Erregai zahar bezain berriak

Erregai sintetikoak debekutik kanpo utzi izanak errekuntza motorreko autoen aroa luzatzea ekar lezake. Erabakiak eztabaida haizatu duen arren, zer onura ekar ditzakeen nabarmendu du sektoreak.

Erregai hornigailu baten mahukak, artxiboko argazki batean. JAVIER BELVER / EFE.
aitor biain
2023ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Europako Batasunak iragan martxoan onartu zuen errekuntza motorreko autoen salmenta debekatzeko legea, baina ate bat irekita utzi zuen 2035etik aurrera ere merkatuan egon daitezen. Erregai sintetikoak izango dira horretarako giltza. Besteak beste, Alemaniak eta Italiak hala eskatuta, debekutik kanpo utzi baitzituen Bruselak erregai horiek erabiliko dituzten autoak. Horri esker, errekuntza autoak ekoizten jarraitu ahalko dute autogileek, baldin eta karbonoan neutroak badira; hots, soilik erregai sintetikoekin badabiltza.

Erabakiak badu garrantzia. Arau berriak sistema bat izatera behartuko baititu errekuntza autoak, iruzur egin eta gasolina edo diesela erabili ez dezaten. Baina, aitzitik, ez dute beste aldaketarik beharko, auto elektrikoek eskatuko duten moduan. Hori baita erregai sintetikoen «abantaila nagusietako bat», Elias Unzueta Petronorreko berrikuntza arduradunaren hitzetan. «Ekoitzi eta berehala erabili ahalko dira erregai sintetikoak gaur egungo motorretan; ez dute ezer aldatu beharrik izango».

Erabakiak eztabaida haizatu du, ordea. Zenbait adituk ohartarazi dutenez, autogintza industriaren elektrifikazioa zalantzan jartzeaz gain, prozesua atzeratzea ere ekar dezake —milaka lanpostu eta milioika euro daude jokoan aldaketa horretan—. Eta ez dute uste, halaber, trantsizio energetikorako irtenbide aproposa denik, finean gaur egungo garraio sistemaren ereduari eusteko modu bat eskainiko duelako. Gainera, iruzurrari zirrikitua zabal diezaiokeela ere ohartarazi dute.

Unzuetak, baina, ez du uste auto elektrikoari bidea oztopatuko dionik. «Lehiakide moduan ikusten dute askok, baina uste dut batak besteari lagundu egingo diola gehiago». Haren hitzetan, hirietan eta ibilgailu arinen kasuetan irtenbide egokia da auto elektrikoa —«guk ere egiten dugu horren aldeko apustua, eta Ibil kargaleku sarea da horren erakusle»—, baina ez da nahikoa izango garraio sektorearen deskarbonizazio prozesuari aurre egiteko.

Erregaiak tonaka erretzen dituzten eta elektrifikazioa ezinezkoa duten garraioak jarri ditu adibide gisa. «Kargaontzi erraldoiek, egunero milaka kilometro egiten dituzten hegazkinek, garraio astunak diren horiek ez daukate deskarbonizaziorako soluziorik. Horientzat irtenbide aproposa izan daitezke erregai sintetikoak».

Lehiakorra izatea xede

Ibilgailu horietan erabiliko litzatekeen erregaia «oso antzekoa» litzateke autoek erabiliko dutenarekin alderatuta. Prozesu berari esker lortuko bailukete egun erabiltzen duten kerosenoa edo antzerako erregaia. Edonola ere, garrantzitsua da zehaztapena: etorkizunean erabiliko diren erregai sintetikoak ez dira bioerregaiak, nahiz eta horiek ere barne errekuntzako motorretan erregai gisa erabiltzen diren.

Erregai sintetikoen ekoizpena garatze fasean dago oraindik, eta ez dago araututa. Laborategietan eta demostrazio plantetan ekoizten da soilik.

Bada, eskala handian ekoitzi daitekeela, hots, prozesua industrializatu daitekeela frogatzea izango du xede Petronor Bilboko portuan eraikitzen ari den findegiak. Bertan ekoitzi asmo ditu erregai sintetikoak Petronorrek, hain justu ere. 2025erako martxan nahi du planta, egunean 8.000 litro ekoizteko helburuz. «Demostrazio planta bat da: ez da laborategi txiki bat, baina ez da findegi handi bat ere; tarteko zerbait izango da. Baina askotariko garraiotan probatzeko erregaia sortu nahi dugu», azaldu du Petronorreko berrikuntza arduradunak.

Dena ondo bidean, Bruselaren debekua indarrean sartu baino lehen merkaturatu nahi du erregaia Petronorrek. Baina ez da hain erraza izango, besteak beste prozesua konplikatua eta garestia baita. Hori da, hain zuzen ere, erregai sintetikoei egin zaizkien kritika handienetako bat: kostua. Europako Garraio eta Ingurumen Federazioak egindako ikerketa baten arabera, 2030ean litroak 2,80 euroko kostua izango luke.

Unzueta ez dator bat, eta gogorarazi du badaudela kontrakoa dioten txostenak ere, egungo erregaiekin lehiakorrak izango direla aurreikusten dutenak. «Eskala handian ekoitzita, azeleragailu bat ere izan daiteke erregai fosilak kentzea azkartzeko», azaldu Unzuetak. Haren hitzetan, energia berriztagarriak ugaritu ahala lortuko da hori, energia merkatuko delako.

Erregai sintetikoek ekarriko dituzten onurak kalteak baino handiagoak direla azpimarratu du Unzuetak: «Egin diren ikerketek erakutsi dute gaur egungo erregaiekin alderatuta portaera berdintsua edo hobea izango dutela, sekula ez okerragoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.