EH Bilduren pausoa gutxiesten

EAJk egotzi dio «doan» eman diotela babesa PSOEren gobernuari, sostengua «oparitu» dutela. «Eragiten» segitu nahi du EAJk

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, atzo, legebiltzarrean. DAVID AGUILAR / EFE.
enekoitz esnaola
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Historikoki, EAJ izan da Espainiako Gobernuaren jardunean eragiteko aukera eduki eta hautua egin izan duen euskal talde abertzalea, baina EH Bilduk ere hasi nahi du rol hori jokatzen; «erabakigarria» izan nahi du, ERCrekin aliantza eginda, eta horren lehen seinalea izan da asteon PSOEren gobernuaren sei errege dekretu onartzeko Diputazio Iraunkorrean emandako botoa. Jeltzaleen goi karguak EH Bilduren pauso berria gutxiestera eta kritikatzera atera dira. «Ezker abertzaleak beti esan du EAJk bere burua saltzen zuela Madrilen plater bete dilistaren truke. Haiek, asteazkenean, hori ere ez; dilistak ere ez», esan du Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak, eta erantsi jeltzaleek, dekretuen alde bozkatzeaz gain, EAEk 1979ko estatutuko beste lau eskumen izateko konpromisoa atera diotela gobernuari. Ortuzarren arabera, EH Bilduk «doan» eman dio babesa.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak EH Bilduri leporatu dio Espainiako Gobernuari sostengua «oparitzea», eta aldiz Jaurlaritzak herritarrek bizi baldintza «duineak» izateko proposatutako neurrien kontra egotea. «Han bai, hemen ez», adierazi du; «kanpoan uso, etxean otso». Urkulluk azaldu du bera lehendakaritzan dagoenetik EH Bilduk sekula ez duela babestu bere gobernuaren «ahalegin kolektiboa». 2013tik, EAJk EAEren «egonkortasunerako» hitzarmena sinatuta dauka PSE-EErekin, eta, duela lau urtetik, bi alderdiak elkarrekin gobernatzen dabiltza erkidegoko instituzio nagusietan.

Mikel Legarda EAJko diputatu eta Kongresurako apirileko bozetarako Arabako hautagaiak laudatu egin ditu bere alderdiak «Euskadiren onurarako» dauzkan «serietatea eta negoziatzeko gaitasuna», eta espero du Madrilen «eragiten» jarraituko dutela.

Iñarritu, eskubide eske

Jon Iñarritu EH Bilduren Gipuzkoako hautagaiak esan du lan egingo dutela PPk, Ciudadanosek eta Voxek osatutako hiruko eskuindarrak gobernua ez hartzeko, orain lau urte PPk Gasteizko alkatetza ez hartzeko egin zuten bezala, baina «eskubide sozialak eta nazionalak» eskatuko dituztela PSOErekin «akordioa» lortzeko. «EAJk esaten zuen ez garela erabakigarriak Madrilen. Bagara». ERCrekin aliantza erdietsi izana ere nabarmendu du.

Iñarrituk alderdi jeltzaleari proposatu dio batera lan egitea «euskal agendaren alde» Espainiako Estatuan eta Europan. «EAJ oker dabil uste badu EH Bildu dela bere aurkaria Madrilen», nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.