Etxerat-ek eskatu du preso eriak eta 70 urtetik gorakoak aske uzteko

Kezka agertu du koronabirusa dela eta: «Arriskua eta zaurgarritasuna bikoiztu egiten dira kartzelan»

Etxerat elkarteak salbuespenezko espetxe politika salatzeko egindako agerraldia, joan den otsailean, Hernanin. ANDONI CANELLADA / FOKU.
enekoitz esnaola
2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Etxerat elkarteak adierazi du koronabirusa dela-eta bere «kezka nagusia» gaixorik dauden euskal presoak eta 70 urte baino gehiago dituztenak direla, eta haiek askatzeko eskatu du. «Arriskua eta zaurgarritasuna bikoiztu egiten dira espetxean, eta haiek askatzea ezinbestekoa da», esan du, ohar batean.

Etxerat-en esanetan, Espainiako Estatuko 30 erakundek baino gehiagok Barne Ministerioari eta Espetxe Erakundeei kartzeletan premiazko neurriak eskatu dizkiete, eta elkarteak atxikimendua agertu dio proposamenari. «Bide batez, Frantziako Estatuko autoritateei ere zabaltzen diegu eskaera, arrisku handiko taldeetan diren preso batzuk kalean izango zirelako fiskalaren blokeorik gabe». Bisita oro eten dela eta, Etxerat-ek dio presoei ezin zaiela senideekiko konexioa eten, eta beharrezkotzat jo du bideo deiak eta baliabideak doan izatea: «Ezin da sufrimendua areagotu».

Elkarteak joan den urtarrilaren 8an jakinarazi zuen «larriki eri» diren hemeretzi euskal preso zeudela orduan, eta batzuek «arrisku oso larria» dutela.

Bake Bidearen atzerapena

Koronabirusak eragindako egoera sanitarioagatik kezka adierazi du Bake Bidea elkarteak ere, eta apirilaren 8rako iragarri zuen mobilizazio eguna atzeratzea erabaki du. Apirilaren 4an, 30 urte beteko dira Jakes Esnal, Ion Parot, Unai Parot eta Frederic Haranburu Xistor euskal presoak kartzelaturik daudela. Egoera «onartezina» dela ikusirik, Bake Bideak 30 mobilizazioa egiteko dei egin zuen, Bakea eraikitzeko garaia delako, heriotza zigorrari ez! lelopean. Bide beretik, 2017ko apirilaren 8ko ETAren armagabetze eguna markatu nahi zuten egun horretan. Datorren astean esanen dute noiz eginen duten protesta eguna.

Frantziak atzeratu egin duJosu Urrutikoetxea euskal presoaren aurkako epaiketa bat.2011-2013an Osloko elkarrizketa mahaian ETAren ordezkaritzako kide izatea egotzi ziotela eta, hitzordua zeukan, Parisen, auziko kontu tekniko batzuk eztabaidatzeko, baina epaimahaiak erabaki zuen epaiketa uztailaren 8ra gibelatzea. Abokatuei aurrez abisatu zieten. Urrutikoetxea da eri dagoen presoetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.