Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa. Marisa de Simon. Ezkerrako zerrendaburua

«Gure ikuspegia defenditu dugu beti, ardura horri izkin egin gabe»

Historikotzat jo du lehen aldiz lau indar ados jartzea, eta zeregin horretan Ezkerrak «ezinbesteko rola» jokatu dutela dio. Berriro ere gehiengoa lor dezaketelakoan dago: «Ez dut beste hipotesirik aurreikusten».

joxerra senar
Iruñea
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Marisa de Simon (Burgos, Espainia, 1959) Ezkerrako zerrendaburua erabat sinetsita dago aldaketak beste legealdi bat egingo duela. Lau urteoi begira, lan handia egin dutela deritzo: «Historia egin dugu. Ildo eta nortasun desberdineko lau indar ados jarri gara, UPNk eta PSNk ezarritako bazterketari eta murrizketei aurre egiteko».

Egungo testuinguruan, laukoaren kohesioa balio bat da?

Jakina. Lau indarretako bakar batek ere ez dio bere proiektuari uko egin. Akordio programatikoak zuzendu du gobernuaren ekintza. Desadostasunak izan ditugu, baina hori da demokrazia. Atal batzuk aurrera atera dira Ezkerraren bultzadaz. Gai izan gara aurre egiteko eta geure posizioa ezartzeko.

Zerrenda bakarraren auzian edo Euskararen Legean adostasuna ez da posible izan. Zergatik?

Nik ez dut horrela ikusten. Hizkuntza propio gisa, guztiona den euskara gerturatzeko eta gizarteratzeko neurri oro babestu dugu. Adibidez, iragan legealdiko legearen aldaketa neuk sinatu nuen. Errealitate egin da Nafarroan ikasle orok familiak aukeratutako ereduan ikasi ahal izatea. Lan eskaintza publikoaren auzian, guk beti finkatu dugu geure posizioa, eta erakutsi dugu posible dela diferenteen artean agintzea, norberaren proiektuari uko egin gabe. Legeari dagokionez, lantalde bat osatu da.

Zer balio izan du batzorde horretan egin den lanak?

Ez dugu eztabaida saihestu. Inork ezin du esan Ezkerrak ez duela euskararen alde apustu egin. Borondatean oinarrituta, inposiziorik gabe. Batik bat, araua egokitu behar da zonalde bakoitzaren baldintzetara. Hori da euskararen alde egitea.

Aldaketaren zer balorazio egiten duzu?

Oso positiboa. UPNren eta PSNren gobernuen benetako alternatiba eraginkor bat eraiki dugu, ezkerrekoa. Lehen aldiz, desberdinen arteko akordio bat hitzartu da. Bazterkerian eta murrizketetan oinarritutako Nafarroa gris hori irauli digu. Ez du atzera-bueltarik.

Oposizioak kritikatu du agenda nazionalista agenda sozialistari gailendu zaiola. Hala da?

Erabat gezurra da. Akordio programatikoak bi zutabe nagusi ditu: lehentasun soziala eta aniztasuna; ez dadila nortasun bat bestearen gainetik inposatu. Inklusioaren aldeko Nafarroaren alde egin dugu. Zenbaitetan gure posizioak defenditu behar izan ditugu. Zer gertatu da? Hor daude gehiengoak. Beti defenditu dugu gure ikuspegia, aurrez aurre, ardurari izkin egin gabe. Beste batzuk izkin egin nahi izan diote.

Zer autokritika egiten duzu?

Ez gara gai izan AHTa geratzeko. Ez dugu gehiengo nahikorik lortu. Ez dugu ere irakaskuntza publikoa nahikoa sustatu. Aurrerapausoak eman dira hezkuntzako azpiegituretan, lan eskaintza egin da, baina ez da langileria handitu, ez ikastetxeen eskaintza publikoa zabaldu. Erlijioaren irakasgaiak hor jarraitzen du; banka publikoa ez da posible izan...

