urtzi urkizu
ANALISIA

'Erdaraldia' ari du pantailetan

2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Joan zen Pantailaldia. Gaztealdian protestak egin zituzten gazte euskaltzaleek —haietako bat EITBren egoitza aurrean, ETB2ko saioen afixekin—. Eta Euskaraldia bete-betean daude orain milaka euskaltzale. ETB1ek Euskaraldiari eskainitako saio bat emango du gaur, 22:00etan. ETB2n, ordea, ez da Euskaraldia inondik inora antzematen, eta Pantailaldia oharkabean joan zen. Euskaraldiko lehen egunean, ETB2ko albistegietan eta saioetan eman zuten bideoren bat, baina euskarari tokia egiteko asmorik ez da ikusi.

Bitartean, euskararen erabilera atzeraka ari da nabarmen udalerri euskaldunetan. Hala diote datuek —Eustatek emandakoak xehatu zituen Uemak azaroaren 16an—. «Euskararen indarberritzea ezin da ulertu ahalegin indibidualen batuketa baten moduan», esan zuen Iñaki Iurrebaso soziologo eta EHUko irakasleak, arrazoiz eta argudioz.

Bitartean, kezka nabarmena da kaleetan eta ikastetxeetako jolasguneetan haurrak erdaraz ari direlako. Erdaraz nagusiki.

Joan zen Pantailaldia, eta pantailetan Erdaraldia ari du. Sakelako telefonoetan, tabletetan eta telebista konektatuetan milaka eduki sartzen dira egunero, eta ia guztiak gaztelaniazkoak dira Hego Euskal Herriko gazteen gailuetan, eta frantsesezkoak Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako neska-mutikoenetan.

Aukerak badira zenbait eduki euskaraz ikusteko, bai. Baina euskarara bikoiztutako lanak asko gutxitu dira duela bi hamarkadatik hona. Eta, egon, badaude lanak euskaraz egiten dituzten sortzaileak;edonola ere, Lander Arretxeak zutabe batean ohartarazi zuen gazteentzat egiten dena diru gutxiago inbertituta eta modu prekarioan egiten dela.

Kalitatezko ikus-entzunezkoak egitea ez baita berez merkea. The Lord of The Rings: The Rings of Power telesailaren lehen denboraldiko atal bakoitzak 56 milioi euro inguruko kostua du. 2023. urterako ETB2k izango duen aurrekontu bera. Askok pentsatuko dutenaz bestera, zazpi milioi gehiagoko aurrekontua izango du ETB1ek ETB2k baino: 63,5 milioi eurokoa. Kirolak kenduz gero, ordea, ETB2k aurrekontu handiagoa luke.

Bitartean, ezin konta ahala dira pantailetara erdaraz sartzen diren telebista kateak, plataformak, influencer-en bideoak eta bestelakoak. Sosak ere halakoak dira: Netflixek 17.000 milioi euro inbertituko ditu edukietan 2023an. ETB3ren aurrekontua 2,6 milioi euro izango da. Primeran plataformarena, 3,5 milioi.

EITBrentzat testuingurua ez da batere erraza halako lehiakideei aurre egiteko. Zenbait telefonia operadoreren eskaintzan, ETB3 eta ETB4 ez dira agertzen—ETB4ren aurrekontua 762.000 euro izango da 2023an—; eta haurrentzako katea ez da Nafarroa osoan ikusten, nahiz eta iaz EH Bilduk hori adostu zuen PSOErekin. Gainera, ETB1en aukera ahaztu egiten dute zenbait ikus-entzulek, bestelako eskaintza erakargarriagoen aurrean.

Eta gauzak horrela, Primeran iritsi bitartean, kontsumitzaileak ohitu dira streaming plataformek ematen dieten esperientziara. SkyShowtime plataforma ere laster iritsiko da Euskal Herrira.

Zenbait euskaltzalek zalantzan jarriko dute, bide batez, ETB1ek zazpi milioi euro gehiago izatea ETB2k baino. Ez da gutxiagorako: sarri, tratu hobea izan baitute gaztelaniazko programek euskarazkoek baino. Tratu hobea baliabide ekonomikoetan eta promozioan, argi denez. Urteetan El conquistador del fin del mundo izan da EITBren izarra —reality-a gabe, ETB2 katearen ikusle kuotamaila apalean da azkeneko asteetan—. Albistegietan, halaber, oso nabarmena izan da urteotan gaztelaniak euskarazkoaren aldean izan duen nagusitasuna —ordutegi hobea izateaz gain, arduradunek Teleberri lehenesten dute—. Zinema eskaintzaren afera Eusko Legebiltzarrera ere iritsi da. Baina horretaz guztiaz gain, ohiko sentipena da gaztelaniaz eskaintzen denak duela pisua, eta zoko batean uzten dela euskaraz egindakoa. Gehiago sinesten dela gaztelaniaz egiten den horretan.

Euskaraldia da, ETB2k bere ohiko eskaintzarekin jarraitzen du, Madrilgo kate bat balitz bezala. EITBren sorrera legeak jasotzen zuen xedeari muzin eginda. Hortaz, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko 56,5 milioi behar badira ETB2rako, haren funtzioa berriro planteatzeko garaia izan daiteke. Galdetzeko, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.