Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Jokaleku berri baterako deia herritarrei

Pilar Garrido EAEko Ahal Dugu-ko arduradun berriak ezkerreko gobernua sortzeko eskatu du. EAJk azaldu du gastua handitu behar dela

Pilar Garrido Ahal Dugu-ko koordinatzaile berria —argazkian, erdian—, atzo, Bilbon. BERRIA.
enekoitz esnaola
2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
EAEko Ahal Dugu-ren koordinatzaile modura egin duen aurreneko agerraldian, «jokaleku politikoa ostikoz jotzeko euskal herritar mugimendu bat» sortzearen alde hitz egin du Pilar Garridok, Bilbon. Ahal Dugu-k ostiral gauean eman zituen primarioetako emaitzak —idazkari nagusi kargua zena, orain koordinatzailea izango da—, eta Garridok botoen %84rekin irabazi du. Lander Martinezen tokia hartu du. Espainiako diputatua da, eta primarioetara Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiarekin aurkeztu da. Maria Luisa Gadeak %16ko sostengua lortu du.

Garridok esan du euskal gizarteak ezkerrerako joera duela, eta Eusko Legebiltzarrerako uztailaren 12ko hauteskundeetan hori islatu behar dela, «elkartasuna eta justizia soziala» ardatz lituzkeen ezkerreko gobernua eratuta. Gogoratu du Unidas Podemosek Madrilen lortu duela, Espainiako Gobernuan baitago, PSOErekin. «Euskadin ere egin dezakegu, Ahal Dugu-k osatzen duen alternatiba badago». Haren esanetan, espazio politikoan azkeneko 40 urteetako indar politikoek ez dute jokalekua aldatu nahi izan, «edo ez dute jakin aldatzen».

EAJ: «Murrizketarik ez»

«Ez du egia esaten murrizketak egingo direla baieztatzen duenak. Euskadin ez da murrizketarik egingo. Ez behintzat, EAJk gobernatzen badu». Hala adierazi du Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidenteak, Getxon (Bizkaia), Ondarreta batzokiaren 112. urteurrena ospatzeko ekitaldian. «Guztiz alderantziz: orain egin behar da gasturik handiena egin, zorpetzearen bidez: ekonomia suspertu behar dugu enpresek jarduera, enplegua eta ongizatea sor dezaten; kutxa publikoei lagundu behar zaie sare soziala indartzeko eta inor atzean ez uzteko».

Atutxak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza, EAEko aldundiak eta udalak «azkeneko urteotan oso arduratsuak» izan dira, «kontuak saneatuta» dituzte eta «zorpetzeko gaitasuna» dute. «Eta hori dena kontuan hartu beharra dago». EAJren helburua «Euskadi berreraikitzea, ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea» izango direla esan du, eta horretan ez dutela inor atzean utziko.

Idoia Mendia PSE-EEren lehendakarigaiak adierazi du bere alderdiak zenbat eta boto gehiago bildu lau aste barruko hauteskundeetan «nazionalismo gutxiago» egongo dela instituzioetan, «eta politika progresista gehiago». «Hori mundu osoak jakin dezala nahi dugu». Gasteizen ekitaldia egin du Mendiak, eta, haren arabera, PSE-EE da «gobernatzeko gai den bakarra».

Carlos Iturgaiz PP-C's-ren lehendakarigaik, Gasteizen egindako ekitaldi batean, ekonomia eta enplegua berreskuratzeko EAJren «errezeta» txarretsi du, eta erantsi bere koalizioaren proposamenak direla onuragarrienak.

Jose Ramon Becerra Equoren lehendakariaren arabera, herritarrak «nazkatuta» daude «betiko blokeen politikaz», eta uste du bere taldeak «aukera desberdinak» eskaintzen dituela. Gasteizen mintzatu da Becerra ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.