Albistea entzun

Pilar Garrido. Ahal Dugu-ko EAEko idazkari nagusia

«Erreferentziazko ereduak dauzkagu lurralde gatazkak konpontzeko»

Madrilgo kanpainari «adi» dago Garrido, eraginak erkidegoaren mugak gaindi ditzakeelako. Halere, «indartsu» nabari du Sanchezen gobernua: «Ez dago alternatibarik; hori ona da Podemosentzat».
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2021eko maiatzak 2

Madril, Bilbo, Donostia... Gelditu gabe dabil azken egunotan Pilar Garrido (Esparragosa de la Serena, Espainia, 1966). Eta, etzi, Madril; Ahal Dugu-ko Euskal Autonomia Erkidegoko idazkari nagusi eta Podemosen zuzendaritzako kideak uste du asko dagoela jokoan hango hauteskundeetan.

Madrilera begira?

Bai. Asteartean urduri egongo naiz, adi. Asko dugu jokoan; ez soilik Madrilen, baita estatuan eta Euskadin ere. Eskuinaren sarrera galaraztea baldintza bat da estatu gero eta demokratiko batean sakontzeko. Edo guztiz kontrakoa: atzera egiteko.

Euskal ikuspegitik, zer dago jokoan?

Bi elementu daude; Madril bera da bat. Madril da botere mediatiko eta ekonomiko guztiak eta instituzio nagusiak dauden hiria. Horrek eragiten du Madrilen gertatzen dena estatu osora zabaltzea. Bestetik, euskal herritar gisa, iruditzen zait hauts dezakeela iruditeria bat, ikusten ez dugun Madril eta Espainia batena; askatasunen aldekoa, eskubideen babesarena. Euskal herritarrok Espainia horrekin sendotu nahi ditugu loturak. Eskuin muturra sartzen bada, beste garai batzuk gogoraraziko dizkigu.

Gailentzen ari den jokalekua «faxismoa edo demokrazia» da.

Vox indar faxista, matxista, misoginoa, arrazista da. Orain, bere izenaz deitzen ari zaio. Pertsona publiko batzuei heriotza mehatxuak egitera iritsi behar izan du indar politiko horri bere izenaz deitzeko.

Duela aste batzuk, PSOEren eta Ciudadanosen arteko gerturatze bati buruz hitz egiten zen, baina Ciudadanos desegiten ari da.

Ciudadanos eskuinen hirugarren hanka da; C's eta Vox PPren adarrak dira, eta espazio horretan botoak birmoldatzen ari dira. Alternatiba indartsu bat dago, egun koalizio gobernua sostengatzen dutenak, estaturako proiektu alternatibo bat defendatzen dutenak: estatu demokratikoago, justuago eta feministago baten aldekoa.

Podemosi ondo datorkio PSOEk beste gobernu alternatibarik ez izatea? Tentaziorik izanda ere, PSOEk ez du beste aliatu posiblerik.

Egia da PSOEk joera izan duela Ciudadanosi begiratzeko eta aliantzak bilatzeko. Ez dago alternatibarik, eta Podemosentzat hori ona da, gehiengo progresista eta ezkertiarraren botoek gehiengoa izatea eta horrek gobernu progresistak eta ezkertiarrak ahalbidetzea; ez soilik estatuan.

Kohesionatuta dago Sanchezen gobernua? Legealdia amaitzeko moduan?

Gobernu indartsua da, legealdi osoa iraungo duena. Proiektu bat eta bide orri bat dauzka, legealdirako sinatutako akordio bat, eta bi alderdiak jabetzen gara salbuespen egoera honetan bide orri hori betetzearen garrantziaz. Gainera, koalizio gobernu horren politikak babesten dituzten indarren babesa dugu. Euskal herritar gisa, uste dut gobernu ona dela eta poz handiak emango dizkigula.

Zer aldatuko du Pablo Iglesias gobernuko presidenteordetzan ez egoteak?

Bide orriari eta gobernuak onartuko dituen neurriei dagokienez, ez da alderik egongo. Bide orria ezarrita dago. Baina garrantzitsua da Pablo Madrilgo erkidegora joan izana eskuin muturraren arriskuari aurre egitera.

EAJ kritiko mintzatu izan da Iglesiasekin. Erosoago egongo da aldaketarekin?

