Haurren kontrako sexu abusuak. Eliza katolikoa

«Sendabide» baten bila

Egunetik egunera gehitzen ari dira Eliza katolikoaren aurkako salaketak. Jarraitzaileak kezkatuta daude egoerarekin, eta arduradun instituzionalek auziari heltzeko asmoa agertu dute.

Vatikanoa. Mundu osotik joandako hainbat gotzainek bilera egin dute egunotan sexu abusuei buruz. V. PINTO / EFE.
jokin sagarzazu
2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun

Eliza gorputz bat da, eta, atal bat gaixo badu, gorputz osoa du gaixo». Hala dio Felix Alonso Bizkaiko bikario nagusiak. «San Pablorena da aipua», zehaztu du. Hitzok aurreneko mendekoak izan arren, aktualitatearekin lotu ditu berak: Elizaren barruan adingabeei egin zaizkien sexu abusuen auziarekin. Autokritikaren beharraz mintzo da. «Egin duguna ez da batere ona izan. Zer egin dugu? Isildu egin gara, edo biktimei esan diegu ezer ez kontatzeko, edo arazo hori daukan pertsona [ustezko erasotzailea] lekuz aldatu dugu. Baina hori ez da sendabidea, gaixotasuna leku batetik bestera eraman baitugu».

Alonsok aitortu du ezohikoa dela halakoak entzutea Elizako kargudun baten ahotan. Baina uste du auziari heltzeko borondatea badagoela. Horren adibide jarri du egunotan Vatikanoan egin duten goi bilera. Badu hara begirako mezua: «Elizan argi izan behar dugu hau gertatu, gertatu dela. Ondo pentsatu behar dugu nola jokatu behar dugun momentu honetan eta nola aurrerantzean, berriro gerta ez dadin».

Batzarrarekin kritikoa da, aldiz, Maribel Fernandez. Laikoa da; fededuna eta praktikatzailea, Fe y Justicia kristau taldekoa. «Frantzisko aita santuaren eskutik heldu diote gaiari behingoz. Baina nik ez dut gauza handirik espero. Instituzioa dago gaixo». Fernandezentzat, horrek egin ditu posible sexu abusuak.

Haren ustez, Elizaren barruko instituzioetan sortzen diren «botere harremanek» ahalbidetzen dituzte sexu abusuak. «Errazago da halakoak gertatzea edota ezkutatzea egitura hierarkiko eta itxietan. Elizan ez du zertan egon beste instituzio batzuetan —familian, esaterako— baino pederasta gehiago; baina gutxiago, ziur ezetz». «Klerikalismoari» egotzi dio ardura. «Matxista eta patriarkala da. Elizaren hobia sakontzen ari da. Jesusen mezua da inportanteena. Baina klerikalismoaren xedea da instituzioa nola edo hala babestea, iraunarazteko. Egitura hori dago gaixo».

Fedea eta nekea

Fernandezek badaki bere hitzekin mindu egin dezakeela bere komunitateko jendea. Baina uste du bere hitzek bainoago sexu abusuen auziak eragiten duela Elizarekiko «konfiantza galera». «Askatasunez mintzo naiz ni. Ez dut beldurrik. Badakit nirea ez dela jarrera nagusia, baina inguruan jende asko nabari dut oso nekatuta».

Horrekin bat dator Alberto Barandiaran kazetaria. Gaztetan izandako esperientzia batetik abiatuz, Euskal Herriko Elizan izandako pederastia kasuak aztertu ditu Iñigo Astiz eta Miren Rubiorekin batera, Ez duzu abusatuko liburuan (Elkar, 2017). «Sinesgarritasun arazo bat dauka Elizak. Zabaltzen du ahula babestearen aldeko mezua, gazteekiko gertutasuna, sexua ulertzeko modu jakin bat... Baina gertatutakoak zalantzan jartzen du hori guztia». Horri gehitu behar zaio auziari heltzeko modua, Barandiaranen arabera: «Arazoa ezkutatu du: isildu, gezurtatu, baztertu. Horrek leku oso txarrean utzi du egitura bera». Jokabide horren lekuko izan zen bera, ikerketa egin zuenean: kosta egin zitzaien. «Baina halako gaiekin beti gertatzen da gauza bera: irekitzen da ate bat, eta hasten da ura ateratzen borborka».

