urtzirrutikoetxea
AEB. Kongresurako hauteskundeak. ANALISIA

Trumpismoa galtzaile

2022ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Agintaldi erdiko bozak boterean dagoen alderdiari buruzko erreferendumtzat hartu ohi dira, eta gehienetan herritarrek Etxe Zuriko bizilaguna zigortu ohi dute. «Badirudi presidentea hautatzeak balio duela, eta ez Kongresuak. Pentsa zenbat gauza lortuko genituzkeen 2014an Senatuari eutsi izan bagenio», gogorarazi zuen Barack Obamak larunbatean Filadelfian, neurri zehatzak aipatuz: CO2 emisioekin hasi eta abortatzeko eskubide konstituzionala ezabatu zuten Auzitegi Goreneko epaileen izendapenera.

Ikusi gehiago:Erresistentziaren porrota

Inflazio-datu historikoekin eta presidentearen onarpen-maila oso behetik, demokratentzako kolpe gogorra espero zen astearteko bozetan. Baina Dobbs auzia iritsi zen uda hasieran: 50 urte lehenago Roe vs Wadeauzian ezarritako aurrekari konstituzionala bertan behera geratu zen. Beste ezeren gainetik boterea eta bere burua maite dituen Donald Trumpek alderdi barruan ohartarazi omen zuen Dobbs-ek K.O. zirudien alderdi demokrata jokoan sartzen zuela berriz. Mezu zuzena bidali diete estatubatuarrei: 50 urtez izan duzuen eskubidea berreskuratzeko modu bakarra Kongresuan gehiengo demokrata izatea da.

Washingtonen, Chicagon, New Yorken, Los Angelesen protesta jendetsuak egin dituzte, baina mobilizazio esanguratsuena ziur aski Kansas kontserbadorean izan zen: Inguruko estatuak abortua debekatzen ari ziren bitartean, estatu horretako konstituzioan jasota zegoenez abortu-eskubidea, ezin zen auzo-estatuen antzeko neurririk hartu. Saiatu ziren, konstituzioa aldatzeko erreferendumera deitu zuten, eta Kansaseko feministek eta progresistek oro har erronkari heldu eta galdeketa irabaztea lortu zuten. Ondorioa: asteartean hiru estatu aurrerakoik abortatzeko eskubidea konstituzioan sartzea onartu zuten erreferendumean, eta Kentucky kontserbadoreak ere ezetz esan zuen abortatzeko eskubidearen aurkako galdeketa batean.

AEBetako bozak azaroan izan ohi dira, baina udaberrian da lehia nagusia, alderdi bakoitzak hautagaiak hautatzeko egiten dituen primarioetan. Donald Trumpek bere jarraitzaile leialenak, muturrekoenak sarritan, kokatu zituen zenbait hautagaitzatan. Barruti batzuetan primario-sistema bera zalantzan jartzen duen bultzada taktiko bezain arriskutsua izan zuten lotsarik gabe bertako demokraten aldetik —bai, zurea ez den alderdiaren primarioetan ere parte hartu dezakezu AEBetan—. Errepublikano batzuek, Mitch McConnell senatuko taldeko buruak kasurako, zalantza egin zuen hautagai egokienak ote ziren.

Laburbilduta: Trumpek babestutako hautagai batzuek garaipenak lortu dituzte, Ohion kasurako, baina, oro har, presidente ohiaren eskuin muturreko hautagaiek harengandik urrunago egon direnek edo are kritiko izan direnek baino emaitza eskasagoak izan dituzte. Eta lehia estua denean, batera edo bestera egiten duten boto horiek garrantzi handia dute: Brian Kemp errepublikanoak —ez zion jaramonik egin 2020ko emaitzak ez onartzeko Trumpen aginduari— argi irabazi ditu Georgiako gobernadore izateko hauteskundeak Stacey Abrams demokrata karismatikoaren aurrean. Herschel Warnock Senaturako hautagai polemiko trumpistak berriz, Raphael Warnocken aurka galdu du, nahiz eta bigarren itzulia beharko duten abenduan, inor ez baita botoen %50era iritsi. Arizonan boto ugari falta dira zenbatzeko, baina demokratak nabarmen aurretik doaz bai gobernadore- bai senatari-bozetan. Horiek horrela, Nevadan Adam Laxalt euskal jatorriko hautagai trumpistak emango lioke 50. aulkia alderdi errepublikanoari, posta bidezko botoetan orain arteko gehiengoari eutsiz gero. Ez du erraz izango.

Zenbaketa amaitzeko zertxobait falta da, eta, lehia estuek edozein aldaketa ahalbidetzen badute ere, joera honekin jarraituz gero, demokratek biharamun goxoa izango dute, baita Ordezkarien Ganberako gehiengoa galdu eta errepublikanoek bospasei aulkiko aldea balute ere: iragarritako olatu errepublikanotik oso urrun legoke, eta Etxe Zuriaren lana errazagoa izango da datozen bi urteetan. Baina agindutakoa betetzea ere badator: abortatzeko eskubide konstituzionala onartzea, esaterako, Auzitegi Gorenak ez dezan hura ezabatzerik izan.

Astelehenean Trumpek 2024ko presidentzialetako hautagaitza iragarriko zuen zurrumurrua egon zen. Gogorik ez zaio falta, baina errepublikanoek lortu dute kanpaina egon den bitartean ez egitea. Datorren asterako iragarpen handi bat aurreratu du presidente ohiak. Ikusi beharko da, baina emaitza hauek mezu argia dira alderdi errepublikanoan hautagai bila hasteko. Euretako bat argi dago: Ron DeSantis Floridako gobernadorearen garaipen argiak bultzada garrantzitsua ematen dio Etxe Zurira begira jartzeko. Trump bezain eskuindar eta populista da, baina presidente ohiaren nabarmenkeriarik gabe.

Demokratei aldatu egin zaie oso iluna zirudien legegintzaldiko azken bi urteen perspektiba. Estatubatuarrek errepublikanoak zigortu dituzte, Joe Bidenen politikak txalotu baino gehiago. Urrea balio duen denbora irabazi dute Etxe Zurian eta alderdi demokratan, aldaketa garrantzitsuak egiteko. Emakumeei beren gorputzarekiko kontrola itzultzetik has litezke. Eta beharbada 2024rako ilusioa piztu dezakeen hautagaien bila ere hasi beharko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.