Gernikako Estatutuak 40 urte. Ekarpen feminista

Gizonek gizonentzat egina

Gernikako Estatutuak emakumeak baztertzen dituela salatu dute feministek. Erreformarako proposamenak dauzkate, baina ez dakite aintzat hartuko dizkieten.

Campos, Sevilla eta Beola, Donostiako Emakumeen Etxean emandako hitzaldian. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Gizonek soilik idatzitakoa eta emakumea behin ere aipatzen ez duena: horrelakoa da duela 40 urte onartu zen Gernikako Estatutua, eta feministek kritika zorrotza egin diote, Plazandreok taldeak Donostiako Emakumeen Etxean antolatutako hitzaldian.

Erabakiguneetan emakumeak egoteak duen garrantziaz jakitun dira Arantza Campos EHUko irakasle eta Plazandreok taldearen Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaia, Julia Sevilla Valentziako Unibertsitateko irakaslea, eta Ainhoa Beola Gipuzkoako EH Bilduren batzarkidea. Kritikatu egin dute egungo estatutua. «Logika patriarkalarekin egindakoa da, gizonen boterea mantentzeko. 40 urteren ondoren, ez die erantzuten gaur egungo beharrei», dio Beolak. Hori konpontzeko, beharrezkoa iruditzen zaie Gernikako Estatutuaren erreforma bat egitea.

Eusko Legebiltzarrean lantalde bat sortu dute estatutu berri baterako, baina ez dakite kontuan hartuko ote dituzten feminismoaren ekarpenak eta emakumeak. «Beti baztertu izan gaituzte, eta beldurra daukat erreforman ere gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna ahaztu egingo zaiela», dio Camposek. Zehaztu du lurraldetasunaren auziari «garrantzi berezia» ematen ari zaiola, baina feminismoak ez duela hainbesteko interesa sortzen. «Lege asko egingo dira, baina gu gabe mundua amaitu egingo da», dio Sevillak, emakumeen garrantziaz ohartarazi nahian.

Lantalde horretan ere emakume bakarra dagoela azpimarratu du Beolak: «EH Bildu gizon batek ordezkatzen du, baina mahai feministak egindako proposamenak eramaten ditu bertara».

Konstituzioa oztopotzat

Estatutu feminista bat lortzeko oztopoetako bat Espainiako Konstituzioa izango da. «Estatutu feminista bat idazteko, konstituzioa erreformatu beharko litzateke», baieztatu du Camposek. Hala ere, ziurtatu du proposamen feministak egin behar direla. «Emakumeak presente egoteko, Gernikako Estatutuaren erreforma erradikal bat egin beharko da», gaineratu du. Sevillak azaldu duenez, «oso zaila» da konstituzioa erreformatzea. Hori egin nahi duen alderdi politikoak eztabaida bat egin beharra dauka, eta Espainiako Kongresuaren eta Senatuaren hiru bostenek onartu behar dute proposamena. Ondoren, Espainiako Gorteak desegin behar dira; hauteskundeak deitu, eta berriz proposamena onartu beharko da gehiengoarekin. Azkenean, herritarren baiezkoa lortu beharko da, erreferendum bidez. Gaineratu du konstituzioa oso matxista dela, eta adibide bat eman du: «Bizirako eskubideaz hitz egiterakoan, ez zuten genero indarkerian pentsatzen, baizik eta frankismoan kartzeletan bizi izan zituzten tratu txarretan». Horren ondorioak emakumeentzat kaltegarriak direla dio Sevillak: «Gure eskubideak erreklamatu egin behar dizkiogu justiziari, eta hori karga gehigarri bat da».

Demokrazia paritarioa du helburutzat Camposek, hau da, «kontratu» berri bat. Azaldu duenez, hori ez da zerrendetan emakume eta gizon kantitate bera joatea bakarrik, baizik eta «benetan boterea banatzea».

Proposamen ugari

Gernikako Estatutuaren erreforma baliatu nahi dute aldarri feministei jaramon egin diezaieten. «Kontuan hartu beharko da berdintasun printzipioa nola definitzen den emakumeen eta gizonen berdintasunerako legean», dio Camposek. Izan ere, haren hitzetan, lege hori estatutua baino «askoz aurrerakoiagoa eta feministagoa da». Gainera, beharrezkoa iruditzen zaio jasotzea gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna «fenomeno estruktural bat» dela, eta hori konpontzeko neurriak zehaztea. Camposen hitzetan, beharrezkoa da aitortzea emakumeak existitzen direla, haien interesekin, beharrekin eta eskubideekin: «Orain arte, edozein kolektibo onartu izan da emakumeen aurretik». Erabiliko diren hitzak ere bereziki zaintzeko eskatzen du: «Ez da gauza bera etxeko indarkeria edo genero indarkeria esatea, horrek baliabide batzuk eman edo kendu ditzakeelako». Emakumeek espeziea erreproduzitzeko gaitasuna daukatela ere kontuan hartu behar dela deritzo: «Gaitasun horrek eskubide batzuk eman behar dizkigu; izan ere, lotura zuzena du abortuarekin, pornografiarekin, alokairuko sabelekin, prostituzioarekin...».

Proposamen horiek hasiera bat baino ez dira Camposentzat:«Denok bat egiten dugunetik abiatuta, eskubide gehiago lortu beharko ditugu. Horretarako, ezinbestekoa izango da estrategiak diseinatzea iritzi desberdinak ditugun feministen artean».

Beolak zehatzago azaldu ditu egindako proposamenak: «Zaintzaren demokratizazioaz hitz egin beharko genuke; lanaren bereizketa sexuala gainditu beharko litzateke; pentsio sistema duina eduki beharko genuke...». Halere, erreformaz harago joan beharko litzatekeela dio: «Dokumentu berri bat idatzi beharko genuke». Bertan errepublika ala monarkia, estatuak federala izan behar duen ala ez, beste estatuekin erlazionatzeko moduak... erabaki beharko liratekeela iruditzen zaio. «Emakumeok gure gorputzaren, bizitzaren eta lurraldearen inguruan erabaki nahi dugu», gaineratu du. Beraz, «ongizate sistema» bilatzeari ematen dio garrantzia.

Egin beharreko erreformaren adibide gisa jarri du Beolak Mexikon 2017an idatzitako konstituzioa. «Eskubide sozialei, erreproduktiboei eta identitarioei buruz hitz egiten du, emakumeei eta lurraldeari erreferentzia eginez».

Feminismoaren ikuspuntutik, beraz, badaude Gernikako Estatutua erreformatzeko ereduak eta borondatea, baina adostasunak lortzea falta da oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.