Barandiaranen ustez, Juan Kruz Mendizabal Kakux apaizaren eta Leioako Gaztelueta eskolako irakaslearen auziak «inflexio puntu» bat izan ziren Euskal Herriko Eliza katolikoarentzat. «Ikertzeko itxurak egin zituzten, behintzat». Dena den, orain artekoak ez du askorik konbentzitu. Mendizabalen auzia jarri du adibide gisa. «Momentuan erantzun zioten, baina gero apaldu egin zuten, isildu. Kasu bakan gisa aurkezteko arriskua dago, denboran gehiegi luzatzeko». Salestarrenarekin, baina, hori egitea zail izango dutela uste du, «auzia hartzen ari den tamaina dela eta». «Aprobetxatu egin behar da momentua».

Fernandezen ustez, berriz, «beste erremediorik» ez duelako heldu dio Elizak sexu abusuen auziari. «Aspaldiko kontu bat zen, baina azken urteetan eztanda egin dio». Orain arteko jarrera «koldarra» salatu du. «Bere irudia salbatu nahi du zikinkeria guztia alfonbraren azpian sartuz».

Dena den, berak ere ikusi du urratsen bat «hemengo Elizan, Bizkaikoan, bereziki», justiziara kasu batzuk eramaten hasia delako. Uribe Kostako abadearena, esaterako: aisialdi talde bateko begirale zela gutxienez hiru neskari eginiko sexu abusuengatik salatu du fiskaltzak. «Delitu zantzuak ikusten ditugunean, salatu egin behar dugu: hori da bizi garen gizartean denon artean adostu duguna, hori da gutxiengoa; Eliza ezin da gainetik egon», azpimarratu du Fernandezek.

«Gotzaintzak bere lana egin du», berretsi du Alonsok. Salestarren auzian ere «egoki» jokatzen ari direla uste du. 30 ikasle ohik aurkeztu dituzte salaketak, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Deustuko ikastetxean aritutako bi irakasleren aurka; horietako bat, apaiza. Kasu horretan ere auzitara jotzea babesten du berak. «Biktima entzun eta babestu, eta, justiziak zer edo zer behar badu, lagundu. Hortik hasi behar da».

Mina eta zigorra

Alonsoren ustez, biktimak jarri behar dira erdigunean. «Argi izan behar dugu haiek direla babestu behar ditugunak». Eta haien kontakizunei sinesgarritasuna aitortu behar zaiela. «Ezin dugu zalantzan jarri 20-30 urte geroago kontatzen dutelako. Ez gara nor hori epaitzeko».

Fernandezi biktimen sufrimenduak eragiten dio «minik handiena». Baina, bereziki, «haserrea» sentitzen du. Bi kontuk eragiten diote sentipen hori: «Inpunitateak eta isiltasunak». «Inpunitatea beti da haserretzeko arrazoi bat, baina, umeak tartean egonda, gehiago. Erasotzaileek euren autoritatea baliatu dute, eta haurren kontzientzietan duten boterea; horrek larriagotu egiten du dena. Eta ez dira izan kasu bakanak; batzuetan, haur ugarirekin eta denbora luzez aritu dira».

Aztoratu egiten du, halaber, «ingurukoen isiltasunak». «Isiltasuna ere zigortu beharko litzateke; delitu izan beharko luke, eta ez luke preskribatu behar». Abusuen auzian gako den beste puntu bat nabarmendu du horrela Fernandezek: delituaren preskripzioarena. Alonso bat dator ez preskribatzearen aldarriarekin, baina konplizitateen auzian sartu gabe. «Arauak biktimak babesteko egin behar dira. Barruan dagoen minak inoiz preskribatzen al du? Zaila da. Ondo legoke, beraz, delituak ez preskribatzea».

Eztabaida hori, baina, politikarien mahai gainean dagoela gogoratu dute biek. Elizarenean, orain, adingabeen sexu abusuen aitortza. Fernandezek, baina, argi du zein izango den «eztanda» egingo duen hurrengoa, «eta laster, gainera»: mojen aurkako bortxarena.

«Duela gutxi, emakume teologo bati entzun nion Elizak birika batetik arnasten duela, gizonen birikatik, eta hori gaixo dagoela». Alonsok hasieran aipatutakoa gogora ekarriz, Fernandezek dio San Pablok esandakoa gogoratzen diotela hitz horiek; baina emakume baten ahotan, eta XXI. mendera ekarriak.

ISLARIK GABEKO INDARKERIA

«Abusua ahaztua dute biktimen erdiek, baina ondorioak dituzte»

Sinesgarritasuna irabazten

«Ez nekien sexua ote zen, baina bai ez zela normala»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.