«Konponbidea premiazkoa da»

Osasungintza publikoaren alde, martxa jendetsuak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Biharko Osakidetza osoan deitu dute grebara SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek

Ehunka herritar batu ziren atzo Osakidetzako sindikatuen deialdira; irudian, BIlboko manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Osakidetzarako inbertsio handiagoa eta baliabide zein langile gehiago eskatu zituzten atzo, Bilbon, Donostian eta Gasteizen egindako manifestazioetan. ELA, LAB, SATSE, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, greba egin zuten ostiralean lehen arretan, eta lanuzte «arrakastatsuaren» ondoren, osasungintza publikoaren aldeko mobilizazioetara batu ziren herritarrak atzo. Bihar, berriz, Osakidetza osoan egingo dute greba. «Osasun sistema publikoaren etorkizuna dago jokoan: lan baldintza duinik gabe ez dago kalitatezko osasun arretarik», ohartarazi dute sindikatuek.

Bilbon, Jesusen Bihotza plazatik abiatu zen manifestazioa. Nik bai sinesten dut osasun publikoan! Lan baldintza duinen alde izan zen lelo nagusia, baina pankarta gehiago atera zituzten protestara, Osakidetzako lan gatazka ugarien adierazle: Gurutzetako larrialdietako langileak, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrokoena, lehen arretako beharginena... Euren aldarrikapenekin bat egin duten gizarte eragileen artean bereziki indartsua izan zen pentsiodunen mugimenduaren presentzia: zapi gorriekin marea propioa eratu zuten.

Sindikatuetako ordezkariek eskertu egin zuten gizartearen sostengua, eta pozik agertu ziren herenegungo grebarekin: «Erantzuna izugarria izan zen, hiru lurraldeetan eta kategoria guztietan; baina Osakidetzak ESIei agindu zien grebaren erantzunaren daturik ez ematea. Langileek argi adierazi dute ezin dutela gehiago jasan egoera hau», esan zuen SATSEko bozeramaile Amaia Mayorrek. «Langileen egoera prekarioa islatu zen. Konponbidea premiazkoa da. Bestela, mobilizatzen jarraituko dugu; sindikatuok argi dugu, eta Osasun Sailak ere badaki», erantsi zuen ELAko kide Esther Saavedrak.

CCOOko ordezkari Iñigo Garduñok gogoratu zuen «COVIDa aitzakia hartuta» hainbat zerbitzu murrizten ari direla: «Zentroak eta larrialdiak ixten ari dira, edo, berriki jakin dugunez, Basurtuko ospitaleko kardiologiako kirofanoa. Herritar guztiei eragiten diete murrizketek». «Osakidetzaren prepotentzia» salatu zuen UGTko kide Ana Vazquezek: «Ez die inolako jaramonik egiten gure aldarrikapenei. Irakurketa objektibo bat egin behar du egunotako mobilizazioez». Sindikatuek eskaera bat izan zuten ahotan: Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzako zuzendaritzak jarrera alda dezaten, eta edukiz bete dezaten mahai sektoriala. Adostutakoa betetzeaz ere mintzatu zen Vazquez: «Uztailean sinatu genuen garapen profesionala berreskuratzeko akordioa, eta oraindik ez dio kasurik egin langileekin duen zor horri. Mahai sektorialarekiko errespetua eskatzen dugu».

Herritarrekiko aliantza

Aldarri artean egin zuten langileek eta herritarrek manifestazioaren bidea, eta oihuak ozendu egin ziren Bizkaia plazara iritsi eta pankarta guztiak elkartzean: «Osasun publikoa defenda dezagun!». Amaiera ekitaldian, Saavedrarekin batera, Eneko Pascual LABeko kideak hartu zuen hitza. Langileek ostiralean «sekulako indarra» adierazi izana txalotu zuen, eta dei egin zien asteleheneko lanuztean parte hartzera: «Greba handia izango da. Osakidetzak bere jarrera mugitu beharko du, horretara bultzatzen badugu. Mobilizatzea inoiz baino garrantzitsuagoa da».

Herritarrei ere mintzatu zitzaien Pascual: «Protesta hauek ez dira soilik lan baldintzen ingurukoak. Langileok eta erabiltzaileak elkarrekin mobilizatzen ari gara gure osasun sistema publikoa hondatzen ari direlako; gure osasun sistema babestuko dugu, interes pribatizatzaileei aurre eginez, inork onura ekonomikorik izan ez dezan». Eta elkarlan hori zabaltzera deitu zuen: «Esku artean dugun aliantzaren helburua ez da soilik osasun publikoa defendatzea: pentsio, hezkuntza, osasun eta zaintza sistema duinak defendatuko ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.