Migrazio bidean hildakoak omendu dituzte Bizi-k eta SOS Arrazakeriak

Dozenaka herritar elkartu dira Hendaian, migrazio politika «duinak» eskatzeko. Europako estatuei egotzi diete politika «hiltzaileak» egitea

Hildako migratzaileen aldeko martxaren burua. GUILLAUME FAUVEAU.
jon olano
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Bizi mugimenduak eta SOS Arrazakeriak antolatuta, 85 bat pertsona elkartu ziren atzo Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) artean, migrazio bidean hil direnei omenaldi bat egin eta migrazio politika «duinak» eskatzeko. Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da gaur, eta gizarte mugimenduek bezperarako deitu zuten mobilizaziora, Migratzaileak: zubiak, ez harresiak. Etorkizuna, harrera, elkartasuna lelopean.

Biziren esanetan, 3.174 migratzaile hil ziren iaz, nahiz eta 2020an joan-etorriak mugatua egon ziren, eta «klima nahasmendua» jo zuen migrazioen iturritzat, «desberdintasun sozialekin» batera: «Migratzea norbere bizia arriskuan ematea da, dena uztea da, bizi hobe baten esperantzan, pobreziatik, gerlatik, errepresiotik, hondamendi naturaletarik ihesi joaitea da».

Europako herrialdeen erantzukizunari ere erreparatu zion elkarteak; salatu zuen «politika hiltzaileak» garatzen ari direla, eta horiek «gelditzera» deitu zuen: «Mugak ezin dira kontsideratuak izan politikarien esku diren joko gisa. Gure jendetasunak galdegiten ditu harrera politika duinak, berehalakoak eta praktikoak: zubiak eraiki behar dira, ez paretak».

Bidasoa ibaiaren ertzean amaitu zen martxa; bertan, agurra dantzatu zuten maiatzaren 22an Bidasoko uretan hilik topatutako migratzailearen omenez, eta lore sorta bat pausatu zuten ibaian.

Bestalde, Bilbon martxa bat egin zuten atzo, Murtzian (Espainia) motibazio arrazistaz hildako gizonezko baten alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.