Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

Bakartxo Ruiz: «Isilpeko ituna dute: erregimenaren apustua Txibite da»

EH Bilduk zenbat eta babes handiagoa lortu «aldaketa sakonagoa» izango dela aldarrikatu du

Bakartxo Ruiz eta, atzean, foru hauteskundeetarako zerrendetan diren 50 hautagaiak. IDOIA ZABALETA/ FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
«Egun hauetan askok galdetzen didate zer gertatuko den, zer egingo duen PSNk...». Atzo, kanpainako EH Bilduren ekitaldi nagusian, Bakartxo Ruiz zerrendaburuak maiatzaren 26aren ondorengo egoerari buruz duen iritzia plazaratu zien Anaitasuna kiroldegian bildutako milaka militanteei. «Sinetsita nago isilpeko akordioa egin dutela eta erregimenaren apustua Maria Txibite dela». Ruizen arabera, «okerrenaren eta txarraren artean», Navarra Sumak nahiago du aldaketa geldiaraztea eta PSNri botoak ematea; eta sozialistak, berriz, prest daude haien eta Voxen botoak jasotzeko. «Beti esan izan dugu PSNri botoa ematea eskuinari babesa ematea dela».

Hori ikusita, EH Bilduk orain arte bazkide izan dituen hiru indarrei mintzatu zitzaien Ruiz: «Inork ez dezala arreta galdu. Inork ez dezala zeharka begiratu Madrilgo erabakiguneetarantz edo Ferrazerantz. Ez dute ezer ikasi. Gu egunero egon gara haiekin, gertutik ezagutu ditugu, eta ez dute ezer ikasi lau urteotan», esan zuen. Gaineratu zuen erratu egingo duela PSNrekin aldaketa posible dela uste duen edonork.

Ruizen aburuz, zalantza oro uxatzeko indar nagusia EH Bildu da, asmoak irmo dituelako. «Ez dugu huts egingo», ziurtatu zuen. Ruizen arabera, soilik koalizioari botoa emanda bermatu daiteke aldaketa «sakonagoa» eta «anbizio handiagokoa» izatea. «Aldaketa ez da perfektua. Sabaian itoginak ditu, eta hormei kolore gehiago eman behar diegu, baina badakigu non diren itogin horiek, eta badakigu zer kolorerekin margotu behar ditugun paretak: gorri, more eta berde», aldarrikatu zuen, Nafarroaren, feminismoaren eta ingurumenaren aldeko politiketan sakontzeko beharrari erreferentzia eginez.

Izan ere, koalizioak aldarrikatu zuen aldaketa «bigarren fasean» sartu behar dela eta aurreko lau urteetan egindako norabide aldaketan aurrera egin behar dela: «Jada ez da nahikoa murrizketei buelta ematea edo egoera bidegabeak desegitea. Orain, Nafarroa itotzen duen erregimena desegiteko asmoa dugu».

Aldi berean, Nafarroaren subiranotasuna aldarrikatu zuen Ruizek. «Goizean, irratiko eztabaida batean Maria Txibitek azpimarratu du Nafarroa ez dela burujabea, foru erkidego bat dela. Bai, badakigu hori, baina gure asmoa da burujabe izatea, bere erabakiak bere kabuz har ditzan». Horregatik, arriskutsutzat jo zuen Nafarroa eta foruak defenditzen dituela dioen UPN «Ciudadanosen eskutik» joatea.

Ideia berari heldu zion Iruñeko alkategaiak, Joseba Asironek, ekitaldiaren hasieran. Bere hitzaldian, historialari gisa, 1893an Espainiako orduko gobernuak egindako erasoen aurka Nafarroako herria altxatu zeneko Gamazada ekarri zuen gogora: «Berriro datoz erasora. Eskubide historikoen aurkako eraso handiena jasatear gaude, baina, oraingoan, etxe barruan dugu otsoa», ohartarazi zuen Asironek, eta gogora ekarri zuen UPNren eskutik doazela bai Ciudadanos, bai PP. «Gogoratu ezazue Pablo Casado udan Iruñean izan zenean Alde Zaharra Varsoviako ghettoarekin parekatu zuela».

Asironek esan zuen ezen 2014an, «orain dela lau urte eskas», zuri-beltzeko Iruñea zela nagusi: ikurrina jazarria zen, auzoetan Olentzero eta festa herrikoiak zigortzen ziren, euskara «gutxietsia» zen, eta gurasoek ez zuten umeak euskarazko haur eskoletan matrikulatzerik. Horren aurrean Iruñea «koloretsu eta ireki» bati bide eman diotela nabarmendu zuen. «EH Bildu da alkatetza lortzeko aukera bakarra duen ezkerreko indarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.