EAJrekiko harremanak ez dira aldatuko. Beste kontu bat da EAJri ez zaiola gustatzen pentsatzea egunen batean koalizio gobernu bat osa daitekeela, non alderdietako batek proiektu politiko bat izango duen eta legitimoak iruditzen zaizkion interesak defendatuko dituen. Irudi horrek beldur pixka bat ematen dio, Euskadin funtzionatzeko duten modu desberdinagatik, PSE nahikoa subalternizatuta baitago.

Gehiengoengatik?

Ez dut uste; gehiago da alderdi bakoitzaren izaeragatik. PSOE eta gu alderdi diferenteak gara: modu desberdinean jokatzen dugu, eta, koalizio gobernu bat osatzen dugunean, adostutakoa betetzea espero dugu bazkidearengandik. Horrek tentsioak eragin ditzake. Natural egin dugu gai batzuetan iritzi ezberdinak izatea; monarkiaren kasuan, adibidez, guk gure iritzia dugu, eta azaltzen jarraituko dugu. Egiteko modu hori natural bihurtu dugu, eta bestelakoa da PSEk Euskadin egiten duenarekin konparatuta.

Ahal Dugu-ko idazkari nagusi izateaz gain, Podemoseko Nazioaniztasun idazkaria ere bazara. Arlo horretan, zein da zure egiteko premiazkoena?

Ahal Dugu-ko idazkari nagusi aukeratu nindutenean, uste nuen estatu mailako zuzendaritzan neuzkan eginkizunak bat etorriko zirela Euskadi bezalako lurralde batean idazkari nagusi izatearekin. Alde horretatik, nire egitekoetako bat da pentsatzea nola planteatuko dugun lurralde berrantolaketa eredu berri bat, non euskal herritarrok asko dugun esateko. Uste dut daukagun estatu autonomikoa hilda edo hil hurren dagoela, eta pentsatu behar dugu nola konpondu oraindik konpondu ez dugun gatazka nagusietako bat.

Eztabaida Espainiako Gobernura eramango duzue?

Zuhurrak izango gara. Orain pandemian gaude, eta arlo horretan nire egitekoa apur bat baztertuta dago, premiazko erronkak dauzkagulako. Lehenik, eztabaida alderdi barruan egin behar dugu, baita Euskadin ere, sozializatu egin behar dugu, pauso egokiak emateko eta euskal gizartearen gehiengoa integratu dezakeen konponbide bat lortzeko; sentsibilitate ezberdinek dauzkagun desirak konpontzeko. Ez nuke esango hau lege proposamen batekin konpontzen denik; eztabaida zabaldu behar da, modu zintzoan eztabaidatu, gauzak aldatu behar direnaren ikuspegiarekin. Hortik aurrera, ikusiko dugu zein den bide orria.

Hala ere, orain arte Podemosek egin du bide bat; erabakitzeko eskubidea eta estatutuaren erreforma bereiztea, eta Espainian argitasun lege bat planteatzea.

Egia da mahai gainean dagoela argitasun lege bat. Nik uste dut badagoela adostasun zabal bat -ez diot Podemosen, baizik eta orokorrean- erreferentziazko ereduak dauzkagula lurralde gatazkak konpontzeko: Quebec, Veneziako Batzordea... Badaude elementuak esateko zein den jarraitu beharreko bidea lurralde gatazkak konpontzeko. Argitasun Legeak lagundu dezake gatazkak konpontzen. Edozein moduz, gakoa da eztabaida zabaltzea, eta herritarrei erakustea gai garela sentsibilitate ezberdinak batzeko eta beste lurralde eredu bat pentsatzeko, lurralde baten eta bestearen beharrei erantzungo dien eredu bat. Guk errepublika feminista, solidario eta nazioaniztuna dugu ortzimugan, eta bitartean pausoak eman behar ditugu.

Eztabaida zabaltzea aipatzen duzu. Legebiltzarrean, eztabaida hori geldirik dago. Noiz arte?

Eztabaida oso garrantzitsua da, baina uste dut ez dela premiazkoa. Uste dut urgentziak beste leku batean daudela, eta alderdi guztiak bat gatozela horretan. Pentsatu behar dugu nola irteten garen pandemia honetatik, eta ulertzen dut eztabaida hori pixka bat atzeratuta geratzen dela.

Epe laburrera begira: maiatzaren 9an alarma egoera amaitzean, zer?

