BILBO VERSUS BILBO

Azken hamarkadetako euskal literaturan Bilbok izan duen irudikapena aztertu du Lutxo Egia idazleak Eako Poesia Egunetan eskainitako hitzaldian. Angela Davis pentsalariaren lanetan oinarritutako emanaldiak ere jendetza bildu du Bedarona auzoko eliza atarira.

Herri txikia da Ea. Bertako txokoetan egiten dira literatur jaialdiko ekitaldiak, asteburu osoz. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Ea
2016ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Bilbo paradisua eta Bilbo infernua. Edo, zehatzago esanda, Bilbo paradisua versus Bilbo infernua. Lutxo Egia idazleak Eako (Bizkaia) Poesia Egunetan Inun musikariarekin batera atzo emandako hitzaldian azaldu zuenez, talka horrek bizi du Bilbori buruzko azken urteetako literatur produkzioa. «XXI. mendeko euskal literaturak errelato bat eraiki du Bilboren gainean, ez uniformea, baina paisaia bat marraztu du azken batean. Gertatzen da paisaia literario hori ez dagoela gizartean aski errotua; esan genezake hutsaren hurrengoa ere badela, baina ez da harritzekoa, literaturaren paisaiei gero eta gehiago kostatzen zaielako gizartean eragitea». Paisaia izan da aurtengo jaialdirako hautatu duten gaia, eta Bilbori, paisaiari eta literaturari buruzko hitzaldia osatzeko enkargua egin zioten Egiari. Hiri hori da hiri hau izendatu zuen emanaldia sortzaileak, eta saio horrekin abiatu zen atzoko egun osoko programa.

Luzea da Bilbori buruz idatzi duten euskal sortzaileen zerrenda, eta luzea izan zen Egiak hitzaldian aztertutako idazleen zerrenda ere: Bernardo Atxaga, Edorta Jimenez, Katixa Agirre, Sonia Gonzalez, Koldo Izagirre, Danele Sarriugarte, Jon Arretxe, Fermin Etxegoien, Paddy Rekalde, Irati Jimenez, Jon Alonso, Gotzon Barandiaran, Itxaro Borda... Guztiak aztertu ditu Egiak hitzaldia prestatzeko, baina nagusiki Guggenheim museoaren eraikuntzatik honakoetan jarri zuen arreta. Eta etengabe igarri du hor «Bilbo fetitxe» horren eta «hiritarren Bilbo» horren arteko talka.

Egiak iradokitakoaren arabera, bere iragan industrialari bizkar emanda sortu dute Bilboren irudi berria erakundeek. Guggenheim aipatu zuen ikurtzat, eta Koldo Izagirreren bertso batzuk hautatu zituen prozesu hori deskribatzeko: «Bikaina apaina liraina/ historiaren iraina/ bilbo hau bihurtu da bilbo/ odolusteko izaina». Talka, beraz, hor ere. Baina, Egiaren hitzetan, idazleen Bilbo itsusi hori gogoratzeko ahaleginak gorabehera, Bilbo berriaren kontakizuna da gailendu dena. Nabarmen. Bilbo paradisuaren kontakizuna suertatu da garaile, eta idazleek deskribatutakoa galtzaile. «Puppy-ren [Guggenheim museoaren atariko Jeff Koons artistaren txakur itxurako eskulturaren] loratze zikliko etengabeek erakusten dute zeinen oker dabiltzan idazleak, zein oker ibili diren, garen. Puppy-k frogatzen du idazleek porrot egin dutela. Eta haien ahalegin antzuan atopia bat garatu dutela. Atopia hori hiriarekiko frustrazio sentimendua da, gaizki sentitze bat, zeren eta hark, hiriak, ez baitu ordezkatzen euren nahia, idazleen utopia. Puppy-k diosku idazleak ezin batean dabiltzala, noraez batean. Puppy-k diosku literaturak, are literatura engaiatuak bustiriko sutautsa baino gutxiago balio duela. Baina, batez ere, gogoratzen digu Bilbo irreala baino Bilbo errealagorik ez dagoela».

Aresti hiltzea

Egiak azaldu zuenez, azken hamarkadetako literaturak Bilbo berri bat azaleratu duen arren, oraindik ere Arestiren Bilbo da euskal literaturan hiriarekin loturiko erreferente nagusia. «41 urte joan dira hil zenetik, eta, hala ere, Bilbo Gabriel Aresti Segurola da euskarazko unibertsoan». Ez da lortu Guggenheim osteko Bilbo hori literatur hiri bilakatzerik, eta horregatik Egiaren ironia. «Lantzean-lantzean hura hiltzeko gogoa sortzen zait». Azken urteetako aitortza eta omenaldiekin haren figura erakundetuegi ote dagoen ere iradoki zuen hizlariak, eta proposamena egin zuen. «Igual halako deseraikitze bat egiten da premiazko. Ez ote den pertsona paisaia desenfokatu bat bihurtu. Erakundetzeek buenismo bat ekarri dute». Eta jarrera horretatik urrun dago Arestiren paisaia eta Aresti bera, idazlearen hitzetan.

Ironiaz, zalantzan jarri zituen egungo Bilbo literatur hiri bilakatzearen onurak. «Bilbo literatur hiria? Ba, ez dut uste. Ez dut uste nahikoa denik, baina hori beste gauza bat da. Eta, gainera, zenbat balio du gaur egun literatur hiri batek?». Lilurako tarte handirik ez. Eta adibidea jarri zuen ilustrazio modura hitzaldia bukatzeko: Stieg Larsson idazlearen Stockholm erakusten duten bisita gidatuak. Bisita gidatuak 40 euroan, eta Millenium mapa 4 euroan. Barre batzuk Eskolondoko liburutegiko aretoa betetzen zuen publikoaren artean, eta txalo ozenak gero. Horixe atzoko paisaia.

