu gabe etorkizun hobe bat egiteko».

Kultur eragileen izenean, Amaia Merino zinemagileak «torturaren lotsagabekeriaren aurka ahotsa altxatzeko» dei egin zion gizarteari. «Iraganean torturaren krudelkeria saihesteko gai izan ez baginen ere, mende erdi barru, ondorengo belaunaldiek ez dezatela galdetu beharrik izan nolatan ez genuen ahotsa altxatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.