Orain segurtasuna eta ziurtasuna eman behar zaizkie herritarrei, eta osasuna, eskubideak eta ongizatea babestea. Uste dut desegokia dela azken asteak forma juridikoaz eztabaidatzen igarotzea; nik espero dudana da, garaia iristean, [Iñigo Urkullu Jaurlaritzako] lehendakariak eta [Pedro Sanchez Espainiako] Gobernuko presidenteak eztabaida hori utzi eta erabaki egokiena hartzea. Berdin dit zer izen jartzen dioten, baina lehentasunak herritarren osasuna zaintzea izan behar du. Ardura eskatzen diet. Bestela, herritarrek ziurgabetasuna izango dute.

Zer moduz ari da Jaurlaritza izurria kudeatzen?

Jaurlaritza noraezean dabil kudeaketan. Ikusi dugu erabakiak hartzeko orduan: batzuetan kontrajarriak izan dira; argiak ez behintzat. Ikusi dugu txertaketa erritmoan: ez da izaten ari espero zena. Lehendakariak lanari ekin behar dio, eta erabaki egokiak hartu, ausart, beti pentsatuz herritarren ongizatean eta osasunean. Bide horretan aurkituko gaitu. Baina Jaurlaritzak, gehiengo absolutuarekin, joera dauka gauzak bere modura egiteko, eta kritikatu dugu. Formak oso garrantzitsua dira politikan. Eskua luzatzeaz mintzo denean, hori ekintzetan islatu behar da; guk proposamen asko egin ditugu, ongi pentsatuak, eta ez dugu erantzunik jaso Jaurlaritzaren aldetik. Orain pandemiaren aurkako legearekin ari gara; gabezia asko ditu, eta hori hobetzeko proposamenak egin ditugu. Badirudi lehendakaria entzuteko prest dagoela, eta espero dut hutsik ez egitea.

Legealdiko lehen hilabeteetan, oposizio osoak salatu zenuten Jaurlaritza alperra pasatzen ari zela. Atzo [ostegunean], Urkullu eta Miren Gorrotxategi bildu ziren pandemiaren aurkako legeaz hitz egiteko. Jarrera aldaketa bat sumatu duzue?

Guk oposizioa egingo dugu, baina aldi berean arduratsuak gara. Ez diogu utzi proposamenak egiteari. Gaur-gaurkoz, asmoak daude: Jaurlaritzak ados jartzeko asmoa adierazi du. Nik diot asmo hori adierazi dela beste batzuetan ere, baina azkenean ez direla gai izan gure proposamenak beren egiteko; bertigoa dutelako, beren bide orrian ez dauden aldaketak onartzea litzatekeelako… Kasu honetan, egoera berean gaude; ematen du borondatea dagoela, baina ez nuke lepoa jokatuko, alperra pasatzeko joera ere hor dagoelako.

Ekainean izendatu zintuzten Ahal Dugu-ko idazkari nagusi. Zein fasetan dago alderdia?

Oso momentu lasaian, oraintxe alderdi oso kohesionatua gara. Egia da pandemiak ez duela presentzialtasuna eta eztabaida ahalbidetzen, konplizitateak sortzen… Hori falta da. Baina bide bat egin dugu; barneko ordezkariak aukeratu, zirkuluenak... Lan hori guztia egin da, eta alderdia ongi antolatua dugu kanpora ateratzeko eta eraldaketa sozialerako tresna on bat izateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©EUSKALTZAINDIA / BERRIA

Pentsalari poliedrikoa

Igor Susaeta

Federiko Krutwigen jaiotzaren mendeurrena da gaur. Erreferentziazko intelektuala izan zen, eta haren ibili oparoko lan garrantzitsuenetako bi dira Euskaltzaindia berritzeko proposamena 1949an, eta ETAren V. Biltzarreko txostenak.

Justizia errestauratiboaren alde egin du Artolazabalek

Berria

Biktimek eta espetxe ereduak ez dutela zertan antagonikoak izan adierazi du Eusko Legebiltzarrean
Hamaika Gara kanpainaren agerraldia atzo Bilbon. ©MARISOL RAMIREZ/FOKU

Mobilizaziora deitu du Gure Eskuk, Bilbon

Maialen Arteaga

Uztailaren 3an egingo da, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko ekintza «politiko eta kulturala»izango da. Hamaika Gara sinadura bilketatik abiatuta, beste egitasmo batzuk hasiko dira gaur zortzi

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.