«Programa ederra da, baina nik uste hemen dagoen gauzarik handiena giroa dela». Jendearen arteko harreman horretan jartzen du enfasia Castillo Suarez idazle eta antolakuntza taldeko kideak. «Herrian ez dago kultur etxerik ez halakorik, eta ekitaldiak herriko txokoetara eramaten ditugu horregatik, eta, ez dagoenez programa paralelorik, dena da elkarren segidan eta denok joaten gara elkarrekin batetik bestera». Atzokoan ere, goizean Egia entzuten egondako jendea elkarrizketan eta solasean joan zen elkarrekin Pako Aristik eta Itziar Gomezek eskainitako errezitaldira, eta elkarrekin handik autobusean herri bazkarira, eta elkarrekin osteko emanaldietara ere. Eta izaera ibiltari eta taldetar hori da hain zuzen ere, Suarezen hitzetan, jaialdiaren nortasun marka agerikoena. Horregatik biltzen du jendea urtero, eta horregatik betetzen dira ostatuak edizioz edizio.

Arrangura bat ere aipatu zuen Suarezek, halere. Izan ere, orain urte batzuk arte poeta gonbidatu bat izan ohi zuten Poesia Egunek, eta azken aldietan ezin izan dute halakorik antolatu. «Gauza handia zen hori, eta nik uste berreskuratu beharko genukeela».

Urteroko zita du Isabel Castillok Ean. Orain zortzi urte izan zen lehenengoz, eta errepikatu egin du geroztik. «Zita finkoa da hau niretzat. Urtean zehar galdu ditudan ikuskizunak ikusteko aukera izaten dut hemen». Pozik azaldu zen aurtengo egitarauarekin. Gustatu zitzaion Egiaren hitzaldia, eta zehatz jarraitu zuen antolatzaileek prestatutako programa guztia ere. «Programazio osoa ikusten dut urtero. Ez dut ezer galtzen. Eta [irribarrez] ez dut izaten denborarik ezta siesta egiteko ere. Igandean etxera heltzen naizenean zuzenean joaten naiz sofara». Herrian sortzen den giroa ere aipatu zuen, halere. Horregatik ere jotzen du urtero Eara. «Urtero etortzen den jendea ikusten dut, eta polita da hori».

Lehenago ere egonak ziren Ean Peru Iparragirre eta Alazne Arruti ere, eta errepikatzea erabaki dute aurten. Hitz joko bidez eman zuen azalpena Iparragirrek. «Jende interesgarria topatzen da, eta jende horrek egiten dituen gauza interesgarriak, eta hori da interesgarriena, nik uste». Egunero izan da Arruti ere Ean, eta pozik azaldu zen atzo egitarauarekin. «Dosi txiki bat da, oso konprimitua, baina indarrez beteta bueltatzen zara etxera». Pozik biak eskaintzarekin. «Oso programa indartsua prestatu dute aurten, eta igartzen da antolakuntzaren lan hori».

«Zuria ote naiz?»

Angela Davis pentsalari eta ekintzailearen testuetan oinarritutako Baltza nazela dineure emanaldia izan zen atzo jende gehien erakarri zuen ekitaldietariko bat. Txiki gelditu zen Beradona auzoko elizako aterpea, eta kanpoan geratu zen jendea. Davisen Emakumeak, arraza eta klasea liburua euskarara itzultzeko dirua biltzea zuen helburu Lorea Agirrek, Anarik, Idurre Eskisabelek, Amagoia Gurrutxagak, Maialen Lujanbiok, Ainara Lasak, Kattalin Minerrek, Jule Goikoetxeak, Danele Sarriugartek eta Mursegok osatutako sortzaile taldeak, eta jende andana erakarri zuten Eara. Davisi egindako elkarrizketa baten irudiak zituen bideo batekin hasi zuten emanaldia. «Beltzak dira Frantzia eta Espainiako beltzak, baina beltzek esan dezakete AEBetako euskaldunak direla».

Poetiko bezain politiko joan zen saioa. Davisen testuetan deskribatutako zapalkuntza hirukoitzari erreferentzia egiten zioten testuak irakurriz abiatu zuten saioa. Euskaldun izateagatik, emakume izateagatik eta langile izateagatik sufritu behar izaten diren laidoen zerrenda batekin. «Euskalduna naizenez, beltza naiz. Emakumea naizenez, beltza naiz. Langilea naizenez, beltza naiz». Barrurantz itzuli zuten gero testuen eztena, ordea. Langile klaseko sentitzen ez diren langileak. Mediku euskaldunari ez, baina etxe garbitzaileari euskaraz egiten dion andrea. Manifestazioetan feminista eta etxean meneko den emakumea... Eta galdera azkenik. «Orduan, euskalduna izanik zuria ote naiz ba? Orduan, emakumea izanik zuria ote naiz ba? Orduan, langilea izanik zuria ote naiz ba?».

Okasiorako propio sortutako testuez eta Davisen bideoez gain, musika tarteak ere izan ziren emanaldian. Negu Gorriak taldearen Itxoiten kantaren bertsio pertsonal eta librea eskaini zuen Mursegok, adibidez, eta Anarik ere Mikel Laboaren Langile baten galderak historia liburuaren aurrean abestiaren bertsioa eskain izuen, historian zehar emakumezkoek duten ikusezintasuna azaleratzen.

Gaurkoa izango da aurtengoEako Poesia Egunen azken jardunaldia. Atzo bezala, arratsaldera arteko programa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.