Epaile eta arau propioak: zer nork

Urkulluk «botere judizial propio bat» eskatu du asteon. Estatutua berritzeko dokumentuan EAJk ez zuen kontzeptu hori erabili; EH Bilduk bai.

Urkulluk astelehenean eskatu zuen botere judizial propio bat, autogobernuari buruzko jardunaldi batean. IREKIA.
jon olano
2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Asteko lehen agerraldian jarri zuen puntua: autogobernuari buruzko jardunaldi batzuetan, Euskal Autonomia Erkidegoarentzat «botere judizial propioa» eskatu zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: «Botere judizial propio bat Euskadin, eskubide historiko garrantzitsuenean oinarrituta: gure epaile propioek epaituak izateko eskubide besterenezina». Eta jarraitu zuen: «Ezin dugu gutxietsi botere judizial propio bat izatearen garrantzia, gure arau propioak interpretatzeko eta ezartzeko». Urkulluk hizpidea jarri zuen hurrengo egunetarako; aukera hori baztertu zuten Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusi eta Jaurlaritzako bazkideak eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak. «Judiziala estatuaren botere bat da, konstituzioan jasoa», esan zuen Anduezak.

Urkulluk ez zuen gehiago zehaztu bere eskakizuna, baina, formulazioari erreparatuta, baliteke lehendakariaren eskakizuna gertuago egotea EH Bilduk estatutua berritzeko prozesuan aurkeztutako proposamenetatik EAJk foro horretan bertan defendatu zituen posizioetatik baino. Zer ideia jarri zituzten mahai gainean bi taldeek proposatutako adituek? Hitzen hautaketan datza lehen aldea, ez baita gauza bera «botere judiziala Euskal Autonomia Erkidegoan» —hala jaso zuten EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk proposatutako adituek, hurrenez hurren Mikel Legardak, Alberto Lopez Basagurenek eta Arantxa Elizondok— eta EH Bilduk izendatutako aditu Iñigo Urrutiak defendatu zuen «euskal botere judiziala».

Estatutua berritzeko proposatutako dokumentuaren 56. artikuluan, Legardak, Lopez Basagurenek eta Elizondok Justizia Kontseilu bat sortzea jaso zuten. «Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Kontseiluak —epaile, magistratu, fiskal eta prestigio handiko beste legelari batzuek osatua— bere eskumenak eta eginkizunak beteko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko justizia administrazioari begira». 56.2 puntuak zioen Eusko Legebiltzarraren lege batek zehaztuko dituela «Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Kontseiluko kideen estatutu juridikoa eta Kontseiluaren eginkizunak, Estatuko legedian ezarritako espezifikotasunei jarraituz».

Baina 56.2 artikulu horri boto partikularra jarri zion EAJk izendatutako adituak, eta zera proposatu zuen: «Eusko Legebiltzarraren lege batek zehaztuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Kontseiluko kideen estatutu juridikoa, besteak beste epaile eta magistratuen hautaketa, hornidura, izendapena, karrera, prestakuntza eta diziplina araubidea, Estatuko legedian ezarritako foru espezifikotasunei jarraituz». Legardaren proposamenak, beraz, erdizka betetzen zuen joan den astelehenean Urkulluk eginiko eskaera: EAEko Justizia Kontseiluaren esku legoke epaileak hautatzea, baina EAEko Auzitegi Nagusiari berezko jurisdikzioaren gaineko ahalmen osoa aitortu gabe.

Oinarrietan ez daude ados

Hain justu ere, eta denboran pauso bat atzera eginez, hori izan zen Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak estatus berriaren oinarri eta printzipioetan jasotakoa: «Euskal Auzitegi Nagusiak berezko jurisdikzioa eta diziplina ahalmena izango ditu SJPri esklusiboki dagokion legeriako gai guztietan». Testu hori EAJren proposamena izan zen, baina ez zuen beste inoren adostasunik bildu. Haatik, gerora, adituen batzordeak ez zuen artikulu multzoan jaso proposamen hori. Bai, ordea, Kontseilu Judizial bat sortzea; oinarri eta printzipioak adosteko fasean, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek jaso zuten Kontseilu Judiziala sortzeko aukera, baina ez EAJk.

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak 2018ko uztailean onartu zituen estatus berri baterako oinarri eta printzipioak, eta horien gainean testu bat artikulatzeko eskatu zion aditu talde bati. 2019ko abenduan, adituek lantaldearen esku utzi zuten lana. 2020ko otsailean, Urkulluk hauteskundeetara deitu zuen, eta legealdi honetan ez dira martxan jarri Euskal Autonomia Erkidegoko estatus politikoa eguneratzeko lanak.

Adituen batzordeak aurkeztutako artikulu multzoan, Urrutiak ez zuen bat egin Legardak, Lopez Basagurenek eta Elizondok adostutako dokumentuarekin, eta bere testu propioa aurkeztu zuen. Haren formulazioan, «Euskal Estatu Erkidegoko [hala deitzen zion subjektu politiko berriari] Botere Judizialari dagokio Euskal Estatu Erkidegoko prozesu mota guztietan jurisdikzio ahala erabiltzea, epaituz eta epaitutakoa betearaziz».

«Instantzia guztietara»

Proposamen horren arabera, Euskal Botere Judizialaren jurisdikzioa erkidegoaren «ordena, instantzia eta gradu guztietara» zabalduko litzateke, salbuespen bakarrarekin: Auzitegi Gorenaren eta Europako eta nazioarteko auzitegien jurisdikzioa. Testu hori, hitzez hitz, Eusko Legebiltzarrak 2004ko abenduan onartutako estatutu erreforman jasotako bera da.

Antolamendu horren atzean legoke logika federal bat, estatu eredu hori duten herrialdeetan oinarritua: erkidegoaren eskumen batzuk esklusiboak izanik, erkidegoko botere judizialari baino ez legokioke horien inguruan epaitzea: «Euskal Justizia Auzitegi Nagusiari dagokio, esklusiboki, Euskal Estatu Erkidegoak emandako edo beretzat hartutako eskubidearen interpretazioa bateratzea, bai eta estatutu politiko honetan aitortutako eskubideak eta askatasunak bermatzea ere». EH Bilduren proposamenean, berriz, erkidegoaren eta Espainiako organo judizialen arteko eskumen eta jurisdikzio gatazkak EAJren tradizio politikotik sortutako kontzeptu batek kudeatuko lituzke: Kontzertu Politikoaren Batzorde Mistoaren Sala bereziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.