AHTa aipatuta, Geroa Bai izan ezik, beste hiru bazkideak aurka zaudete, baina proiektuak aurrera jarraitzen du. Aurrera egin ahala desadostasunak handituko dira?

Beti egongo dira desadostasunak. Lanean jarraituko dugu gelditzeko, ez baitu ezertarako balio. AHTak ez du merkantziarik garraiatuko, ez eta Nafarroan tarteko geltokirik izango ere. Horregatik, Geroa Baik, UPNk eta PSNk diskurtsoa aldatu dute eta errealitatea onartu. Baina, gainera, ekonomikoki inbertsio horri ezin zaio luzaroan eutsi, eta ingurumenarentzat eta gizartearentzat onurarik ez dakar. Tren sistemari dagokionez, Europako zabalera egokitu behar da, eta Frantziarekin zein itsas portuekin lotura egin. Gure apustua tren soziala da, eta hasieratik argi dugu. Beste batzuek epelkeriaz jokatzen dute.

Zerga erreforma bultzatu duzue, eta diru sarrerak lau urtean 770 milioi handitu dira hazkundearen eta erreforma horren ondorioz.

Apustu argia eta ausarta egin dugu. Erreformari esker, 513 milioi gehiago bildu dira. Horietatik %70 gizarte gaietara bideratu dira. Hala ere, enpresa handien etekinetan edo ondasun zergetan gehiago egin daiteke. Zerga kenkari batzuk berrikusi behar dira: emakumeak kontratatzeko kenkariei eutsi diezaiekegu, industrian gaur egun hamar langiletik bat delako emakumea eta aukera berdintasuna sustatu behar delako. Baina beste kenkari batzuk kendu behar dira.

Aldaketak gehiengoa lor dezake berriro?

Bai, jakina. Herritarrek jakingo dute bereizten lau urteotan egin duguna.

Zergatik ez duzue Ahal Dugu-rekin bat egin? Ezkerrak botoen %3tik behera geratzeko arriskua du?

Ez dugu halako mehatxurik ikusten. Boto eta parlamentari gehiago lortzea espero dugu. Edonola ere, alderdien eta militanteen erabakia izan da. Apirilaren 28ko bozetan testuingurua diferentea zen. Eskuin muturraren mehatxua ikusirik, Pedro Sanchezek modu alderdikoian baliatu du zentsura mozioaren ondorena. Egoera horretan, elkarrekin boto gehiago bil genezakeen.

PSNk orain dio benetako ezkerra eurak direla.

Argi esango dut: benetako ezker eraginkorra, serioa eta ezinbestekoa gara. Gure eremua argia da. Koherenteak gara, eta esaten duguna betetzen dugu. Gestiorako gaitasuna ere erakutsi dugu. Ezinbesteko rola jokatu dugu aldaketarentzat; ezkerra izan gara. Alderdi sozialista ez da hori, eta haren ibilbidea ikusi besterik ez dago. Egun batean diote Ezkerra desagertu egingo dela; beste batean, nazionalistak garela, eta beste batean, gurekin lan egin nahi dutela. Argitu dezatela zer jarrera duten.

PSNk dio zuekin, Geroa Bairekin eta Ahal Dugu-rekin hitzartu nahi duela, eta EH Bildu alboratu. Nola aurre egingo diozue?

Emaitzak ikusi beharko ditugu, baina ez dut egoera hori aurreikusten, inondik inora. Hala ere, gauza ez da norekin doan bakoitza. Guretzat giltzarria programaren edukia da. Auzia ez da batzuk edo besteak baztertzea, baizik eta gobernu akordioa eta herritarren bizimoduak aldatzeko politikak zehaztea.

Eta egungo akordio programatikoak zer esan nahi du?

Erreferente bat da, baina harago joan behar da.

PSN baldintzak jartzen hasten bada, laukoak elkarrekin jardun beharko luke?

PSNri galdetu beharko zaio hori. Gure apustua da aldaketan sakontzea eta ezkerrerantz egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.