Bere buruari botoa

EAEko Ahal Dugu-k Batzar Nagusietan bere hautagaia bozkatzeko asmoa du gaur-gaurkoz.Uriartek baztertuak ditu gobernu itunak

Arabako Podemos Ahal Duguko kideak, agerraldi batean. BERRIA.
enekoitz esnaola
2015eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
EAEko Podemos Ahal Dugu eratu berria da; «egonkortu» beharra dauka; «azkarregi» datozkio foru hauteskundeak, eta bozen ostean ez du «arriskatuko» inbestidura saioetan eta gobernu itunei buruzko elkarrizketetan. Horrela dio Roberto Uriarte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak. «Ondorioz, inbestidura saioetan geure hautagaien aldeko botoa emango dugu. Geure burua bozkatuko dugu», esan dio BERRIAri.

Maiatzaren 24an, EAEko Ahal Dugu bere markarekin Batzar Nagusietara baizik ez da aurkeztuko, eta, inkestek diotenez, inbestiduran oso garrantzitsua izan daiteke bere batzarkideen botoa. Diputatu nagusia hautatzeko saioan, lehenengo bozketan hartarako aurkeztutako hautagaiek gehiengo osoa lortu behar dute batzarkideen artean. Inork ez badu, bigarrenez egingo dute bozketa, eta batzarkideen artetik boto gehien lortzen duena izendatuko dute diputatu nagusi —hor berdinketa badago, hauteskundeetan boto gehien erdietsitako taldeko hautagaia izango da ahaldun nagusi—.

«Hauteskundeetan nonbait geu bagara lehen indarra eta beste talderen batek bozkatu nahi bagaitu, babesa jasoz gero, bakarrik gobernatzen saiatuko gara», iragarri du Uriartek. «Lehen indarra ez garenetan ere irizpide bera erabiliko dugu: geure buruari botoa». Horrez gain, aldundietako gobernu itunik ez du nahi. «Erkidego honetan lau indar handi daude [EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP]; lurraldeka, aniztasuna dago boterean; ibilbide handiko taldeak dira guztiak, eta gu, aldiz, berriak. Ahal Dugu indartuz eta egonkortuz joatea da gure estrategia, eta ez gara besteen jokoan sartuko. Gobernu itunak egiteko gauza ez dugu ikusten oraindik geure burua».

Uriartek ez du hasi nahi espekulatzen; adibidez, Gipuzkoan EH Bildu izango ote den lehen indarra eta Ahal Dugu-ren babesa beharko lukeen, edo Araban zer aukera leudekeen. Nafarroan, hura baino garbiago mintzatu da Laura Perez idazkari nagusia: akordioetatik baztertu dituen bakarrak UPN, PSN eta PP izan dira, eta UPNren gobernu alternatiboaz hitz egin du.

Barne kontsultaren aukera

Azaldutako hori da EAEko zuzendaritzaren irizpidea —taldeak hilabete baizik ez darama martxan—, baina erkidegoan alderdian izena emanda dauden hamabi mila lagunetatik %10ek inbestidurari edota gobernu akordioei buruz barne kontsulta egin behar dela eskatzen badute, egingo dute galdeketa, Podemosen antolakuntza dokumentuko 22. artikuluak ematen baitu aukera. «Nik uste dut egitekotan bi kasu hauetan baino ez litzatekeela egingo kontsulta: inbestiduraz eta gobernu akordioaz. Legealdian, aurrekontuen edo bestelako gai zehatzen inguruko erabakiak tokian tokiko taldeek hartuko dituztelakoan nago, betiere geure politika orokorrak kontuan hartuta».

Uriarte ziur dago EAEko erabakiak erkidegoan hartzen segituko dutela, nahiz eta alderdiaren antolakuntza irizpideen 8. artikuluak dioen Herritarren Estatu Biltzarrari dagokiola «Podemos osoan eragiten duten erabakiak hartzea, zernahi ere den gaia (sektorea edo lurraldea)». Duela bi aste, foru hauteskundeetara marka propioarekin aurkeztu ala ez eztabaida izan zuten estatuko zuzendaritzakoekin; Madrilgoek «marka zuriarekin» aurkez daitezen nahi zuten, baina Uriartek-eta lortu zuten Ahal Dugu modura aurkezteko erabakia aurrera ateratzea. «Garbi zegoen erabakia EAEn hartuko zela, ez Madrilen, baina konbentzitu egin nahi genituen. Hauteskunde osteko kontuak ere hemen erabakiko ditugu. Ez dut uste PSNri gertatu izan zaiona gertatuko zaigunik; Madrilek ez du eskurik sartuko».

Gehiengo osorako, 26 boto

Batzar Nagusietan gehiengo osoa izateko 26 batzarkide behar dira, 51 lagunek osatzen baitute ganbera. 2011n, inork ez zuen lortu halakorik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Araban PP izan zen garailea, 16 aulkirekin; bigarren, EAJ, 13rekin. Bizkaian, EAJ nagusi, 22rekin; bigarren, Bildu, 12rekin; eta Gipuzkoan, Bildu gailen, 22rekin; bigarren, EAJ, 14rekin.

Datozen bozetan ere ez da aurreikusten gehiengo osorik Batzar Nagusietan. Bi hilabete pasatxo falta dira maiatzaren 24rako, eta, gaur-gaurkoz, EAEko Ahal Dugu-k daukan irizpidea dauka. Harengan ere pisu handia dute Espainiako hauteskundeek. Kongresurako bozak udazkenean izango dira; Podemosek gobernura iristea du xede, eta, ordura arte, estatuko zuzendaritzak bereziki zaindu nahi ditu Hego Euskal Herriko mugimenduak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.